Eskubaloia

Beti Onak: segida eman dio proiektuari

Aulkian Miguel Etxeberriak jarraituko du, eta zortzigarren denboraldia izango du hau. Bi jokalari baino ez ditu fitxatu Atarrabiako taldeak: Martina Lang ezker alborako, eta Edurne Donderis eskuin alborako.

Beti Onak taldeko jokalari eta entrenatzaileak lanean hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Beti Onak taldeko jokalari eta entrenatzaileak lanean hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko abuztuaren 3a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti Onak gaur hasi da denboraldiaurreko entrenamenduekin. Zortzigarrenez jarraian, Miguel Etxeberriak zuzendu du lehen entrenamendua, beste urte batez luzatu baitu kontratua. Orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi dio Atarrabiako taldeak, nahiz eta jokalari batzuek taldea utzi duten. Bosgarren denboraldia izango du Espainiako Ohorezko Mailan, eta jada bertan finkatzea lortu du. Aurreko denboraldian, adibidez, Europako Kopan aritu zen lehen aldiz.

Ez da aldaketa handirik izan jokalari multzoan. Bi jokalari fitxatu ditu oraingoz zuzendaritzak: Martina Lang ezker alborako, eta Edurne Donderis eskuin alborako. Lang Kanaria Handiko Ro’casa taldetik fitxatu dute, eta Espainiako Ohorezko Mailan hiru denboraldi jokatu ditu jada. Donderis Leganes taldetik iritsi da, eta Gazteen Europako Txapelketan eskuin alboko jokalaririk onenaren saria jaso zuen. Lehen denboraldia izango du maila gorenean, orain arte Espainiako Zilarrezko Mailan jokatu baitu. 

Jokalari garrantzitsu gehienak taldean geratu dira beste urte batez; hala ere, hiruk ez dute bertan segitzen: Kelly Fonkeng piboteak eta Maria Grasielly eta Aileen Ripa albokoek. Fonkeng Bera Berara joan da, Grasielly Malagara, eta Ripa Logroñora.

Ligako egutegia zein izango duen badaki jada taldeak. Irailaren 9an hasiko dira lehiatzen, eta derbia izango da lehen partidan: Bera Beraren aurka jokatuko dute, Gaskan. Etxeko lehen partida bigarren jardunaldian izango dute, irailaren 12an, Elda Prestigio taldearen aurka. Liga erregularreko azken norgehiagoka etxetik kanpo jokatuko dute, Malagaren aurka, maiatzaren 5eko asteburuan.

Denboraldi honetan aldaketak izango dira ligako txapelketa jokatzeko sisteman: ez da final-laurdenetako kanporaketarik izango. Soilik finalerdiak eta finala jokatuko dira; beraz, liga erregularrean lehen lau postuetan sailkatzen diren taldeek edukiko dute aukera bertan lehiatzeko. Finalerdietan bi partida jokatuko dira, eta finalean, beharrezkoa bada, beste bat ere jokatuko da. Nafarrek kanporaketak jokatu nahi badituzte, beraz, salto bat eman beharko dute denboraldian zehar, orain arte lortu duten posturik onena seigarrena izan da eta. Bestalde, ez da jaitsiera kanporaketarik jokatuko: liga erregularreko azken bi sailkatuak zuzenean jaitsiko dira kategoriaz.

Espainiako Kopa, etxean

Espainiako Kopa Iruñean jokatuko da, Nafarroa Arenan. Apirilaren 2tik 4ra bitarte izango da, eta, etxeko taldea izanda, bertan lehiatuko da Beti Onak. Bera Bera taldeak ere lekua ziurtatuta du, aurreko denboraldiko txapeldun izan baitzen. Orain, beste sei taldeak zein izango diren jakitea falta da. Aurreko denboraldian, Donostiako Gaska pabiloian jokatu zen. Atarrabiako taldeak badaki zer den Kopako final bat jokatzea: 2025ean izan zen, eta galdu egin zuen Bera Beraren aurka, 21-30. Oraingoan ere urrutira iritsi nahi du taldeak, eta zaleen aurrean txukun aritu.

Denboraldira sasoi egokian iristeko, lagunarteko batzuk jokatuko ditu taldeak. Abuztuaren 21ean eta 22an Donostian Egiako Txapelketa jokatuko du. Lehen egunean, finalerdian, Dijonen aurka neurtu beharko ditu indarrak, 18:00etan, eta emaitzaren arabera, hurrengo egunean, Bera Bera edo Logroñoko Sporting La Rioja izango du aurkari. Abuztuaren 26an, Oñatin (Gipuzkoa) jokatuko dute lagunartekoa, bertako eskubaloi taldearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko. Aurkaria Bera Bera izango da. Abuztuaren 29an Logroñon jokatuko du, 12:00etan, Sporting La Riojaren aurka. Denboraldiaurreko azken lagunartekoan, berriz, Anaitasuna izango du aurkari, irailaren 2an, 20:00etan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA