Erremontea

Bi bikote txapelaren peskizan

Jai Alai Summer Season txapelketako finala jokatuko dute gaur Galarreta pilotalekuan: Aritz Juanenea eta Kemen Aldabe Endika Barrenetxearen eta Endika Zubiriren aurka arituko dira.

Aldabe, Juanena, Barrenetxea IV.a eta Zubiri, finalerako pilota aukeraketan. ORIAMENDI
Aldabe, Juanena, Barrenetxea IV.a eta Zubiri, finalerako pilota aukeraketan. ORIAMENDI
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Finalera iristea ez da gutxi, baina guztiek dute desio txapel preziatua, eta, hain gertu izanda, are gehiago. Gaur jokatuko dute Jai Alai Summer Season txapelketako finala, Galarreta pilotalekuan (16:30), eta lehiaketako bi bikote indartsuenak ariko dira nor baino nor gehiago: Aritz Juaneneak eta Kemen Aldabek Endika Barrenetxearen eta Endika Zubiriren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Lehia estua izatea espero da. Horretaz jabetzeko, ligaxkan jokatu zuten partida ikusi besterik ez dago. Barrenetxea IV.a eta Zubiri nagusitu ziren, 1-2, baina gogor egin behar izan zuten lan. Lehen seta 12-15 irabazi zuten, bigarrena 15-14 galdu, eta hirugarrenean erabaki zen partida: 1-8 gailendu ziren Barrenetxea IV.a eta Zubiri. Eta, hain justu, bikote horrek amaitu du ligaxka lehen postuan: jokatutako hiru partidak irabazi dituzte, eta hamar puntu bildu. Juaneneak eta Aldabek, berriz, hirutik bi neurketa irabazi dituzte, eta zazpi puntu lortu. 

Finalera begira, hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Batetik, hauxe: txapelketan zortzi erremontistetatik bost postua aldatuta aritu dira, eta finalean lautik hiruk jokatuko dute horrela. Juanenea eta Aldabe bikotearen kasuan, aurrelari ariko da Juanenea atzelaria, eta atzelari Aldabe aurrelaria. Barrenetxea IV.a atzelaria ere aurrelari ariko da, eta Zubirik soilik jokatuko du bere postuan. 

Hain zuzen, Juanenea eta Aldabe dira biak postua aldatuta aritu diren bikote bakarra; bikain aritu ere. «Erronka» izan dela azpimarratu du Juaneneak, eta argi utzi du: «Bikotea egitea da inportanteena». Eta garbi dago bikote ona osatzen dutela. Iaz ere haiek izan ziren txapeldun, finalean Azpirozi eta Ansa II.ari nagusituta. 

Txapelketari gustu hartu diote, beraz. Batez ere Juaneneak. Orain arte izandako final guztiak jokatu ditu. 2023an Barrenetxearekin izan zen txapeldun, Azpirozi eta Larrañagari irabazita; 2024an galdu egin zuen finala Ansa II.a lagun zuela, Barrenetxearen eta Urrizaren aurka; eta 2025ean berriro izan zen nagusi. Horiek horrela, beste txapel bat jantzi nahi du: «Nire laugarren finala da jarraian txapelketa honetan. Hirugarren txapela lortuko banu, oso pozik egongo nintzateke». 

Horiek horrela, lau erremontistak finalerako gogoz eta ilusioz daude. Hala esan du Zubirik: «Partida oso ona jokatu genuen ligaxkan. Laurok hustuta bukatu genuen, eta hori ez da seinale txarra. Ea finala ere horrelaxe ateratzen den». Zubiri aurrenekoz ari da Jai Alai Summer Season txapelketa nagusian, eta finaleraino iristea, behintzat, lortu du. Eta nola, gainera: orain arteko partida guztiak irabazita. Iazko ekitaldiarekin alderatuta, Ansa II.aren ordez ari da.

Pilota desberdinak

Asteazkenean aukeratu zituzten pilotak lau finalistek. Juaneneak eta Aldabek pilota lehorragoen alde egin zuten, eta Barrenetxea IV.ak eta Zubirik biziagoak hautatu zituzten, bote handiagoa egiten dutenak. Taktika eta estrategia desberdinak erabiliko dituzte, beraz.

Orain artekoari erreparatuta, esan liteke Barrenetxea IV.a eta Zubiri direla faboritoak. Emaitzek hala diote, jokatutako hiru partidak irabazi baitituzte: 2-0 Aiestaran VII.aren eta Ezkurraren kontra, 1-2 Juanenearen eta Aldaberen aurka, eta 2-1 Azpirozen eta Larrañagaren kontra. Azken partidan estu ibili ziren. Galdu egin zuten lehen seta (5-15), baina neurketa irauli zuten gero (15-12 eta 8-4). 

Juaneneak eta Aldabek, berriz, hirutik bi irabazi dituzte. Aurrenekoan, 2-1 nagusitu ziren Susperregiren eta Larrañagaren kontra, bigarrena 1-2 galdu zuten Barrenetxea IV.aren eta Zubiriren aurka, eta azken lehia erabakigarrian ez zuten huts egin: 1-2 gailendu ziren Segurolaren eta Ezkurra II.aren kontra. 

Dena den, indarrak pareko jokatuko dute finala, eta edozer gerta daiteke. Bi bikoteak ariko dira txapelaren peskizan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA