Kern Pharma taldeko kirol zuzendaria

Pablo Urtasun: «Bizpahiru urtean ProTeam mailako talderik onenetako bat izan nahi dugu»

Kern Pharma 2020an iritsi zen tropel profesionalera, eta Urtasun zuzendari taldean dabil ordutik. Pozik da egindako bidearekin. «Urtez urte urratsak egiten ari gara». Garapen horretan, garaipenak dira hurrengo pausoa. «Ea aurten bost lortzen ditugun».

(ID_17091595976155) Pablo Urtasun.
KERN PHARMA
enaut agirrebengoa
2024ko martxoaren 5a
05:05
Entzun

Gaztetasuna da Kern Pharma taldearen zigilua. 24 txirrindulariz dago osatuta, eta horietatik hamazazpik 25 urte edo gutxiago dituzte. Gazte artean pozarren dabil Pablo Urtasun (Urdiain, Nafarroa, 1980), kirol zuzendari gisa. «Beteranoekin lan egitea zailagoa da, batez ere garaipen handiak lortu badituzte. «Zer irakatsi behar dit honek niri?», pentsatu dezakete. Gazteek, ordea, belarriak erne dituzte, eta aholkuak jasotzeko prest daude beti».

Bosgarren urtea hasi duzue talde profesional gisa. Pozik zaudete sasoi honetako lehen emaitzekin?

Bai, txukun jokatu dugu han eta hemen. Egia da talde erdia hobe aritu dela beste erdia baino. Erorikoek eragina izan dute, baita gaixotasunek ere. Itxaron egin behar arazo horiek pasatu arte. Dena den, konforme gaude lortutako emaitzekin. Pablo Castrillok, adibidez, oso indartsu hasi du urtea: Jaenen lasterketa ederra egin zuen, Figueiran ere bai, eta Galizian zeresan handia eman du.

Talentu handiko txirrindularien haztegi bihurtu zarete. Hori izan duzue bereizgarri 2020an tropelera iritsi zinetenetik.

Gazteen aldeko apustu irmoa egin dugu hasieratik. Aurten gure txirrindularien batez besteko adina 22 urte ingurukoa dela esango nuke. Ikasten dabilen jende asko dugu, eta horrek pazientziaz lan egitea eskatzen du. Pozik gaude, urtez urte urratsak egiten ari garelako. Hemen garapen prozesua mantsoagoa izaten da Europako beste herrialde batzuetan baino. 19 urterekin jendea ez dabil kanpoan ibiltzen diren bezala. Bide luzeagoa egiten dugu, baina pauso sendoak emanez. Hobe da horrela, nire ustez.

Aurten, bigarrenez ariko zarete Espainiako Vueltan. Nabarituko da lehen aldian baino talde helduagoa zaretela?

Debutean gauzak ondo atera ziren, baina egia da lasterketaren erdian hiru txirrindulari galdu genituela, koronabirusaren ondorioz. Aurtengoa bigarren aldia izango da, eta bai, uste dut nabarituko dela Vueltan aurrez arituak garela, eta txirrindulariek bi urte gehiago daramatzatela profesionaletan. Horrek aukera eman beharko liguke ihesaldietan eta etapen lehian hobe aritzeko. Oso zaila da talde onenei aurre egitea, baina, ihesaldiek arrakasta dutenean, hor egon behar dugu guk.

«Lasterketa guztietan nabaritzen da UCIren puntuak lortzeko presioa, eta zaila da sukar horretatik ihes egitea».

Iaz ez zenuten izan Vueltan lehiatzeko aukerarik. Arindu handia hartu duzue gonbidapena jasota?

Bai, Vueltan egotea oso garrantzitsua baita ProTeam mailako taldeontzat. Hil ala bizikoa den? Ez dakit. Baina garbi dago kolpea izango zela bigarren urtez jarraian kanpoan gelditzea. Gonbidapena lortuta, txirrindulariek lasaiago hartuko dute prestaketa. Lasterketetan, ordea, ezin dira erlaxatu, UCI puntuek sekulako garrantzia hartu baitute. Tentsio hori lasterketa guztietan nabaritzen da, eta zaila da puntuen sukar horretatik ihes egitea: rankingean ez bagaude berrogei talderik onenen artean, datorren urtean ezingo gara egon World Tourreko lasterketetan.

Zer helburu izango duzue denboraldi honetan?

Ez daukagu helburu zehatzik. Garaipenak lortzea gustatuko litzaiguke bereziki. Orain arte oso emaitza onak eskuratu ditugu, baina irabaztea asko kostatzen zaigu. Aurrean gabiltza, baina beste urrats bat egin behar dugu irabazi ahal izateko. Aurten pauso hori eman nahiko genuke. Ea bost garaipen lortzen ditugun. Bestalde, zeresana eman nahiko genuke Vueltan zein World Tourreko bestelako probetan: Kataluniako Voltan, Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikoan, Lieja-Bastogne-Liejan…

Hiru txirrindulari garrantzitsu irten dira taldetik: Roger Adria, Igor Arrieta eta Raul Garcia Pierna. Nabari da haien hutsunea?

Hirurak funtsezkoak izan dira guretzat, eta, ezinbestean, haien irteerak kalte egingo digu. Berriz ere maila oneko jendea iritsi da harrobitik: Diego Uriarte, Jorge Gutierrez, Aznar anaiak… Baina gutxienez bi urte beharko dituzte mailara egokitzeko. Egia da Castrillok eta Pau Miquelek aurrerako urratsa egin dutela eta Ivan Cobo ere hazten ari dela. Irten diren txirrindularien hutsunea betetzen saiatuko dira, zaila izan arren.

«Aspalditik ezagutzen dugu elkar Orozek, Nievek eta hirurok, eta antzeko pentsaera dugu. Horrek norabide berean lan egiten laguntzen digu».

Zer norabidetan ari zarete lan egiten? Ikusmiran duzue World Tourra, edo xede apalagoak dituzue?

World Tourreko helburua presente daukagu, baina pausoz pauso egin beharreko bidea da. Lehen helburua da ProTeam mailako talde onenetako bat bihurtzea. Bizpahiru urtean egon nahiko genuke hor, Uno-X bezalako taldeen pare. Hemendik bi urtera lehen 30 taldeen artean egon beharko duzu World Tourreko gonbidapenak lortu ahal izateko, eta gure erronka beti izango da 25 onenen artean egotea.

Ziklista gisa elkarrekin aritu zineten Juanjo Oroz, Mikel Nieve eta hirurak. Eta, orain, zuzendari lanetan zabiltzate Kern Pharman. Zer moduz konpontzen zarete?

Gustura gabiltza! Juanjorekin 14 urterekin hasi nintzen lehiatzen. Aurkariak ginen garai hartan. Mikelekin Caja Ruralen aritu nintzen lehenik, afizionatutan, eta gero Euskaltelen bat egin genuen. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta esango nuke antzeko pentsaera dugula. Horrek filosofia bateratu bat izaten eta norabide berean lan egiten laguntzen digu.

Sortu zenetik zaude zu Kern Pharman. Nolako esperientzia ari da izaten?

Pozik nago. Hasieran pandemia gurutzatu zitzaigun bidean, eta pena izan zen. Talde gisa, beste bi urte beharko ditugu nahi genuen maila lortzeko. Ez genuen ia lasterketarik izan. Egoerari buelta eman diogu pixkanaka, eta ni, pertsonalki, eroso sentitzen naiz. Gazteei asko irakatsi eta lagundu ahal zaie. Beteranoekin lan egitea zailagoa da, batez ere garaipen handiak lortu badituzte. «Zer irakatsi behar dit honek niri?», pentsatu dezakete. Gazteek, ordea, belarriak erne dituzte, eta aholkuak jasotzeko prest daude beti. Asko gustatzen zait giro horretan lan egitea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.