Arrauna

Kaikuk gorenean segitu nahi du; Santurtzik, berriz, gorenera itzuli

Asteburu honetan jokatuko dituzte Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketak, Bermeon eta Portugaleten. Alexander Esteban Santurtziko entrenatzaileak eta Jon Elortegi Kaikukoak «ongi» ikusten dituzte euren taldeak.

Kaikuko arraunlariak, ahalegin betean, Bilboko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kaikuko arraunlariak, ahalegin betean, Bilboko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko irailaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi luze baten ostean, arraun talde batzuek jada bete dituzte euren helburuak; beste batzuek, berriz, ez. Hala ere, guztientzat ez da denboraldia amaitu. Asteburu honetan Eusko Label eta Euskotren ligetako kanporaketak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten, Bizkaian. Bi itsas eremu horietan, gorenean aritzeko bi toki egongo dira jokoan. Eusko Label ligako kanporaketetan, arraunean historia luzea duten bi talde aritu dira: Kaiku eta Santurtzi. Duela ez asko Liga eta Kontxa irabazi zituzten biek, baina egun bestelako egoeran daude. Bizkaitarra-ren helburua gorenean segitzea izango da; Sotera-rena, berriz, hara bueltatzea. Haiekin lehian beste hiru ontzik jardungo dute: Arkotek —KAE1 ligako bigarren sailkatuak—, Chapelak eta Tiranek. Galiziako ligako trainerurik onenak dira azken bi horiek. Kaikuko entrenatzaile Jon Elortegik eta Alexander Esteban Santurtzikoak uste osoa dute euren taldeetan. 

Kaikuk lau denboraldi daramatza jarraian Eusko Label Ligan, eta aurten igaro ditu estutasun gehien. Sasoi «gorabeheratsua» egin dutela onartu du Elortegik: «Estropada batzuetan ongi aritu gara, baina beste batzuetan ez dugu asmatu». Sasoi zaila izan da Bizkaitarra ontziarentzat. Aurreko denboraldiarekin alderatuz, hainbat arraunlari ez dira tostetan izan, eta Elortegik aipatu du horrek eragina izan duela. «Zazpi hutsune izan ditugu aurtengo denboraldian, eta, aurreko urteekin alderatuta, arraunketa desberdina izan da. Sufritzea egokitu zaigu». Hamaikagarren amaitu dute, eta, hala, zuzenean ez jaistea lortu dute gutxienez. Asteburuan izango dute gorenean mantentzeko azken aukera. Zirt edo zart.

«Estropada batzuetan ongi aritu gara, baina beste batzuetan ez dugu asmatu. Zazpi hutsune izan ditugu aurtengo denboraldian, eta sufritzea egokitu zaigu» 

JON ELORTEGI Kaikuko entrenatzailea

Santurtzi hauspotuta iritsiko da. Kanporaketetan aritu diren taldeen artean, Sotera-k egin zuen denborarik onena Kontxako sailkapen estropadan. Donostian izan zuten azken buruz burukoa, erlojuaren aurka; asteburu honetan ere halaxe ariko dira. Hala ere, Esteban zuhur mintzatu da, eta ez du erreferentzia moduan hartu nahi: «Guztiek ondorio positiboak atera zituzten». Erreferentziarik onena azken egunetako lana izan dela nabarmendu du. «Sailkatze estropada horren ostean, entrenamendu onak egin ditugu Santurtzin eta Zierbenan. Orain azken prestaketak egiten ari gara». Elortegik ere ez du uste Kontxan gertatutakoa kontuan hartu behar denik: «Itsaso txarra zegoen. Gainera, ordutik entrenatzen jarraitu dugu asteburuko kanporaketei begira».

(ID_17532750650545) Santurtzi
Santurtziko arraunlariak denboraldi honetan lortutako garaipenetako bat ospatzen. BERRIA

Joan den denboraldian ere kanporaketak jokatu zituen Santurtzik, baina Estebanek azpimarratu du testuingurua desberdina dela: «Zumaiak ez zuen garaiz izena eman kanporaketetan parte hartzeko, eta ondorioz guri egokitu zitzaigun jokatzea. Sari baten moduan hartu genuen orduko hartan. Gainera, Aresek eta San Juanek ez zuten aukerarik txikiena utzi hasieratik, eta ondorioz Bermeon aukera guztiak galdu genituen. Aurten, baina, igotzea dugu helburu».

Santurtzi nagusi izan da KAE1 liga osoan zehar, erregular aritu baita. Hala ere, Sotera-ko entrenatzailea ez da aurkariez fio: «Chapelak hamar bandera irabazi ditu Galizian, eta Kaikun Elortegik badaki zer egin behar den horrelako egunetan. Gure ligan Arkotek denboraldi oso ona egin du». Azken bi urteetan KAE1 ligan aritu dira, eta horren inguruan ere mintzatu da Esteban: «Kategoria horretan arraun egitea gustagarria da, batez ere ezartzen dituzten ordutegiak onak direlako. Eusko Label Ligan telebistaren menpe egon ohi dira, eta horrek baldintzatu ohi du. Hala ere, beste aurrerapauso bat eman nahi dugu».

«Chapelak hamar bandera irabazi ditu Galizian, eta Kaikun Elortegik badaki zer egin behar den horrelako egunetan. Gure ligan Arkotek denboraldi oso ona egin du» 

ALEXANDER ESTEBAN Santurtziko entrenatzailea

Azken urteetan gidoi berbera eduki izan dute kanporaketek, eta Elortegik larunbateko estropadaren garrantzia azpimarratu du: «Bermeoko eremua teknikoa eta zaila da. Azken urteetan bertan erabaki dira kanporaketak». Parte hartzen duten talde guztientzat asteburu erabakigarria izan ohi da, hurrengo denboraldiaren nondik norakoak finkatzen baititu. Hala, egun horiek nolakoak izaten diren azaldu du Elortegik: «Urduritasuna egoten da halako egunetan, eta barruan duzun guztia eman beharra daukazu ezinbestean». Gainera, azaldu du taldearentzat garrantzitsua dela gorenean jarraitzea: «Kaiku klub historikoa da, eta ederra litzake beste urtebetez Eusko Label Ligan aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.