Bidasoak badaki jada zein talderen aurka lehiatuko den eskubaloiko Europako Ligako multzoan. Hauek izango ditu aurkari: Limoges, Hafnarfjördur eta Maritimo Madeira. Gaur egin dute zozketa, EHF Europako Eskubaloi Federazioak Vienan duen egoitzan. Aurtengo zozketarako, EHFk sistema berri bat ezarri du, eta azken hiru urteetako emaitzak soilik hartu ditu kontuan. Ondorioz, Bidasoa lehen ontzian izan da. Izan ere, txapelketa lehiatuko duten talde guztiak kontuan edukita, zortzi onenen artean zegoen sailkapenean. Beraz, txapelketa hasieran ez du talde indartsuenen aurka lehiatu beharko: SG Flensburg-Handewitt, RK Nexe, MOL Tatabanya KC, IK Sävehof, HC Eurofarm Pelister, HC Izvidac eta Sport Lisboa e Benfica, besteak beste.
B multzoa egokitu zaio Irungo taldeari, eta maila altuko aurkarien aurka lehiatu beharko du. Lehena bigarren ontzitik atera da: Okzitaniako Limoges taldea. Aurpegi ezagunak daude bertan. Bigarren entrenatzailea Bidasoa taldeko jokalari ohi bat da, Jose Manuel Sierra. Bidasoa taldetik pasatako bi jokalari ere badaude Limogesen: Jon Azkue eta Piotr Mielczarski. Hirugarren ontzitik ateratako Islandiako Hafnarfjördur taldea izango da beste aurkarietako bat. Bidaia luzea egin beharko du taldeak. Azkenik, laugarren ontzitik, Portugalgo Maritimo Madeira tokatu zaio multzoan.
Julen Aginagalde taldeko kirol zuzendariak zozketaren inguruan hitz egin du: «Ez da multzo erraza, badakigu. Alde batetik, Limoges ezaguna dugu. Duela gutxi jokatu dugu haien aurka, eta bidaia erosoa izango da. Gainontzekoak, bai Madeirara bai Islandiara, bidaia luzeak dira. Baliteke talde gisa erosoagoak izatea, baina ez zaigu erraza izango. Ilusioz egingo dugu aurrera».
Bidasoa ez zen liga bitartez sailkatu Europarako, Kopako finala jokatu zuelako baizik. Bartzelonaren aurka lehiatu zen, eta 37-17 galdu zuen. Hala ere, gustura zen taldea. Izan ere, 30 urteren ondoren, Kopako finalerako sailkatu zen. Horrez gain, Iberiar Superkopa jokatuko du denboraldi honetan. Bosgarren edizioa izango da, eta Bidasoak parte hartuko duen lehena. Finalerdietan Sporting izango du aurkari, irailaren 5ean, eta, irabaziz gero, Bartzelonaren eta Benficaren arteko finalerdietako garailearen aurka jokatuko luke finala, irailaren 6an. Oraindik ere zehazteko dago non jokatuko den.
Aurtengo edizioan aldaketak izango ditu Europako txapelketak. Orain arte 48 taldek jokatzen zuten, eta aurten 32 taldera jaitsi da parte hartzea. Hori dela eta, lehen fasearen aurreko kanporaketak desagertu egingo dira, eta multzoekin hasiko da zuzenean. Zortzi multzo egongo dira, eta bakoitza lau taldek osatuko dute. Lehen faseak sei jardunaldi izango ditu, iraila eta abendua bitarte. Hauek izango dira partiden datak: irailaren 29an edo 30ean, urriaren 6an eta 13an, azaroaren 17an eta 24an, eta abenduaren 1ean edo 2an. Final-zortzirenetarako, multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira. Fase horretan bat egingo dute Txapeldunen Ligako multzoetako hirugarren eta laugarren sailkatuekin. Ondoren, hiru kanporaketa gehiago jokatuko dira finalera iritsi aurretik.
Asobal ligako egutegiaren berri ere badu Bidasoak. Lehen neurketa Viveros Herolen aurka jokatuko du, irailaren 12-13ko asteburuan. Etxean izango da, Artalekun. Aurtengo denboraldian Irungo taldeak ligako goiko postuetan aritu nahi du berriz ere, azken denboraldia hobetzeko helburuz. Uztailaren 30ean hasiko da lanean, Alex Mozasen aginduetara, denboraldiaurreari hasiera emateko. Taldeak lagunarteko batzuk jokatuko ditu erritmoa hartzeko. Hauek izango dira aurkariak: Blendio Sinfin, Wacker Thun, Blue Falcon eta Anaitasuna. Taldeak partiden ordutegia zehazteko du oraindik.
LAGUNARTEKO PARTIDAK:
Bidasoa-Blendio Sinfin (abuztuaren 8an, Santanderren)
Bidasoa-Wacker Thun (abuztuaren 20an, Donezteben)
Bidasoa-Blue Falcon (abuztuaren 22an, Irungo Artalekun)
Bidasoa-Anaitasuna (abuztuaren 28an, Tolosan)