Braulioren agurra: itsasontzia hutsik ari da geratzen

Kirol zuzendaria ezustean joan da Osasunatik, eta, hala, ia amaitutzat eman daiteke 2023an goia jo zuen aro arrakastatsua. Ikur diren jokalari batzuei sasoi honetan amaituko zaie kontratua, eta trantsizioa ez da samurra izango.

Luis Sabalza eta Braulio Vazquez, herengun, Braulioren agurreko prentsaurrekoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Luis Sabalza eta Braulio Vazquez, herengun, Braulioren agurreko prentsaurrekoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prentsaurreko mamitsuak eman izan ditu Braulio Vazquezek Osasunaren kirol zuzendari gisa, baina oihartzun berezia izan zuen 2021eko neguan egin zuen agerraldiak. Ataka estuan zegoen taldea, eta, Jagoba Arrasateri babesa adierazteko, itsasontzi baten metafora erabili zuen. «Ez dakit itsasontzia kaira iritsiko den edo ez, baina ez dugu kapitaina aldatuko». Ez ziren hondoratu, ezta gutxiago ere, eta klubaren historiako urterik distiratsuenetako bat osatu zuten geroago, 2023an. Aro hura amaitzen ari da, ordea. Jagoba Arrasatek 2024an utzi zuen Osasuna, eta Braulio Vazquezen txanda iritsi da orain, ustekabean. Lehengo patroiak, beraz, joanak dira. Marinelak geratzen dira bakarrik. Eta alde horretatik ere, aldaketa garaiak datoz, kontratua sasoi honetan amaituko baitzaie klubaren historia garaikidean arrasto sakona utzi duten zenbait jokalariri. Ur harroetan nabigatu beharko du Jose Antonio Prieto Cata-k, Braulioren ordezkoak.

Mugarriz mugarri: hazten lagundu dio

Brauliok bederatzi urte egin ditu Osasunako kirol zuzendari, 2017tik 2026ra. Kargu horretan beste inork baino gehiago iraun du Nafarroako klubaren historian. Iritsi zenean, gorritxoak Bigarren Mailara jaitsi berriak ziren, eta noraezean zeuden. Kirol arloa berregitea zegokion Brauliori. Hasieran, kale egin zuen. Haatik, bete-betean asmatu zuen 2018an Jagoba Arrasate entrenatzaile izendatuta. Binomio aparta osatu zuen teknikari bizkaitarrarekin: batak jokalari egokiak hautatu zituen, eta besteak, maisuki zuzendu. Horiek horrela, Lehen Mailara igo, eta gorenean guztiz egonkortu zen Osasuna. Areago, Kopako finala jokatu zuen 2023an, eta Europan aritzeko sailkatu. Taldea osatzeko orduan, agintariek konfiantza osoa izan dute Brauliorengan, eta askatasun handiz jardun ahal izan du hark.

Sormena eta sena: askotan asmatu du

Dena den, ezin izan du nahieran aritu fitxaketak egiteko garaian, Osasunak gaitasun ekonomiko mugatua baitu. Hori jakinik, sena zorroztu du, balekoak izan zitezkeen jokalariak identifikatzeko, eta aurrerapen handiz egin du lan. Uda betean, zaila zen buruz buru beste lehiakideei aurrea hartzea. Brauliok erabaki on asko hartu ditu, eta eraldatzaileak izan dira batzuk. Adibidez, Bigarren Mailan oinarri sendoa osatu zuen, Sergio Herrera, Torro eta Ruben Garcia elkartuta. Hirurek taldean jarraitzen dute. Urte hauetako fitxaketarik onena, ordea, Budimirrena izan da. Zinez errentagarria izan da kroaziarraren truke Osasunak ordaindu zuen dirutza: zortzi milioi euro, Osasunak jokalari bat ekartzeko inoiz egin duen inbertsiorik handiena. Salmenta nagusia ere Braulioren eskutik egin du Nafarroako klubak: 20 milioi euro jaso ditu uda honetan Victor Muñozen truke. Beste salmenta batzuk ere oso probetxugarriak izan dira.

Ez da ezkutatu: bozeramaile ere izan da

Azalpenak emateko prest egon da beti Braulio. Maiz agertu da komunikabideen aurrean, klubaren ordezkari bihurtuta. Ahoan bilorik gabe hitz egin izan du, eta haren adierazpenek ez dute inor epel utzi. Harrobiarekin izan duen jarrerak kritikak piztu izan ditu zaleen artean. Aurreko liga amaitzean, atea itxi zien bigarren taldeko jokalariei sasoi berrira begira. Halere, Mauro Etxegoienek urratsa egin du, Luis Miguel Ramis teknikariak hala eskatuta. Aimar Oroz eta Jon Moncayolari eustea funtsezkotzat jo du Brauliok, baina, era berean, huts egin zuen Pablo Ibañezi kontratua ez berrituta. Brauliok berak akats hori onartu zuen asteleheneko agerraldian, jokalariaren izena aipatu ez bazuen ere. Era berean, onenak jada eman zituztela iritzita, irteerako atea zabaldu zien etxeko hiru jokalari handiri: Oier Sanjurjori, Roberto Torresi eta Unai Garciari.

Aukera galdua: eraldaketa abia zezakeen

Iragan sasoiak amaiera dramatikoa izan zuen Osasunarentzat. Aurkarien emaitzak tarteko, izkin egin zion hondamendiari, baina agerian geratu zen: taldea eraberritu beharra zegoen. Bada, ez da halakorik gertatu. Taldeak nukleo berbera du oraindik ere. Bost jokalari joan dira, baina bik bakarrik utzi dute zuloa hamaikakoan: Javi Galanek eta, bereziki, Victor Muñozek. Joan diren beste jokalariak Sheraldo Becker, Iker Benito eta Juan Cruz izan dira. Era berean, lau jokalari fitxatu dituzte gorritxoek: Jonathan Dubasin, Rockson Yeboah, Diego Rico eta Romain del Castillo. Dubasin nahiko oharkabean igaro da orain arte erasoan, eta Ricok eta Yeboahk oso bigun jardun zuten Espanyolen aurka. Hots, iritsi berriak zalantzapean daude.

Cata, lanez lepo: Budimirren azken dantza ote?

Osasunak 30 urtetik gorako hamar jokalari ditu, Lehen Mailako beste taldeek baino gehiago. Bada, azalberritze prozesua Catak gidatuko du. Hura eta Braulio hezur eta mami izan dira aspalditik. Valladoliden elkarrekin egin zuten lan, eta halaxe izan da Osasunan ere. Cata idazkari tekniko aritu da orain arte, eta Oviedok eginiko eskaintzari uko egin zion uda honetan. Aurrerantzean, kirol arloaren buru izango da Osasunan, eta karpeta asko ditu zabalik mahai gainean. Horietako batean, Budimirren izena ageri da: kroaziarrari 2027an amaituko zaio kontratua, Ruben Garciari eta Torrori bezalaxe. Aurrelariaren irteera traumatikoa izango litzateke, haren golak baitira Osasunaren sostengu nagusia. 35 urte ditu, baina asegaitz jarraitzen du.

Zelaian ere, zalantzak: goitik behera dator

Bulegoetan ez ezik, zelaian ere kezkatuta egoteko arrazoirik bada gorritxoentzat. Lehen hiru partidetan, txukun aritu ziren Ramisen aginduetara. Brauliok izendaturiko bosgarren teknikaria da hura, eta Arrasate izan da sasoi bat baino gehiago iraun duen bakarra. Ramisen lehentasuna talde sendoa eratzea da, eta bide onetik ekin zion sasoiari. Ordea, azken bi partidetan zazpi gol sartu dizkiote Osasunari, eta oker handiak egin ditu. Gainera, erasoan argitasun falta nabarmena du. Del Castillo izan da Brauliok Osasunan fitxatu duen azkena, eta sormen lanetan garrantzitsua izan beharko luke.

Atletico Madrilen zelaian arituko da bihar osasuna

Gorabeheratsu doaz azken bi asteak Osasunarentzat. Braulio Vazquez kirol zuzendaria ezustean joateaz gain, gorritxoek galdu egin dituzte ligako azken bi partidak. Bihar bolada hori aldatzen ahaleginduko dira, Atletico Madrilen zelaian (19:00, Movistar+). 

Luis Miguel Ramis gorritxoen entrenatzaileak Braulioren agurraz hitz egin du gaur, partida atariko agerraldian: «Oso hunkigarria izan zen. Eskerrak eman besterik ezin dut egin hona etortzeko eman zidan aukeragatik. Gure desadostasunak izan ditugu, normala da; baina harreman zuzena izan dugu. Ziur nago Catak ere arrakasta izango duela». 

Biharko partidari dagokionez, esan du badakiela minutu asko egin beharko dituztela defentsako lanean: «Oso adi eta ordenatuta jokatu behar dugu. Partidak guri komeni zaigun bilakaera izan dezan saiatuko gara. Taldea gai ikusten dut ondo lehiatzeko eta Atletico Madril estu hartzeko». Moi Gomez, Aimar Oroz, Herrando eta Rosier ez dira garaiz osatu

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA