Saskibaloia

Bilbo Basket finalari buelta emateko prest dago

Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak PAOKen aurka jokatuko du gaur, Miribillan, FIBAren Europako Kopako finalaren itzuliko norgehiagokan (20:00, ETB1). Mikel Odriozolak, taldeko entrenatzaile laguntzaileak, ongi ikusten du multzoa.

Bilbo Basketeko Justin Jaworski PAOKeko Breein Tyreeri baloia kendu nahian, Grezian jokatutako norgehiagokan. ACHILLEAS CHIRAS/EFE
Bilbo Basketeko Justin Jaworski PAOKeko Breein Tyreeri baloia kendu nahian, Grezian jokatutako norgehiagokan. ACHILLEAS CHIRAS/EFE
2026ko apirilaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei puntutik gorako errenta. Bilbo Basketek horixe lortu behar du gaur Miribillan Greziako PAOK Tesalonikaren aurka, bigarren urtez jarraian FIBAren Europako garaikurra irabazteko. Inork ez du halakorik lortu, eta txapelketa horren historian mugarri hori ezarri nahi du Jaume Ponsarnauren taldeak, baita klubaren garaipen zerrenda handitzen jarraitu ere. Joanekoan 73-79 galdu zuten, eta lehia estua espero da. Baina Mikel Odriozolak (Donostia, 1989), taldeko entrenatzaile laguntzaileak, finalari buelta emateko prest ikusten du taldea. 

Odriozolak lehen denboraldia du Bilbon. Iragan asteazkenean jokatu zuten Grezian finalaren joaneko norgehiagoka, eta astea nola igaro duten azaldu du: «Astea ongi joan da. Arraroa izan da asteburuan ligako norgehiagokarik ez jokatzea, baina era berean energia guztia finalean jartzen lagundu digu». Halaber, iragan astean galdu arren, taldea «gogotsu eta ondo» dagoela nabarmendu du.  

«Astea ongi joan da. Arraroa izan da asteburuan ligako norgehiagokarik ez jokatzea, baina era berean energia guztia finalean jartzen lagundu digu»

Mikel Odriozola Bilbo Basketeko entrenatzaile laguntzailea

Norgehiagoken ostean, taldeko kide guztiek dute ondorioak ateratzeko ardura; are gehiago entrenatzaile multzoak. Odriozolak honako hauek aipatu ditu:  «Erasoan ez ginen fin aritu. Jaurtiketak egiteko distantzia egokiak aurkitu genituen, baina ez genuen asmatu. Oraingoan, moldaketa batzuk egin beharko ditugu». Jaworski izan zen taldeko saskiratzaile nagusia, 24 puntu lortuta. Nahiz eta min hartuta egon, Hilliardek 19 sartu zituen. Pibota osatu da dagoeneko. Beste hainbat jokalari, baina, ohi baino ekarpen txikiagoa egin zuten erasoan: Pantzarrek, adibidez, sei sartu zituen; Frayk, berriz, bost.

Aurkariaz hauxe aipatu du: «Erasoan kalitate handiko jokalariak dituzte, buruz buruko jokaldietan trebeak. Horrek abantaila ematen die hainbat egoeratan. Gainera, fisikoki bete-betean aritzea eskatzen dizun taldea da. Izan ere, ahalmen handia dute arlo horretan». Patrick Beverley eta Breein Tyree gertutik zaindu beharko dituzte. Izan ere, PAOKek joanekoan sartu zituen 79 puntuetatik 45 bien artean sartu zituzten. Beverleyk 24 puntu lortu zituen, eta Tyreek 21. 

Hori guztia kontuan hartuta, eta Bilbo Basketek dituen indarguneei erreparatuta, hauxe egin behar dutela uste du: «Norgehiagokaren hainbat fasetan bizi jokatzen saiatu behar dugu. Talde jokoa ere egin behar dugu, eta baloia ongi mugitu. Defentsan erne egotea ere garrantzitsua izango da».

Gisa honetako partidetan ere funtsezkoa izaten da buruz indartsu egotea eta edozer gerta ere lehiatzen jarraitzea. Odriozolak taldea mentalki nola dagoen kontatu du: «Jokalariak ongi daude. Aurreko asteko norgehiagokaren ondoren, lan ona egin dute. Astebeteko tartea luze egin daiteke batzuetan, lehenago jokatu nahi duzulako. Baina ziur nago ondo lehiatuko dugula».

Aurretik joatearen garrantzia

Norgehiagoka hasieran aurretik jartzearen garrantzia ere aipatu du Odriozolak: «Hasieratik aurretik jarriz gero, aurkariari zalantzak sortzen dizkiozu. Gauzak argi ditugula atera behar dugu». Horrekin batera, Greziako taldeak Murtziaren aurka jokatutako finalerdia ekarri du gogora: «Joaneko norgehiagokan, Grezian baita ere, emaitza guk lortu genuen berdina izan zen: 79-73. Itzulikoan Murtzia alde bera aterata joan zen aurretik, baina azkenerako PAOKek lortu zuen garaipena. Edozertarako prest egon behar dugu».

PAOKeko zaleek bete egin zuten Palataki pabiloia, eta gogotik animatu eta estutu zuten. Bilbon ere ilusioa da nagusi. Bigarren aldiz Europako txapelketa bat irabazteko norgehiagoka urrats batera dago. Miribillako harmailak jendez lepo izango dira, eta metro gutxi batzuetara, Bizkaia pilotalekuan, pantaila erraldoi bat jarriko dute pabiloira bertaratu ezin duen orok norgehiagoka ikusteko aukera eduki dezan.

Finalaren inguruan bizitzen ari den guztiari buruz zer uste duen kontatu du Odriozolak: «Bigarren norgehiagoka etxean jokatzea berezia da. Ziur nago horrek lagundu egingo digula. Ardura dugu jende horrek guztiak zerbait ospatzeko aukera izan dezan partida amaieran, eta horretan saiatuko gara». Zaleen ekarpena nabarmendu du. Askok Grezia aldera bidaiatu zuten taldeari babesa emateko: «Gure zaleei esateko gutxi dago. Argi daukagu haien babesa izango dugula lehen unetik azkenera arte. Finaletan une txarrak daude, eta horietan ere lagunduko digute. Ziur nago guztiok batera gozatu egingo dugula asteazkenean [gaur] Miribillan».

Aipatu bezala, Odriozolak lehen denboraldia du Bilbon: «Horrelako talde baten parte izatea garrantzitsua da niretzat. Oraindik gaztea naiz, eta ez daramat denbora luzea saskibaloi profesionalean. Zaila da horrelako aukerak edukitzea, ez baitago beti zure esku. Eskertuta nago emandako aukerarekin, eta gogotsu datorrenari begira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA