Eskubaloia

Beti Onak-ek Europan barrena bidaiatzen segitu nahi du

Atarrabiako taldeak bihar jokatuko du Europako Kopako final-zortzirenetako itzulerako partida, Turkiako Bursa taldearen aurka. Joanekoan gol baten aldeaz galdu zuten, etxean, baina lan ona egin zutela nabarmendu du Patri Encinasek.

Beti Onak-eko jokalariak, hutsarte batean, Bursaren aurkako joaneko partidan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Beti Onak-eko jokalariak, hutsarte batean, Bursaren aurkako joaneko partidan. AITOR KARASATORRE / FOKU
2026ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko denboraldia izaten ari da aurtengoa Beti Onak taldearentzat. Atarrabiako (Nafarroa) taldea lau txapelketa jokatzen ari da estreinakoz. Irailean Iberiar Superkopan parte hartu zuen, eta denboraldia amaitu bitarte beste hiru txapelketatan lehiatuko da: Liga, Espainiako Kopa eta EHFren Europako Kopa. Hain zuzen ere, txapelketa horretan segitzeko partida erabakigarria jokatuko dute bihar: final-zortzirenetako itzulerakoa. Turkian jokatuko dute, Bursa taldearen kontra. Nafarrek gol baten aldea irauli beharko dute. Izan ere, 24-25 galdu zuten iragan larunbatean. Patri Encinas jokalaria baikor da. Europan barrena bidaiatzen jarraitzeko irrikaz daude nafarrak. 

Aurrera jarraitu zein ez, Encinasek taldea Europan egiten ari den lana nabarmendu du. Izan ere, aurretik beste bi kanporaketa gainditu behar izan dituzte: lehen kanporaketa Ukrainako Galychanka Lviven aurka jokatu zuten, eta, estu bada ere, bi norgehiagokak irabazi zituzten. Hurrengo kanporaketan Suitzako Winterthur taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta orduan ere alde txikiz irabazi zituzten bi norgehiagokak. «Partidaz partida joan gara, eta arreta handiz aritu. Entrenatzaile taldeak esandakoa ongi bete dugu. Gainera, talde berria gara Europan, eta beste taldeentzat gu ezezagunagoak izatea dakar horrek». Oraingoan ere hala aritu behar direla uste du.

Berehala jarri da biharko norgehiagokari begira, eta joaneko neurketaren gakoak aztertu ditu: «Ondorio positiboak atera genituen. Partidaren hainbat momentutan gai izan ginen haiei aurre egiteko». Turkiako jokalarien esperientzia nabarmendu du: «Adinez gu baino nagusiagoak dira oro har, eta hori nabaritu egiten da. Europako txapelketetan eskarmentua dute, eta fisikoki jokalari indartsuak dira. Horrek gure jokatzeko sistema aldatzera behartzen gaitu». Dena den, baikor da: «Baliteke haiek zalantzak izatea, besteak beste, gol baten aldea dutelako soilik. Hori baliatu behar dugu». 

Ez da erraza talde batentzat lehen aldiz lau lehiaketatan aritzea, eta hori guztia nola bizi duten azaldu du Encinasek: «Ilusioz hartzen ari gara aurtengo denboraldia. Iberiar Superkopa jokatzea esperientzia ona izan zen. Europan ere, orain dela lau hilabete ez genuen espero iritsi garen lekura iristea». Maiatzean jokatuko da Espainiako Kopa, eta egungo txapeldunordea da Beti Onak: «Ilusioz hartzen dugu lehiaketa hori ere. Izan ere, joan den urtean klubaren historiako lehen finala jokatu genuen». 

«Partidaz partida joan gara, eta entrenatzaile taldeak esandakoa ongi bete dugu. Gainera, talde berria gara Europan, eta beste taldeentzat gu ezezagunagoak izatea dakar horrek»

PATRI ENCINAS Beti Onak-eko atezaina
Fase erabakigarria

Aurtengoa bezalako gehiago bizi nahiko lituzke atezainak. Denboraldia fase erabakigarri batean sartzear da: «Fisikoki lan handia egiten ari gara. Denbora gutxian norgehiagoka asko jokatzen ari bagara ere, taldeak errendimendu ona du. Talde moduan ondo funtzionatzen ari gara».

2022an iritsi zen Atarrabiara Encinas, eta «sasoi onean» dagoela dio. Bera da jokatzeko moduan dagoen lehen taldeko atezain bakarra. Olaia Luzuriaga min hartuta dago: «Olaiaren lesioa kolpe gogorra izan zen guztiontzat». Dena den, Encinasek ondo ikusten du bere burua: «Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta gehiago handitzen da partida onak egiteko aukera. Pozik nago, taldeari laguntzen ari naizelako. Ea bolada hau ahalik eta gehien luzatzerik daukagun». 

Taldeko beteranoetako bat da, eta horrek dakarren ardura nola daraman azaldu du: «Ez dut erantzukizun baten moduan hartzen beteranoa izatea, gozatu egiten baitut jokatzen. Egon naitekeen talderik onenean nagoela esan dezaket. Taldearen parte naizela sentiarazi didate hasieratik, eta urte luzez jarraitu nahi nuke hemen, klubak ere hala nahi badu». Encinas iritsi zenetik, klubak hainbat urrats egin ditu, eta hori guztia nola ikusi duen azaldu du Encinasek: «Garapena izugarria izan da. Klub profesional batek eduki beharreko ezaugarriak ditu Beti Onak-ek, eta hori garrantzitsua da. Hemen lan egiten duen orok modua ematen du denboraldi bakoitza aurrekoa baino hobea izan dadin, eta bertako jendeak emakumezkoen eskubaloiari lehentasuna ematea garrantzitsua da». Taldearekin batera epe laburrera dituen helburuak aipatu ditu: «Ahal dela, hiru txapelketetan bizirik mantendu nahi dugu».

Hori lortzeko gakoa erregularrak izatea da. Oraingoz, lortzen ari dira hori, nahiz eta asteazkenean gol baten aldeaz galdu zuten Porriñoren pabiloian, ligan: 23-22. Baina ahaztua dute dagoeneko, eta arreta osoa biharko partidan dute jarrita, Europan barrena egiten ari diren bidaiak gutxienez beste geldialdi bat izatea nahi baitute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.