Balentria zuen amets, baina ez du lortu. Bidasoa ez da sailkatu Europako ligako Lauko Finalerako. Oro har txapelketa ona egin dute irundarrek, harro egoteko modukoa, baina azken neurketan birrindu egin ditu Alemaniako Melsungen taldeak. Joaneko partida gol batengatik galdu arren, egurra jaso du Artalekun: 22-32 amaitu da partida.
Lehen ordu laurdenean indarrez pareko aritu dira bi taldeak, baina handik aurrera ez. Gero, erabat hautsi da lehia, eta alemaniarrak izan dira nagusi. Konfiantzan ere nabaritu da aldea. Hala, final-laurdenetan esan behar izan diote agur lehiaketari.
Partida bizi hasi da, eta jokaldi landuak egin dituzte bi taldeek; bai defentsan, eta baita erasoan ere. Lehen minutuetan oreka izan da nagusi, eta halaxe islatu du markagailuak ere: 6-6. Ez batak ez besteak ez zuen partidaren kontrola, baina pistan ondo zegoen Bidasoa, eta ez zen hori seinale txarra. Bi gol aurretik jartzea ere lortu du: 8-6.
Ordu laurdena bete aurretik itzali da, ordea, Irungo taldea, eta ez da itzuli bere onera. Ez da gai izan lehen zati osoan gol gehiago sartzeko, eta aurkariak bederatzi sartu ditu. Hala, ihes egin dio kanporaketak.
Gainera, bat-batekoa izan da itzalaldia: hainbat eraso jarraian egin ditu ezin asmatuta, erabaki txarrak hartzen, eta horrek kondenatu du. Defentsan eutsi dio minutu batzuez, baina Melsungenek aurrera jo du, eta tartea zabaldu du azkenean.
Joaneko partidan Bidasoako atezaina nabarmendu zen, meritu handiko hainbat geldiketa eginda. Bada, gaurko neurketan ondo ibili bada ere, Alemaniakoa ikusgarri aritu da. Horma bat eraiki du atean, eta Bidasoa nahi eta ezinean aritu da haren aurka. Ez du asmatu penaltietan ere. Bi jaurti ditu lehen zatian, eta Adam Morawski atezainak biak gelditu ditu.
Bigarrenean ere, ezin
Atsedenaldirako, 8-15 aurretik ziren alemaniarrak. Hortzak estutu eta lanean segitzea besterik ez zuen Bidasoak. Saiatu da, baina parean ez zuen edozein talde. Bi gol jarraian sartu dituzte irundarrek, baina alemaniarrek azkar erantzun dute. Istant batean ere ez diote utzi aldea murrizten. Kontrara, zuloa zabalduz joan dira apurka. Azkenean, 22-32 bukatu da partida.
Egun epiko bat bizitzeko gogoz joan dira zaleak Artalekura, eta lepo bete da harmaila. Hauspotu dute taldea, baina ez da nahikoa izan. Beste batean beharko du.