Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria

Asier Nieto: «Bidasoarekin titulu bat irabaztea ametsetako agurra izango litzateke»

Bidasoak gaur hasiko du Espainiako Kopako azken fasea, Irunen, Torrelavegaren aurka. Ligan Europako postuetatik at geratu ostean, «egoera iraultzea» espero du Asier Nietok.

Asier Nieto. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Asier Nieto. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko ekainaren 6a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Asier Nietok (Etxebarri, Bizkaia, 1997) abenduan iragarri zuen datorren denboraldian ez duela Bidasoan jarraituko. Irunen (Gipuzkoa) jokatuko duten Espainiako Kopako azken fasea izango da haren agurra. Adierazi duenez, egindakoarekin «pozik» doa. 

Liga amaiera kontuan hartuta, nola zaudete Espainiako Kopa jokatu bezperan?

Alde batetik, izorratuta. Logroñoren aurkako partidaren aurretik bigarren sailkatuak ginen, eta gure esku geneukan horrela amaitzea. Aste batean bi partidak galdu, eta laugarren amaitu dugu. Modu horretan amaitzeak mindu gaitu gehien. Baina, bestetik, gogotsu gaude, asteburu honetan beste aukera bat baitaukagu amaiera honi buelta emateko; gure jendearen aurrean, gainera. Guretzat beti da berezia Artalekun jokatzea. 

Torrelavega izango duzue aurkari final-laurdenetan, gaur, 20:45ean (TDP). Nahiago zenuten beste aurkariren baten kontra jokatu ala berdin zitzaizuen noren aurka aritu?

Uste dut Kopan dena berdinduta dagoela. Agian, hasiera batean talde batzuk beste batzuk baino faboritoago izango gara, baina ligan ere ikusi da edonork edonori irabaz diezaiokeela. Torrelavega aurkari gogorra da; gauzak ondo egiten ari da. Ligan denboraldi izugarria egin, eta hirugarren postuan amaitu du. Etxean jokatzen dugula baliatu behar dugu, eta irabazteko asmoz atera. 

Nolako partida espero duzu? 

Ligan Artalekun jokatu genuen partidaren antzekoa. Partida horretan defentsak gogorrak izan ziren, eta 25na berdindu genuen. Ez dut uste bi taldeetako inor eroso sentitu zenik, eta nik uste gakoa hortxe egon daitekeela: erasoan erosoen sentitzen den taldeak kontrolatuko du partida. 

Bartzelonak ligan bi partida galdu ditu, eta beste bat berdindu. Azken urteetan izan duen nagusitasuna ikusita, uste duzu aurtengoa dela Espainiako Kopan ezustekoa emateko urtea?

Azken urteetako joera ikusita, harrigarria da Bartzelonak liga batean bost puntu galdu izana. Hala ere, uste dut garaiak zerikusi handia izan zuela. Haiek ez zeuden sasoi onean eta, gainera, Txapeldunen Ligako kanporaketan zentratuta zeuden. Baina oraingoan Bartzelonarik onena espero dut. Gainera, astebete eskasera Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatuko du, eta horra ere sasoi onean iritsi nahiko du. Zaila izango da Bartzelona mendean hartzea. 

Polita izango litzateke zure agurreko partidan Bidasoarekin titulu bat irabaztea, ezta? 

Eskatzen hasita, bai [barrez]. Zaila izango da, baina ea hala den. Ametsetako agurra izango litzateke. 

Bigarren mailan dagoen Alcobendas sailkatu da Espainiako Kopako azken faserako. Han jokatu zenuen.

Bai. Nava garaitu eta azken fasera sailkatu zirela jakin nuenean asko poztu nintzen. Lagun onak ditut han, eta uste dut haientzat esperientzia ikaragarria izango dela, sari moduko bat. Polita izango da haiek hemen jokatzen ikustea. 

«Aurkari gogorra da Torrelavega. Erasoan erosoen sentitzen den taldeak kontrolatuko du partida»

Denboraldiari dagokionez, zer balorazio egingo zenuke? 

Ligan galdutako azken bi partidek denboraldi osoko sentsazioak okertu dituzte, baina uste dut orokorrean denboraldi oso ona izaten ari dela. Asobal koparako sailkatzea lortu genuen inork espero ez zuenean, ligan azken jardunaldira arte bigarren postuan geratzeko aukera izan dugu, eta Europako Ligan Lauko Finalera sailkatzeko partida bakar batera geratu gara. Txapelketa guztietan ahalik eta urrunen iritsi nahi duzunean, zaila izaten da dena ongi ateratzea. Errazena Europa alde batera utzi eta ligan zentratzea izango litzateke, edo alderantziz. Baina ahalik eta urrunen iristen saiatu gara txapelketa guztietan, eta harro egon behar dugu lortutakoaz. 

Europan, berriz, oso lan txukuna egin duzue. Pozik zaude horrekin? 

Bai. Denboraldiaurrean hitz egin genuen Europan Lauko Finalera iristeko aukera geneukala, zaila izango zen arren. Talde indartsuei irabazi genien. Melsungenen aurkako azken partidan horren arantza geratu zitzaigun, baina zaila da horrelako talde bat kaleratzea. 

Zein izan da zuretzat denboraldiko momenturik onena? 

Artalekun jokatu genuen Limogesen aurkako partidan disfrutatu genuen gehien. Europako Ligako bigarren ligaxkako lehen postua eskuratuko genuen irabaziz gero, eta hala gertatu zen. 

Eta zailena? 

Puente Geniletik etxerako bidaia. Oso momentu zaila izan zen. Kirola horrelakoa da: hamar hilabetez entrenatzen eta asteburuero bidaiatzen, eta, bi aste txar egin ostean, azkenean helburutik gertu geratzen zara. Bakoitzak egoerari buelta ematen saiatu behar du, gaizki zer egin duen ikusi, eta Espainiako Kopan zentratu. 

Datorren denboraldian Cesson Rennes Frantziako Ligako taldean jokatuko duzu. Zerk bultzatu zintuen erabakia hartzera?

Arrazoi bat baino gehiago egon zen. Betidanik izan dut atzerrian jokatzeko jakin-mina, baita beste herrialde batean bizitzeko gogoa ere. Beste liga batzuk ere probatu nahi nituen aspalditik. Eskaintza jaso nuen, eta, neska-lagunarentzat ere aukera ona zenez, onartzea erabaki nuen. Aldaketa bat nahi nuen, eta momentua zela iruditu zitzaidan; ez nion buelta gehiegi eman. 

Zeren hutsunea sumatuko duzu gehien? 

Aldaketarik handiena aldagelako giroan sumatu ohi da. Orain arte jokatu dudan talde guztietako aldageletan giro paregabea izan dut, oso gertukoa. Esaten dutenez, atzerriko taldeetako aldageletan hotzagoa izaten da giroa, bakoitza berera joaten baita. 

«Jokalari eta pertsona moduan hazi naiz Bidasoan, eta pertsona ikaragarriak ezagutu ditut. Ederra izan da»

Pena ematen dizu anaia hemen uzteak? 

Ezta pentsatu ere [barrez]. Gurasoengatik ematen dit pena handiagoa. Orain arte bi semeen partidak ikustera etortzen ziren, eta hemendik aurrera bakarrarenak ikustera etorriko dira. Hiru urtez aritu gara elkarrekin jokatzen, eta oso garai politak izan dira. 

Egindakoarekin pozik zaude? 

Bai. Lasai noa. Neukan guztia utzi dut pistan, eta asteburu honetan ere horixe egingo dut. Huesca utzi eta hona etortzeko erabakia hartu nuenean, zalantzak izan nituen, baina hemen astebete igaro ondoren argi geratu zitzaidan leku egokira etorri nintzela. Jokalari eta pertsona moduan hazi naiz, eta pertsona ikaragarriak ezagutu ditut. Ederra izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.