Azken txanpan dabiltza Asobal ligan: bi jardunaldi baino ez dira falta txapelketa bukatzeko. Bidasoa lehia betean dabil. Irungo (Gipuzkoa) taldeak bigarren postua du begiz joa. Postu horrek sari handia du aurten: Txapeldunen Liga jokatzea. Bidasoa duela zazpi urte sailkatu zen azkenekoz Europako kluben arteko lehiaketa nagusian aritzeko.
Irundarrek Txapeldunen Liga jokatu nahi dute, baina ez dira hori egin nahi duten bakarrak. Beste hiru taldek dute asmo bera: Logroñok, Granollersek eta Torrelavegak. Laurak bi puntutan daude sailkapenean: Logroño bigarren da, 41 punturekin; Bidasoa, hirugarren, 40rekin; eta Granollers eta Torrelavega, laugarren eta bosgarren, 39rekin.
Lau talde horiek denbora daramate nor baino nor gehiago. Bidasoa dabil ondoen azkenaldian: azken zazpi partidetatik sei irabazi ditu, eta bat berdindu; hamalau puntutik hamahiru bildu ditu. Pattalago dabiltza beste hiru taldeak: hamar puntu lortu ditu Logroñok, eta bederatzi Granollersek eta Torrelavegak. Abiada bizia hartu dute irundarrek, eta atzetik aurrera egin.
Hori dela eta, Alex Mozas (Madril, 1985) Bidasoa taldeko entrenatzaileak ez daki ligan egon den astebeteko etenak mesede edo kalte egingo dien. «Ostiralean ikusiko da hori: Artalekun Granollersi irabazten badiogu, etenak mesede egin digula esan nahiko du; galtzen badugu, ordea, kalte egin digula esan nahiko du. Gutxienez, etenak balio izan digu atseden hartzeko, min hartutako jokalariak osatzeko eta taldea indarberritzeko».
Argi du hau: «Aspaldiko boladarik onenean» daude. Susperraldi hori noiz hasi zen zehatz esan du: «Europatik kanpo gelditu ginenetik [martxo erdialdetik], partida bakarra jokatzen ari gara astero, eta, horri esker, ohiko prestaketa egin ahal izan dugu. Gure aurkari gehienek hori egin ahal izan dute, eta igarri egin da. Bartzelonak ez beste, inork ez ditu nahikoa jokalari aldi berean horrenbeste lehiaketa jokatzeko. Guk hobera egin dugu Europan jokatzeari utzi diogunetik».
Aitortu duenez, «garai polita» izan zen hura, baina baita «zailtasun askokoa». «Batetik, jokalari dezentek hartu zuten min; eta, bestetik, aurkari oso indartsuen kontra jokatu genuen. Orain, aldiz, jokalari horiek osatuta daude, eta txandakatze gehiago egin ditzakegu. Oso ondo ari dira denak: batek edo besteak jokatu, taldeak ez du behera egiten. Horren erakusle da azkenaldian lortu ditugun emaitza onak».
Oso ondo ari da erasoan
Haren ustez, nagusiki «erasoan hobeto» ari direlako egin dute gora. «Azken partidan 26 gol sartu genizkion Cangasi, erritmo geldoan jokatzera behartu gintuelako. Aurreko neurketetan, ordea, erraz sartu genituen golak: 35 partidako. Horrenbeste gol sartuz gero, zaila da galtzea. Hori izan da gakoa bolada onean egoteko».
Hain zuzen, Mozasen helburuetako bat da bizi jokatzea eta gol asko sartzea. «Aurreko sasoian nahi baino gutxiago egin genuen hori, baita denboraldi honen erdialdera arte ere. Azken partidetan, ordea, bizi jokatzen eta golak erraz sartzen gabiltza. Hori egiten dugunean aurkaria deseroso egoten da. Eta, orain, jokalari gehiago ditugunez, txandakatze gehiago egin ditzakegu, eta nekerik ez pilatu. Azken partidetan agerikoa izan da aurkaria baino hobeto iritsi garela azken txanpara. Horregatik irabazi ditugu ia guztiak».
«Pozik» dago defentsan egiten ari diren lanarekin ere. «Analisi okerra da bakarrik batez beste sartu dizkiguten gol kopuruari erreparatzea [30 partidako]. Izan ere, guk bizi jokatzen dugunez, aurkariak gehiagotan aritzen dira erasoan. Guretzat oso garrantzitsua izan da Peciña osatzea, bikote sendoa osatzen baitu Markorekin [Jevticekin] defentsaren erdian. Enekok [Furundarenak] ere asko laguntzen die lan horretan, eta atezainak ere ondo ari dira. Gero eta hobeto ari gara. Cangasek, adibidez, erraz sartzen ditu golak, eta guri 25 baino ez zizkigun sartu. Hala ere, defentsan dugu gehien hobetzeko».
«Erraz sartzen ari gara golak, eta, horrela, zaila da galtzea. Hori izan da gakoa bolada onean egoteko»
ALEX MOZAS Bidasoa taldeko entrenatzailea
Mozasen iritziz, «meritu handia» du azken zortzi partidetatik zazpi irabazteak eta bat berdintzeak. Espainiako Kopako final-zortzirenetan Puente Genilen (Espainia) irabazitako neurketa gehitu dio ligako boladari. «Bartzelonaren atzetik gu gabiltza ondoen etxetik kanpo, eta ligan oso zaila da kanpoan irabaztea. Pozik egon behar dugu. Gainera, garai erabakigarrian gabiltza horren ondo. Askok Europarako sailkatzeko borrokatik kanpo utzi gintuzten, baina taldeak gora egin du, eta asko hobetu. Gure esku dugu Europarako sailkatzea, eta hori jokalarien meritua da: beti sinetsi dute lor genezakeela».
«Oso gogotsu» daude azken txanparako. «Iaz, bigarren izateko aukera genuen azken partidan, baina ez genuen lortu. Bidasoaren helburuak beti izan behar du azken partidara aukera horrekin iristea. Aurten, berriro lortu dugu, nahiz eta Bartzelonarekin batera gu garen lehiaketa guztiak jokatu dituen talde bakarra: liga, Europa, eta Asobal eta Espainiako kopak. Horregatik, denboraldia bukatu ez den arren, uste dut lan ona egin dugula: lehia betean aritu gara txapelketa guztietan».
«Sinetsita» dago bigarren izan daitezkeela. «Taldeak erakutsi du zer egiteko gai den. Azken bi partidak irabazten baditugu, helburua lor dezakegu. Izan ere, Bartzelonak Torrelavegaren eta Logroñoren aurka jokatuko du, eta biak aurkari zailak diren arren, Bartzelonak irabazi egin beharko lieke».
Irundarrek Granollers hartuko dute ostiralean Artalekun, 21:00etan, eta Cuencari egingo diote bisita azken jardunaldian. «Bigarren izateko, bi partidak irabazi behar ditugu, eta Granollersen aurkakoa oso gogorra izango da. Ea nola eusten diogun presioari, baina ziur naiz etxean jokatuta eta orain arteko joerari eutsita partida ona egingo dugula. Gure lana egin behar dugu, eta une zailetan eutsi, Granollers indartsua baita. Orain, berriz, zaleen babesarekin, aurrera egin behar dugu, eta irabazten saiatu. Lortuko bagenu, aurrerapauso handia emango genuke».
Ligako azken bi partidak jokatu eta gero, Bidasoa Kopako azken fasean ariko da Alacanten (Herrialde Katalanak). «Zortea izan dugu: finalerako bidean ez gara ariko Bartzelonaren aurka. Bidasoak duela 30 urte jokatu zuen azkenekoz Kopako finala. Erronka hori eta ligan bigarren izatea pizgarri dira gogoz eta ilusioz entrenatzeko. Sufritu bezainbeste gozatuko dugu azken txanpa honetan».