Bigarrena izatea

Zierbenak hirugarren denboraldia du Eusko Label ligan bigarren egiten duena. Onartu dute zaila dela bigarren izatea baina ikuspegi egoki batez hartzen saiatzen direla.

Zierbena Zarauzko estropada jokatzen, igandean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Zierbena Zarauzko estropada jokatzen, igandean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zierbenako galipo-ak bigarrenak izan dira Zarauzko (Gipuzkoa) bi jardunaldietako denborak batuta, eta hala dira Eusko Label ligako sailkapen orokorrean ere; Orio dute aurretik, 28 puntu gehiago dituela. 

Iaz ere bigarrenak izan ziren, baina lehenengo postua ez zuen Oriok eskuratu, Urdaibaik baizik. 34 puntuko aldeaz gailendu ziren, nagusitasunez irabazi baitzituzten hamahiru bandera. 2023. urtean ere bigarren izan zen Zierbena; hamabi puntuko aldea lortuta irabazi zuen orduan ere Urdaibaik. 

«Bigarren postua gazi-gozoa izan daiteke, baina hamabi taldeko liga batean bigarren izateak badu bere meritua»

Duda gabe esan du Urdax Antepara arraunlariak zaila dela bigarren izatea: «Bigarren postua gazi-gozoa izan daiteke, baina perspektiba ere ez dugu galdu behar: hamabi taldeko liga batean bigarren izateak badu bere meritua». Kirol legez hartu du postu hori: «Guztiok irteten gara irabaztera edo, behintzat, ahalik eta ondoen aritzera, baina kirolean arerioek ere zure lekuan jartzen zaituzte, eta horrek prestigioa-edo ematen dio lehiari».

Denboraldi hasierako helburuei dagokienez, Daniel Perez entrenatzaileak aipatutakoen antzekoak izan ditu hizpide Anteparak: «Ohorezko txandan mantentzea eta ahalik eta bandera gehien irabaztea». Bi irabazi dituzte, oraingoz. «Emaitzak ikusita, oso pozik egoteko urtea da». 

«Lehiaketako presioa ez dugunean, gure onena emateko gai gara; guretzat, antsietate hori kontrolatzeko modurik erosoena bakarrik joatea izaten da»

Zierbenak frogatu du hobeak direla bakarkako lanean, emaitza hobeak izan dituztelako erlojupekoetan. Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) estropadan horrelaxe irabazi zuten. «Lehiaketako presioa ez dugunean, gure onena emateko gai gara; guretzat, antsietate hori kontrolatzeko modurik erosoena bakarrik joatea izaten da».

Halere, adierazi du gai direla lau kaletara ere ondo lehiatzeko: «Larunbatekoa urteko estropada onena izan ez bazen, lehia bizikoena izan zen behintzat; kontua da azken orduan egindako hutsak eta lehen erdian xahututako energia garesti ordaindu genituela». Oriok baino hamar segundo gehiago behar izan zituzten helmugara heltzeko. 

Asteburua «ondo» joan zaie

Asteburukoaren balorazio ona egin du Zierbenako arraunlariak, bi arrazoirengatik: «Batetik, sentipen onak izan ditugu; eta, bestetik, aurreko asteburuetan izan ez dugun erregulartasuna berreskuratu dugu». Gaineratu du oso positiboa dela haien lehiakide zuzen Donostiarrari puntu sorta baten abantaila atera izana. 

Ez dira estropada asko geratzen, eta, beraz, Anteparak esango luke «gertu» dituztela donostiarrak sailkapenean: «Batez ere ikusi dugulako puntu sorta handiak eskuratu izan direla denboraldi honetan estropadatik estropadara». Tentuz esan du hurrengo asteburuan Ondarroako (Bizkaia) eta Getariako (Gipuzkoa) estropadak dituztela eta azken urteetan aldaketa handiak sorrarazi dituztela lehia horiek.

Galdetuta haren ustez zer falta duten Orio bezain ondo aritzeko, zera esan du: «Irabazten aritu diren zenbait aurpegi elkartu dituzte azkenengo urteetan, oso maila ona dute harrobian, eta irabazteko gosea. Guri, akaso, hori falta zaigu: gogoak baditugu, kalitatea ere bai, nire ustez, baina garaipen faltak asko egiten du».

Ondarroako eta Getariako estropadak dituzte aurretik, baina ate joka dute Kontxako sailkatze estropada ere: «Gure lanak ondo egiten baditugu, ez genuke arazorik izan behar, baina, noski, ez da espekulatzeko eguna». Antepararentzat urteko estropadarik politenetakoa da ostegunekoa: «Erlojuaren kontrako estropada horrek gure lana indartzeko balio izaten digu». Gogotsu daude, baina ezinbestekoa izango dute datorren asteburuan lanak fin egitea, sailkatze estropadara konfiantzaz heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.