Aurten bai. Mischa Bredewoldek (SD Worx) liderraren elastikoa erantzi behar izan du Euskal Herriko Itzuliko azken bi edizioetako azken etapetan, baina aurten, kostata, eutsi dio, eta lehen aldiz irabazi du lasterketa. Igeldoko maldetan minutu erdi ere galdu du onenekiko, baina beheranzkoan berreskuratu du galdutakoa. Helmugan, atzo bezala, Dominika Wlodarczyk (UAE) izan da azkarrena. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) laugarren izan da gaur, eta zortzigarren amaitu du sailkapen nagusian.

Etapan ez da ihesaldirik nabarmendu, eta Igeldoko igoerara arte itxaron behar izan da oilarren arteko lehia ikusteko. Han, helmugarako hamabost kilometro falta zirela, zazpi txirrindulari geratu dira buruan, tartean, Ostolaza, Wlodarckzyk eta Kastelijn bigarren sailkatua. Atzean geratu da Bredewold, besteak beste.
Igoeran Dicksonek jo du erasoa, eta Ostolazak eta Wlodarczykek eutsi diote. Bredewoldek, ordea, ez du amore eman, eta tartea murriztu du pixkanaka. Esprintean atzoko garailea izan da azkarrena; Muzicek amaitu du bigarren, Dicksonek hirugarren, Ostolazak laugarren eta Bredewoldek, sailkapen nagusiko onenak, bosgarren.