Tropeleko izar gehienek dauden tokian jarraituko dute datorren denboraldira begira. Hala ere, mugitua ari da izaten fitxaketak egiteko garaia; hein batean, euskal txirrindularien eraginez. Errepidean bezala, bulegoetan ere zeresana ari dira ematen.
Gorenean, Igor Arrietak eta Markel Belokik maillot berriak jantziko dituzte datorren urtean, eta Diego Uriartek, Ibon Ruizek eta Urko Berradek beteranoen tokia hartuko dute. Izan ere, Ion Izagirre eta Pello Bilbao erretiratu egin dira, eta Mikel Landak koska bat egin du behera. Bestalde, Usoa Ostolaza ez da aurrerantzean Laboral Kutxa-Euskadi taldean arituko, Uno-Xn baizik. Emakumeen tropelean, beste lider batzuek ere taldez aldatu dute, hala nola Kasia Niewiadomak eta Paula Blasik. Gizonen kasuan, Richard Carapaz, Felix Gall eta Filippo Ganna izan dira merkatuko protagonista nagusiak. Primoz Roglic Red Bulletik aterako da, baina oraindik ez du talderik aurkitu.
1
Nukleo berria: aldaketak World Tourrean
Agortzear da garai bateko Euskaltelen aritu ziren euskal erreferenteen aroa. Soilik Mikel Landak jarraitzen du ekinean, eta datorren urtean ez da World Tourrean ariko. Pello Bilbao eta Ion Izagirrek, berriz, denboraldi honetan esan dute agur. Bada, hiru beterano horiei erreleboa emanda, Diego Uriartek, Ibon Ruizek eta Urko Berradek goreneko mailan jardungo dute 2027an. Talde berri bat bilatzera behartu ditu Kern Pharmaren desagerpenak, eta hirurek arrakasta izan dute: Uriartek hiru urterako sinatu du Movistarrekin, Ruiz gutxienez bi urtez izango da Bahrainen, eta Berrade Astanara joan da, Education Firsten orbitan egon ondoren.
Igor Arrietak eta Markel Belokik World Tourrean jarraituko dute, baina soinean maillot berriak dituztela. Arrietak hiru urte egin ditu UAE ahaltsuan, eta aurten Giroan etapa bat irabazi ondotik, hiru urterako fitxatu du Lidl taldearekin. Beloki, berriz, Education Firstetik irten eta Ineosera joan da. Jon Barrenetxeak Movistarren jarraituko du, Haimar Etxeberriak Red Bullen, eta Oscar Rodriguezek Ineosen.
2
Hutsune handia: Ostolaza badoa etxetik
Sei urte arrakastatsuren ondoren, Usoa Ostolaza Laboral Kutxatik aterako da. Haren emaitzek hobera egin dute denboralditik denboraldira, eta funtsezkoa izan da taldearen hazkundean. Aurten, laugarren amaitu du Espainiako Vuelta, Eibarko Sari Nagusia irabazi du, eta podiumera igo da Burgosko Itzulian, beste hainbat emaitza aipagarriren artean. World Tourrera jauzi egiteko prest zegoen, eta hala egingo du, Uno-X taldearen eskutik. Hori horrela, galera handia izango du Laboral Kutxak. Hamalau txirrindulariko multzoa osatu du denboraldi berrirako, eta horietatik bost berriak izango dira: Maite Urteaga eta Maier Olano (Eulen), Aiala Serrano (Cantabria Deporte), Sandra Alonso (Eneicat) eta Lucia Ruiz (Movistar). Denen artean, Ostolazaren irteerak eragingo duen kaltea leuntzen saiatuko dira.
3
Lider entzutetsuak: Landa bueltan dator
Euskaltelek, kontrara, oso lider sendoa izango du, Mikel Landak etxera itzultzea erabaki baitu. Arabarrak hamasei urte egin ditu World Tourrean; azken hirurak, Soudal taldean. Bada, bere ibilbideari amaiera erromantikoa emateko asmoz, bi urterako sinatu du Euskaltelekin. Harekin batera, beste bost txirrindulari ekarri ditu talde laranjak: Unai Ramos (Kern Pharma), Ander Okamika (Burgos), Julen Arriolabengoa (Caja Rural), David Gonzalez (Pinarello) eta Alain Suarez (BBK). Jorge Azanza zuzendariak 22 txirrindulari izango ditu bere esanetara, eta, ondo bidean, itzuli handi batean jarduteko aukera izango dute.
Caja Rural Frantziako Tourrean lehiatu da aurten, eta goiari eusten lagunduko dio Sergio Higuita (Astana) fitxatzeak, betiere kolonbiarra bere onera itzultzen bada. Higuita Fernando Gaviria herrikidearekin elkartuko da Caja Ruralen. Eric Fagundez (Burgos) uruguaitarra ere fitxaketa garrantzitsua izan daiteke. Era berean, Kern Pharmako lau txirrindulari iritsi dira: Unai Iribar, Mats Wenzel, Marc Brustenga eta Cesar Perez. Nafarroako taldeari kalte egin diezaioke Abel Balderstone, Jan Castellon eta Sebastian Berwick multzotik joateak; UAEra doa lehena, eta Pinarellora beste biak.
4
Talde bila dabil: Roglic, esperoan
Espainiako Vuelta irabazi izan balu, aurten erretiratuko zatekeen Primoz Roglic. «Zalantza izpirik gabe», aitortu du esloveniarrak. Ordea, bigarren izan zen, Enric Masen (Movistar) atzetik. Oso lehiakor aritu da denboraldiko azken probetan, eta ekinean jarraitu nahiko luke. Kontratua amaitzear du Red Bullen, eta asteak daramatza talde bila. Erakarriko duen eskaintza baten zain dago. Elkarrizketak izan ditu Pinarello, Visma, Unibet eta Lotto-Intermarche taldeekin, baina ez da akordiorik izan. Halabeharrez erretiroa hartu beharko luke talderik aurkitu ezean. Richard Carapaz, berriz, NSN taldera joan da, lau urtez Education Firsten jardun ondoren. Emakumeen tropelean ere izan da lider aldaketarik: Kasia Niewiadomak Lidl indartuko du, Canyonetik irten ostean, eta Paula Blasi UAEtik Movistarrera joango da.
5
Sendotu egin dira: Lidl, orga hartuta
Emakumeen taldea ez ezik, gizonena ere indartu du Lidlek. Eta nola, gainera: Arrietarekin batera, Felix Gall (Decathlon) eta Filippo Ganna (Ineos) ere Alemaniako egitura horretan lehiatuko dira datorren urtetik aurrera. Gallen egitekoa itzuli handietan nabarmentzea izango da; aurten, bigarren izan da Giroan, eta hirugarren Vueltan. Haatik, lidergoa partekatu beharko du Juan Ayuso eta Mattias Skjelmoserekin. Gannak, berriz, emaitza onak bermatuko ditu erlojuaren aurka, eta klasikoetako multzoa irmotuko du. Giulio Cicconeren irteera ez da horren mingarria izango Lidlentzat. Italiarra Pinarellora joango da, Mauro Schmidekin (Jayco) batera. Pinarello eta Tudor talde suitzarrek hazten jarraitu nahi dute; Tudorren kasuan, Arnaud De Lie (Lotto) eta Kaden Groves (Alpecin) izango dira berritasun nagusiak. Decathlonek, berriz, Pavel Sivakov (UAE), Ben O’Connor (Jayco) eta Laurens De Plus (Ineos) fitxatu ditu, Paul Seixasi lagun diezaioten.