Brandon McNulty munduko txapeldun, bakarrik helmugaratuta

Lasterketa nahasi batean, estatubatuarrak helmugarako 33 kilometro falta zirela jo du erasoa, eta errentari eustea lortu du. Matthews izan da bigarren, eta Van der Poel hirugarren.

McNulty Montrealgo helmugan, gaur. UCI
McNulty Montrealgo helmugan, gaur. UCI
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 27a
22:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estatubatuar bat izan da azkarrena Montrealgo (Kanada) errepideetan: Brandon McNulty da errepideko txirrindularitzako munduko txapeldun berria, helmugarako 33 kilometro falta zirela jo duen erasoa bikain biribilduta. 28 urteko txirrindulariak 6 ordu eta 17 minututan egin ditu ibilbideko 273 kilometroak, eta hamahiru segundo atera dizkie atzetik izan dituen txirrindulariei. Zilarrezko domina Michael Matthewsek (Australia) jantzi du, eta brontzezkoa Mathieu van der Poelek (Herbehereak).

Lasterketa gogorra eta zoroa izan da. Dozenaka eraso jo dituzte txirrindulariek, hautsi egin da lasterketa, eta talde batek ere ezin izan du kontrolpean hartu. Hori baliatuta, McNultyk erasoari ekin, eta atzean utzi du izen potolo mordoxka biltzen zuen tropeltxoa. Tartean ziren Matthews eta Van den Poel, baita Tom Pidcock (Erresuma Batua), Isaac del Toro (Mexiko), Giulio Ciccone (Italia) eta Ben Healy (Irlanda) ere. Taldetxo horrek ordu erdi pasatxo eman du McNultyren atzetik, baina ez dute harrapatu.

Aurrez, eguneko ihesaldia egin du hamasei txirrindularik osatutako talde batek, baina faboritoak helmugarako 87 kilometro falta zirenean hasi dira mugitzen. Lehendabizi, Wour van Aert (Belgika). Berehala erantzun diote Van der Poelek eta Roglicek, besteak beste. Del Toro mugitu da gero, Van der Poel jarraian... erasoak bata bestearen atzetik heldu dira, baina iheslariak ez dira ondo ulertu, eta hautsi egin da lasterketa. Azkenean, McNulty izan da nahaspila horretan ondoen mugitu dena. 

Pogacarren lekukoa

Ondorioz, Tadej Pogacar azken bi urteetako garailearen lekukoa UAEko bere taldekide batek hartu du. Espainiako Vueltan izandako erorikoaren ondorioz, esloveniarrak ez du parte hartu aurten. 33 urte ziren Ameriketako Estatu Batuetako txirrindulari batek ortzadarraren elastikoa janzten ez zuela: azkena Lance Armstrong izan zen 1993. urtean. Aurrez, Greg Lemondek ere jantzi zuen 1983. eta 1989. urteetan.

Aipatzekoa da Matthewsen lorpena ere: Australiakoak ez du sekula irabazi munduko txapelketa, baina 36 urterekin lortu berri duena munduko txapelketan eskuratu duen laugarren domina da. Zilarrezko bi ditu, eta brontzezko beste bi.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA