Jon Uriarte Uranga presidentea buru duela, Athleticeko zuzendaritzak 186 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko die gaur bazkide konpromisarioei, Ohiko Batzar Nagusian, Bilboko Euskalduna jauregian, 18:00etan hasita. Arlo ekonomikoari dagokionez, ez da inolako zalapartarik espero, Uriartek berak joan den asteburuan aipatu baitzuen klubak ekonomikoki duen osasuna «bikaina» dela. Ordea, beste gai batzuk jorratuko dira batzarrean. Uriartek duela hiru aste aurreratu zuen behin lau urteko agintaldia amaituta berriz aurkeztuko dela hauteskundeetara. Sasoia amaitzean izango dira hauteskundeak. Zurrumurruak egia bihurtzen badira, baliteke beste hautagaitza bat aritzea Uriarterekin lehian, eta gaur ikusi ahal daitezke horren zantzuak.
Jauzi ekonomikoa
Zazpi milioiren irabaziak
Batzarraren gai ordenari jarraituta, joan den denboraldiko diru kontuen balantzea egingo da lehenbizi. Athleticek bideo baten bitartez jakinarazi zuen moduan, zazpi milioi euroren irabazi garbiak izan zituen klubak. Azken urteetako hazkunde nabarmenari eutsi zion Uriarteren taldeak, eta bazkideen gehiengoak onartuko ditu diru kontu horiek. Besteak beste, Espainiako Ligan laugarren postuan sailkatzeak eta Europa ligan finalerdietara iristeak diru ekarpen «garrantzitsuak» ekarri zizkion Athletici. Gainera, iturri komertzialetatik hamahiru milioi jaso zituen zuzendaritzak. Datu horiei erantsi behar zaie San Mameseko harmailen etengabeko betekada. Zelaiko ikuskizunak ahalbidetuta, partida guztietan estadioaren %96tik gora bete zuten jarraitzaileek. Ligan daturik onenak bildu zituen zelaia izan zen San Mames joan den sasoian.Â
Bide berari eutsiko dio Athleticek denboraldi honetan, eta 186 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko die bazkideei. Uriartek aurreikusten du hamar bat milioi euroren irabazi garbiak edukitzea liga amaieran. Uriarteren agintaldian, bi halakotu dira Athleticen diru sarrerak: 100 milioi eurotik 200 milioi eurora. Halako kasuetan zuhurtziaz jokatu ohi du zuzendaritzak, eta aurrekontu horrek ez ditu biltzen Txapeldunen Ligako diru ekarpen gehigarriak. Athleticek lan biribila osatuko balu txapelketa horretan, aurrekontua puztu egingo litzateke. Dena den, aurreikusitakoaren arabera, ekonomikoki «osasuntsu eta ahaltsu» amaituko du klubak denboraldia, eta aukera izango du etorkizun hurbilari baikor begiratzeko: «kirol arloan, sozialean, negozio ereduan eta azpiegitura berriak egiterakoan».Â
Alde ilunak, sozialki
Beste hautagaitza bat
Athleticek ekonomikoki lortu duen egonkortasunaz jakitun, gai zerrendako lehen bi puntuetan ez da bazkideen kexarik espero, baina arlo sozialean irits daitezke desadostasunak. Besteak beste, kuoten igoerak, Herri Harmailarekin izandako gatazkek eta Athleticeko peñen haserreak eragina izan baitute azken hilabeteetan. Kuotei dagokienez, bazkide asko ez ziren konforme agertu kuotetan izandako igoerekin, eta ikusteke dago datorren urteari begira zer-nolako igoera iragarriko duen Uriarteren zuzendaritzak. Herri Harmailarekin izandako gatazka ere mintzagai izango da batzarrean. Klubak «hainbat isun» jaso zituen ligan joan den sasoian, harmaila horretatik egiten ziren «oihu eta jarrera desegokiagatik» Muturreraino jo zuen gaiak. Gainera, Athleticeko peña askok haserrea agertu zuten, gero eta zailtasun gehiago zituztelako sarrerak lortzeko.Â
Gai sozial horiek aztergai izango ditu Uriartek, baina jakin izan du urak bere onera ekartzen, eta denboraldi honetan ez du aurkako adierazpenik izan. Horregatik, ondoriozta daiteke alde daukala bazkideen masa sozialaren gehiengoa. Dena den, baliteke hauteskundeetan lehiarik izatea beste hautagaitza batekin. Uriartek ez du zehaztu noiz egingo diren bozketak, baina sasoia amaitzean izango da. Ikusteko dago beste hautagaitzarik dagoen.
ZALANTZAK KIROL ARLOAN
Valverderen eta Lergaren geroa
Ohikoa izaten den moduan, kirol arloak hartuko du batzarrean denbora gehien. Kezka nabaria da zaleen artean, Athleticeko bi talde nagusien egoera ez baita aurreko sasoian bezain ona. Gizonezkoei dagokienez, ligan jokatu dituen azken zazpi partidetatik soilik bakarra irabazi du. Uriarteren zuzendaritzak konfiantza osoa azalduko du Valverderengan, baina baliteke entrenatzailearen azken urtea izatea. Jomugan ageri dira Andoni Iraola eta Iñigo Perezen izenak, biek amaituko baitute kontratua ekainean euren taldeekin. Emakumezko taldearen egoera ere kezkagarria da. Zortzi neurketa jokatu ondoren, bost puntu dituzte, baina irabazi gabe jarraitzen dute. Javi Lerga entrenatzailea egoera zailean dago. Gutxienez, Uriartek zera du alde, kontratu berritze garrantzitsuak lortu dituela gizonezkoen talderako: Nico Williamsena, kasurako.Â
 
     
    