Joan den denboraldian FIBAren Europako Kopa irabazi ostean, Bilbo Basket sasoi bikaina egiten ari da oraingoan ere. Kantxan gustura dira, baita bulegoetan ere. Hala esan du Rafa Pueyo kirol zuzendariak. «Taldea ongi jokatzen ari da oro har, eta jokoaren alor ugari menderatuak ditugu». Segidan, Jaume Ponsarnau entrenatzailea egiten ari den lana goraipatu du. «Lau denboraldi hauetan genituen helburuak lortu ditugu Jaumerekin. Denboraldi honetan, gainera, taldeak errendimendu ona du. Joan den denboraldian ere, taldeak Europan jauzia egitea lortu zuen». Pozik daude harekin, proiektuaren iparrorratza bihurtu baita. Denboraldia amaitu bitarte bi helburu jarri ditu: ACB ligan titulurako kanporaketak jokatzeko borrokan izatea; eta, Europan, bigarren denboraldiz jarraian titulu bat irabazten ahalegintzea.
Bilboko taldeak galdu egin ditu ACB ligan jokatu dituen azken partidak: Baskoniaren eta Burgosen aurka. Baina aurretik sei irabazi zituen erreskadan. Taldeak ligan inoiz edukitako emaitza boladarik oparoena da hori. Hain zuzen ere, orain aste batzuk izan zuen emaitza bolada on horretara itzultzeko erronka izango du gaur, Miribillan, Breoganen aurka (21:00). Taldearen jarduna aztertzeko, atzera egin du Pueyok. Aitortu du taldeari sasoi hasieran kosta egin zitzaiola emaitzetan eta jokatzeko garaian segida edukitzea: «Baina horri taldeak eman zion erantzuna nabarmenduko nuke, ona izan baitzen».
«Lau denboraldi hauetan genituen helburuak lortu ditugu Jaumerekin. Sasoi honetan, gainera, taldeak errendimendu ona du»
RAFA PUEYO Bilbo Basketeko kirol zuzendaria
Talde bat erregularra izateko, funtsezkoa da ahalik eta jokalari gehien jokatzeko moduan edukitzea, horrek ematen baitio oreka eta sendotasuna. Bilbotarrek buruhauste bat baino gehiago izan dute arlo horretan, hainbat jokalari garrantzitsu izan baitituzte min hartuta: Melwin Pantzar, Amar Syylla, Stefan Lazarevic, Harald Frey eta Bassal Bagayoko. «Denboraldi amaiera honetan emaitza onak lortzeko, guretzat funtsezkoa izango da jokalari guztiak jokatzeko moduan egotea. Guztien beharra izango dugu geratzen denari aurre egiteko». Izan ere, Europan aurrera eginez gero, apiril amaiera bitarte egutegi betea izango du Jaume Ponsarnauren taldeak. Astero bi partida jokatu beharko ditu.
Talde guztiek dituzte indarguneak eta hobekizunak. Pueyok Bilbo Basketenak aztertu ditu: «Defentsan talde sendoa gara. Hori da dugun indargune nagusia. Erreboteak jasotzeko garaian, ordea, hobeto aritu behar dugu; eta hiruko jaurtiketetan ere gehiago asmatu». ACB ligan hemezortzi talde daude, eta Bilbo Basket hiruko gehien sartzen duten taldeetan 11.a da. 27,5 jaurtiketa egiten ditu batez beste partidako, eta 9,7 sartzen ditu: hau da, %35,3. Erreboteetan ere 11.a dago sailkapenean. 34,9 jasotzen ditu, batez beste, neurketako, horietatik 24,8 defentsan, eta 10,1 erasoan.
Pueyok uste du bi atal horietan hobetuz gero titulurako kanporaketak jokatzeko borrokan egon daitezkeela. «Azkenera arte horretan saiatuko gara». Nahiz eta badakien ez dela erraza izango: «Tenerife bezalako taldeak ere horretarako borrokan ari dira, eta zaila izango da. Halako taldeak ohituta daude kanporaketak jokatzera». 2019-2020ko denboraldian jokatu zituen azken aldiz kanporaketak Bilbo Basketek. COVID-19agatik liga eten zen urtean izan zen, eta kanporaketak lehen hamabi sailkatuek jokatu zituzten, ligaxka moduan, Valentzian.
Europa jomugan
ACB ligan ez ezik, FIBAren Europako Kopan ere badute arreta jarria. Taldea final-laurdenetan dago, eta asteazkenean 69-77 irabazi zuen Turkiako Petkim taldearen pabiloian. Asteazkenean jokatuko du itzulerako partida Miribillan, eta, errenta horri eutsiz gero, finalerdietan izango da. Gainera, bai finalerdietan, bai finalean etxean jokatuko lukete itzulerako partida. «Talde indartsuak daude, baina erasoko erreboteetan hobeto arituz gero, berriro lor dezakegu garaikurra irabaztea». Europan, dena den, ligan ez duten oztopo bat dute, eta horrek norgehiagokak planteatzeko garaian eragiten du: «Europan jokalari bat gutxiago izan daiteke deialdian. Aurreko partidan, Haraldek [Frey] izan izan zuen jokatu, baina hura egon izan balitz, beste erabaki batzuk hartzeko beharrean izango ginen».
Pueyo pozik dago denboraldi honetarako fitxatu zituen jokalariak ematen ari diren mailarekin: «Emaitzek erakusten dute errendimendua, eta emaitzak, oraingoz, onak dira». Aspaldi ari da, gainera, hurrengo sasoiari begira: «Denboraldia hastearekin batera ekiten diogu hurrengoa prestatzeari. Badakigu jokalari batzuek ez dutela jarraituko. Pantzar, esaterako, Unicajara itzuliko da. Horien ordezkoak bilatzea izango da orain gure lana».