Eskubaloia

Bidasoa: lesioak alde batera utzi, eta sasoia ondo amaitzera

Irungo taldeak bigarren posturako borrokatu nahi du Asobal ligan, eta Espainiako Kopan bete-betean lehiatu. Julen Aginagalde kirol zuzendariak gazteen lana eta taldeak lehiatzeko duen gaitasuna nabarmendu ditu.

Dariel Garcia. JON URBE / FOKU
Dariel Garcia Bidasoako jokalaria, jaurtitzeko prest, Cangasen aurkako partidan. JON URBE / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko martxoaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste kirol gehienetan bezala, denboraldia azken txanpan sartu da eskubaloian ere. Azken etenaren ostean, Bidasoari Asobal ligako bederatzi partida eta Espainiako Kopa jokatzea falta zaio. Julen Aginagalde (Irun, Gipuzkoa, 1982) kirol zuzendariak nabarmendu du taldea «lan ona» egiten ari dela, eta espero duela min hartutako jokalariak osatu ahala ondo amaituko dutela sasoia. «Gure helburua ligan bigarren postuan geratzeko lehiatzea da, eta Kopan bete-betean aritzea». 

Bosgarren postuan daude orain sailkapenean, 27 puntu dituztela. Lau puntura daukate bigarren sailkatua, Logroño, eta hirura Granollers eta Torrelavega. Aurreko denboraldian, azken jardunaldian geratu ziren Europako postuetatik kanpo, eta gonbidapen bati esker hartu dute parte sasoi honetan Europako Ligan. Oraingoan halakorik ez gertatzea espero dute. «Argi dago liga Bartzelonak irabaziko duela. Joan den denboraldian punturen bat galdu zuen Logroñoren, Granollersen eta Valladoliden aurka. Baina denboraldi honetan ez du halakorik egin. Momentu honetan izugarri ondo ari da, denboraldiko boladarik onenean dago». Hori kontuan hartuta, uste du best hiru taldeekin duten lehian jarri behar dutela arreta.

Urtarrilean, Munduko Txapelketa dela eta, ligan etenaldia izan zen, eta onartu du berriz ekitea ez zela erraza izan. Izan ere, jokalari asko eduki zituzten min hartuta. Gainera, Europan egutegi betea izan zuten. Hori dela eta, otsailean ligan jokatutako lau partidetatik bi galdu egin zituzten, ustez apalagoak diren taldeen aurka: Ciudad Realen (33-30) eta Navaren kontra (26-27). Hala, hemendik aurrera huts egiteko aukera gutxiago dute: «Orain ahalik eta puntu gehien lortu behar dugu, borroka horretan segitzeko». 

Asteburuan Guadalajararen kontra jokatu dute, eta gero bi partida erabakigarri izango dituzte aurkari zuzenekiko aldeak murrizteko. Aurrena, Torrelavega hartuko dute Artalekun, eta, gero, Logroñori egingo diote bisita. Bi partida horiek erabakiko dute nolakoa izango den Irungo taldearen denboraldiaren amaiera. Azken-aurreko jardunaldian, gainera, Granollersen kontra jokatuko dute, etxean. Espainiako Kopa, berriz, ekainaren 5etik 7ra izango da, Alacanten (Herrialde Katalanak). Han egoteko, aurretik kanporaketa bat gainditu beharko dute. Baina Aginagalde baikor da: «Oso urruti ikusten dugu oraindik, baina titulu bat irabazteko aukera dago hemendik hiru partidara».

Talde anbiziotsua

Emaitzak emaitza, taldeak duen izaera lehiakorra nabarmendu du Aginagaldek. Europan aritzeak horretan lagundu diela uste du, nahiz eta bigarren ligaxkan ez zuten partida bakar bat ere irabazi eta kanpoan geratu ziren: «Lehen ligaxkan, Saint Raphael taldea utzi genuen kanpoan. Bigarrenean, berriz, Flensburgen kontra bi partida oso on jokatu genituen, eta Montpellierren aurka, galdu arren, azkeneraino lehiatu ginen. Horrek esan nahi du taldeak anbizioa duela, eta irabazi egin nahi dugula. Alde horretatik, talde fidagarria dugu. Zaleak harro egoteko moduko partaidetza izan dugu».

Bigarren ligaxkan, talde handien aurka aritu ziren irundarrak: Flensburg, Kiel eta Montpellier izan zituzten parean. Otsailean izan zen, eta, aipatu bezala, hilabete horretan zenbait jokalari garrantzitsu egon ziren min hartuta: Francisco da Silva, Rodrigo Salinas, Iñaki Peciña eta Xavi Tua. Ligan ere orduan galdu zituzten Navaren eta Ciudad Realen aurkako partidak. Jokalari horien faltak taldearen jardunean eragina izan zuen galdetuta, hauxe erantzun du Aginagaldek: «Sekula ez dago jakiterik. Baina argi dago haiekin errazagoa izango zela, eta neke gutxiago pilatuko genuela. Beharbada, ezustekoren bat emango genion talderen bati, baina gauzak horrela suertatu dira». 

Baina txarrenari onena atera dio, eta egoera horretan harrobiko jokalariek egin zuten lana nabarmendu du. Endika Wambak, Javier Gastaminzak, Alex Raixek, Oihan Arrutik, eta Unai Barretok aukera izan zuten ohi baino minutu gehiago jokatzeko. «Uste dut ondo erantzun zutela, eta aurpegia eman zutela». Halakoek indartu egin dute harrobiaren alde egin duten apustua, haren ustez. Izan ere, Gurutz Aginagalde presidente kargura iritsi zenean, bigarren taldea berreskuratu zuten, eta hori fruituak ematen ari da. «Baina ez orain bakarrik.  Julen Mujika, Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Iribarren anaiak...: hortxe daude. Oso garrantzitsua izan da horiek gorenerako urratsa egitea. Beste pausotxo bat eman dugu». Mujika, adibidez, taldeko goleatzaile nagusia izan da Europako Ligan, 49 gol sartuta. «Partida batzuetan arazoak izan ditu, baina bikain aritu da hala ere. Rodrigo Salinas falta izan denean, hark jokatu du. Ea erregular izatea lortzen duen, uste osoa baitugu harengan».

«Jokalari garrantzitsuak min hartuta eduki ditugunean, harrobikoek ondo erantzun dute. Beste pausotxo bat eman dugu horretan ere»

JULEN AGINAGALDE Bidasoa taldeko kirol zuzendaria

Jokoari dagokionez, Europan lehiatuz asko ikasi dutela nabarmendu du, eta badutela zer hobetua. «Horrelako talde handiei baloia emanez gero, aurkari oso gogorrak dira kontraerasoan. Batez ere Montpelierren aurka ikusi genuen. Min handia egin ziguten, eta, alde horretatik, badakigu Europan partida biribila egiteko, baloia galtzen dugun momentuan, atzera egin behar dugula azkar». 

Aginagalde lanean ari da datorren denboraldiari begira. Besteak beste, ikusmina sortu du Niko Mindegiaren fitxaketak: «Hark duen esperientziak eta jokatzeko moduak asko lagunduko digu. Beti da garrantzitsua halako jokalari bat izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA