Dario 22-8 Larrazabal

Dario finalera, olatuaren gainean

Errioxarrak nagusitasunez irabazi dio Larrazabali Logroñon (22-8), eta Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du maiatzaren 31n, Artolaren kontra.

Dario Gomez finalerako sailkapena ospatzen, gaur, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. RAQUEL MANZANARES / EFE
Dario Gomez finalerako sailkapena ospatzen, gaur, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. RAQUEL MANZANARES / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 17a
19:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

72 urteren buruan, errioxar bat izango da berriro Buruz Buruko Txapelketako finalean. 1954. urtean, Abel San Martin Barberito-k jokatu zuen txapelketa nagusiko finala, eta 2026.ean Dario Gomez ariko da. Gaur, 22-8 irabazi dio Iker Larrazabali Logroñoko Adarraga pilotalekuan (Espainia); agerian utzi du zergatik zen faboritoa, erakutsi du sasoi betean dagoela, eta nagusi izan da hasieratik amaierara arte.

Hasiera parekatua izan da, erritmo bizikoa (2-2), baina berehala hasi da Dario aurkaria mendean hartzen. Tanto gogorrak jokatu dituzte; Larrazabal tantoak arinegi amaitzen ahalegindu da pare bat aldiz, eta errioxarrak ez du huts bat bera ere egin (7-2). Ezin sendoago jokatu du. Azkenean, hutsartea eskatzera behartu du Amurriokoa, agerikoa baitzen hura ez zebilela eroso.

Larrazabal min nola eman asmatu ezinda ibili da pilota egoki geratzen zitzaionean ere, eta Dariok, defentsan aritzea egokitu zaionean, erakutsi du zer-nolako dohain fisikoak dituen. Zenbait tantotan lehertu egin du Larrazabal (11-2).

Arabarrak Darioren hutsegite bat baliatuta lortu du bolada txarra etetea, baina ez du modurik egin segida emateko (15-3). Ezinean ari zen, eta etsipen keinu mordoxka ere egin ditu.

Lau tanto jarraian, baina alferrik

Orduantxe lortu du sakez hiru tanto erreskadan egitea (15-7), baina Dario ez da urduri jarri, eta berehala itzuli da lehengo bidera (21-7), Adarragan bildutako zaleen pozgarri. Etxean jokatu du gaur.

Larrazabalek berak aitortu du buruz neketsua egin zaiola markagailuan atzetik ibiltzea, eta Dario izan dela partidaren erritmoa ezarri duena. Adierazi du arlo fisikoa ere funtsezkoa izan dela.

Jokatutako hirugarren finalaurrekoan lortu Dariok finalerako sailkatzea. Bi aste barru jokatuko du, maiatzaren 31n, Iruñeko Nafarroa Arenan. Iñaki Artola izango du parean, atzo Unai Laso mendean hartu baitzuen hark (22-13).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE