Eskuz binakako txapelketa aurkeztu aurrekoek misterio kutsuari eusten diote oraindik ere. Banakako txapelketetan ez bezala, zeinetan aurkezpena egin aurretik jada jakina da zein pilotarik jokatuko duten, binakakoan xehetasun gehienak ezkutuan gordetzen dituzte aurkezpena egin arte. Horrek jakin-mina handitu besterik ez du egiten, eta pilotazaleen uste, iritzi eta apustuak ugaritu.
Pilota Pro Ligak gaur argitu du misterioa. Gaur aurkeztu ditu A eta B serieko binakako txapelketak, Bilbon, Kutxabanken egoitza nagusian, eta han azaldu ditu xehetasun guztiak. Batzuk jakinak ziren: besteak beste, A serieko binakakoa ostiral honetan hasiko dela, Bilboko Deportivo frontoian. Finala noiz eta non jokatuko zen falta zen argitzeko, eta horren berri eman dute gaur: martxoaren 21ean izango da, Iruñean, Nafarroa Arenan.
Beste behin, txapelketa jokatuko duten bikoteen osaketak eman du zeresan gehien. Ez du inor epel utzi. Aspaldiko egiturari jarraituz, zortzi bikotek jokatuko dute txapelketa, enpresa bakoitzetik lauk. Aspetik lau bikote hauek ariko dira: Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia; Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta; Peio Etxeberria eta Julen Martija eta Javier Zabala eta Beñat Rezusta. Azken binakakoa jokatu zuten zortzi pilotari berberak dira. Are, bi bikotek azken ekitaldia jokatu zuten: Altuna III.a eta Ezkurdiak, eta Elordik eta Zabaletak, hain zuzen. Hau da, Ezkurdia berriro ariko da Altuna III.aren atzelari. Etxeberriak eta Martijak, berriz, azken-aurreko binakakoa jokatu zuten elkarrekin. Beraz, bikote berri bakarra Zabalak eta Rezustak osatutakoa da. Zabalak bigarrenez jokatuko du binakako nagusia. Azken ekitaldian Martijarekin aritu zen.
«Pixka bat izorratuta nago. Gauza batzuetarako kontuan hartzen dute buruz buruko txapelduna zarela, eta beste gauza batzuetarako ez»
DARIO GOMEZÂ Aspeko pilotaria
Dario Gomezek B serieko binakakoa jokatuko du, eta hori bada deigarria, egungo A serieko buruz buruko txapelduna baita. Ez da inoiz gertatu buruz buruko txapelduna jokatzeko moduan egonda binakakotik kanpo geratzea. Hori dela eta, atsekabetuta mintzatu da Dario aurkezpena bukatu denean. «Pixka bat izorratuta nago, ez baitut jokatuko A serieko binakakoa. Badakit lehia handia dagoela enpresan, baina itxaropena nuen A serieko binakakoa jokatzeko. Ez dit mesederik egin binakako nagusian bi pilotari errioxar egon gintezkeela. Gaztela Leongoa izango banintz, agian aukera gehiago izango nuke jokatzeko. Beste gauza batzuk hartu dituzte kontuan bikoteak egiteko orduan. Gauza batzuetarako kontuan hartzen dute buruz buruko txapelduna zarela, eta beste gauza batzuetarako ez. Buruz burukoa duela bost hilabete irabazi nuen, baina, kirolean, orainak balio du, eta ez duela gutxi egindakoak».
Baikok, berriz, lau bikote hauen alde egin du: Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu; Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena; Iker Larrazabal eta Martxel Iztueta; eta Unai Laso eta Unax Landa. Azken hori da berritasun bakarra. Atzelari oiartzuarrak herrikide bat ordezkatuko du: Ander Imaz. Landak urtebete eskas darama profesionaletan jokatzen, baina bikain dabil. Ez da maila nagusian jokatu duen lehen aldia. Azken binakakoan, adibidez, Mariezkurrena II.a ordezkatu zuen kanporaketan, atzelari nafarra min hartuta baitzegoen. Larrazabalekin jokatu zuen, Zornotzan (Bizkaia), Jakaren eta Iztuetaren aurka. 22-15 galdu zuten, baina Landa oso txukun aritu zen. Hilabete besterik ez zeraman profesionaletan. Ordutik, gora besterik ez du egin, eta horren saria jaso du. Udan, onenekin aritu zen zenbait jaialditan, eta, sanmateoetan Lasorekin jokatu zuen. Berriro jokatuko du binakakoaren azken aurrelari txapeldunarekin.
«Txikitako ametsa bete dut. Sekulako ohorea da. Hori aski ez, eta bikotekiderik onena jarri didate: Unai [Laso]»
UNAX LANDA Baikoko pilotaria
Pozarren dago Landa. «Txikitako ametsa bete dut hemen egonda. Sekulako ohorea da. Hori aski ez, eta bikotekiderik onena jarri didate: Unai, egungo binakako txapelduna eta hiru modalitateetan txapela duen pilotaria. Pozarren nago. Azkenaldian partida politak jarri dizkidatenez, esperantza txiki bat banuen, baina, hala ere, oso urrun ikusten nuen. Zorionez, hemen nago. Unairekin jokatu izan dut, eta asko erraztu dit beti lana: asko dominatzen du eta pilota txar asko kentzen du. Pixkanaka joan nahi dut, beste mundu bat baita hau: izarren artean ariko naiz».Â
Lehiaketa sistemari eutsi diote
Bikote kopuruari ez ezik, azken lau ekitaldien lehiaketa sistemari eutsi diote. Lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: otsailaren 11n, Arrasaten (Gipuzkoa), hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta, otsailaren 12an, Zornotzan (Bizkaia), bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile ateratzen dena zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du, otsailaren 14an, Bilbon, Bizkaia frontoian: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den.
Aurrera egiten duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatuko dira. Bi asteko tartea izango da finalerdietako ligaxkako azken partidatik finalera. Iruñean jokatuko dute finala, Nafarroa Arenan, martxoaren 21ean.
Hauek izango dira lehen jardunaldiko neurketak: ostiralean, Bilboko Deportivon, Elordik eta Zabaletak Etxeberriaren eta Martijaren aurka jokatuko dute (20:45, ETB1); larunbatean, Lizarran (Nafarroa), Artolak eta Albisuk Peña II.aren -Larrazabal ordezkatuko du, hark mina baitu- eta Iztuetaren kontra (17:15, ETB1); igandean, Tolosan (Gipuzkoa), Jakak eta Mariezkurrena II.ak Lasoren eta Landaren aurka (17:15, ETB1); eta astelehenean, Eibarren (Gipuzkoa), Altuna III.ak eta Ezkurdiak Zabalaren eta Rezustaren kontra (17:15, ETB1). Ikusteko dago Altuna III.ak jokatuko duen, ebakuntza egin berri baitiote sudurrean, ondo arnas hartzeko. Gaur ez da egon aurkezpenean. Ez balu jokatuko, Dariok jokatuko luke.
BIKOTEAK
Aspe: Altuna III.a eta Ezkurdia; Elordi eta Zabaleta; Peio Etxeberria eta Martija; eta Zabala eta Rezusta.
Baiko: Artola eta Iztueta; Jaka eta Mariezkurrena; Larrazabal eta Iztueta; eta Laso eta Landa.
EGUTEGIA
Lehen ligaxka (azaroak 27-otsailak 7). Ostiralean hasiko da, Bilbon. Hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira.
Kanporaketa (otsailak 11 eta 12). Ligaxkako hirugarren sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, Arrasaten, eta bosgarrenak, seigarrenaren kontra, Zornotzan. Lehen partidako irabazleak finalerdietako ligaxkan ariko dira.
Bigarren aukera (otsailak 14). Hirugarren eta laugarren sailkatuaren arteko partidaren galtzaileak eta bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoaren irabazleak jokatuko dute, Bilbon, Bizkaia frontoian. Irabazlea finalerdietan ariko da.
Finalerdietako ligaxka (otsailak 20-martxoak 7). Hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira.
Finala (martxoak 21). Iruñean jokatuko dute, Nafarroa Arenan.
PREST DAGO B SERIEKOA ERE
A serieko binakakoaz gain, B seriekoa ere aurkeztu dute gaur. Txapelketa hori ere ostiralean hasiko da, Baños Rio Tobian (Errioxa, Espainia), eta martxoaren 13an jokatuko dute finala, Iruñean, Labriten. Zortzi bikote hauek ariko dira: Aspetik, Dario eta Loza; Murua eta Eskuza; Rekalde eta Gabirondo; eta Salaberria eta Bikuña. Baikotik, berriz, lau bikote hauek ariko dira: Amiano eta Salaberria; Peña II.a eta Lizeaga; Senar eta Eskiroz; eta Zubizarreta IV.a eta Imaz.