Artola 6-22 Dario

Dario Gomezek erakustaldia emanda irabazi du buruz buruko txapela

Txapelketa guztian bezala, sasoiz eta jokoz ikusgarri aritu da Aspekoa, eta erraz nagusitu zaio Iñaki Artolari. Historian bigarrenez, Errioxara joan da banakako txapela.

Dario Gomez, gaur, txapela jantzi berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Dario Gomez, gaur, txapela jantzi berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2026ko maiatzaren 31
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txapel usaina dario. Buruz buruko txapelketa final-laurdenetan zela, izenburu horrexekin publikatu zuen BERRIA egunkariak artikulu bat, Patxi Ruiz pilotari ohiaren adierazpenak ardatz harturik. Bistakoa zen txapela ez zuela oso urrun izango errioxarrak, eta gaur lortu du bere kirol ibilbideko balentriarik handiena, indar erakustaldia eginda jantzi baitu txapel preziatua, Nafarroa Arenan. Bikain jokatu du hasieratik bukaerara, hala erasoan nola defentsan, eta esku-eskura izan du perfekzioa. Sakeari etekina atera du, pilota luze ibili, eta horma-bikoarekin ernegatu egin du Iñaki Artola. Alegiarrak ez du bere egunik onena izan, baina Dario izan da horren erantzule nagusia. Lehen finala izan duen arren, ez da batere kikildu, eta ongi merezita egin da txapelaren jabe. Hala, buruz buruko txapelak bigarren aldiz hartu du Errioxarako bidea.

Julian Retegi txapeldun handiak esan ohi zuen aholku emailerik onena baino nahiago zuela buruz buruko final batean lehen sakea alde tokatzea. Bazekien zerbait nafarrak, 11 aldiz txapeldun izana baita, eta bazekien zerbait Dario Gomezek ere. Besteak beste, lehen sakea alde tokatu izana ederki baliatu baitu finalari hasiera hobea emateko. Pozoiz beteriko sakeak egin ditu hasieratik Dariok, eta ez du barkatu. Istant batean 0-5 aurreratu da. Artolak ez du asmatu non kokatu; batzuetan aurrera egin du errestoan, eta besteetan, atzera. Sakea eramatea lortu duenetan ere, aukerako pilotak utzi dizkio errioxarrari, eta hark nahierara jokatu du. Frontoiaren ezaugarriek lagundurik, gurpilarekin asko zabaldu ditu horma bikoak, eta horri esker egin du minik handiena.

Dario, finala amaitu berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Dario, finala amaitu berritan. IÑIGO URIZ / FOKU

Artolak hortzak estutu eta sufritu beste aukerarik ez du izan hasieran. Garesti atera zaio ahalegina. Metro asko egin behar izan ditu lasterka, eta abiadura bizian, gainera. Sakea hartu duen aldiro, ez du asmatu, nekearen seinale. Sakearen boteari gaizki eragin dio, eta errematera joan denetan opariak egin ditu. 1-5ean eta 2-7koan ez dio etekinik atera sakeari, eta aukera izan duen aldi bakanetan ez da batere fin ibili. Eskuinez, ez du pilota gozatu, eta hanka sartu du erasoan. Dariok, berriz, bere horretan jarraitu du. Buruz ere jarrera bikaina azaldu du. Sake-erantzunetan airez jarri da, eta ez du inolako zalantzarik izan nolako jokoa kantxaratu erabakitzeko orduan. Laineza hartuta ibili da bata, eta gain hartuta bestea.

Horiek horrela, alde dotorea izan du Dariok: 2-10 eta 4-12. Etxeko lanak ongi eginda iritsi da lehen atsedenaldi luzera. Deigarria izan da Artolak baimendutako hiru atsedenak eskatuak zituela 2-10 zihoazenerako. Eta hirurak izan dira neke fisikoak eragindakoak. Hanketan freskotasunik gabe aritu da alegiarra, eta erabakietan ere ez du asmatu. 4-12koan, Artolaren lau tantoetatik hiru Darioren opariak izan dira, errematean kontrakantxara joan zaizkion pilotakadak, hain zuzen ere. Beste tantoa sakez egin du Baikoko pilotariak. Jokoz eta sasoiz, askoz hobeto ibili da Dario.

Artolak atsedenaldi luzea zuen itxaropen bakarra, baina, hura bukatzean ere, lehengo lepotik izan du burua finalak. Tanto ikaragarri gogorrak izan dira 5-14koa eta 5-15ekoa. Pilotakada asko jo dituzte bi pilotariek, lurrean makurtuta amaitu dute tantoa biek, baina, ataka horretan, askoz erosoago egon da Dario. Nekatuta zegoen, baina aurkaria askoz gehiago. Artolak ez du taktika egokia erabili. Hil edo bizi jokatu beharra zeukan, bi pauso aurrera emanda, eta ez du halakorik egin. Piloteoari eman dio lehentasuna, eta tanto luzeetan Dario izan da nagusi. Bigarren atsedenaldi luzera 6-18 aurretik iritsi da errioxarra.

Txapela lortzeko bidea, gozatuz

Bada, azken txanpan gozatu egin du Dariok. Konfiantza handia erakutsi du bere buruarengan, eta luzitzeko baliatu ditu azken tantoak. Horma-bikoz min egiten jarraitu du, eta atzean bukatu ditu pare bat pilotakada eder. Ametsetako gidoia bete du: buruz buruko txapela irabazi du, gozatuz. Behin baino gehiagotan amildegiaren ertzean ikusi du bere burua Ezkaraiko pilotaria, hanka eta erdi Aspe enpresatik kanpo izana baita. Aste honetan, ordea, hiru urterako berritu du kontratua, eta opari galanta izango du urtebetean gorriz jokatu ahal izatea. Orain Aspe enpresak izango du erronka, Dariok erakutsi baitu merezi dituela aukerak goi mailan.

Errioxako zalea mordoa izan da gaur Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU
Errioxako zale mordoa izan da gaur Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU

Dariok adina poz hartu dute Errioxatik Iruñera joandako zaleek. Lehortean ziren aspaldian, baina gaur, historian bigarrenez, Errioxara eraman dute buruz buruko txapela. Orain arte,  Abel San Martin Barberito I.ak bakarrik lortua zuen hori, 1953an, Gallastegiren kontra jokatu behar zuen finalean. Gallastegi ez zen aurkeztu finalera, eta errioxarrari eman zioten txapela. Hurrengo urtean, Barberito I.ak galdu egin zuen finala, Soroa III.aren aurka. Beraz, historian lehenengoz, buruz buruko final bat jokatuta egin da txapeldun errioxar bat: Dario Gomez.

Artolak, berriz, txapelik gabe jarraitu beharko du. 2021ean sailkatu zen lehenengoz buruz buruko finalerako, baina, lesio batek eraginda, ez zuen jokatzerik izan. Iaz, berriz, bi final jokatu zituen: banakakoa eta binakakoa. Bietan gertu izan zuen garaipena, baina ez zuen txapelik jantzi. Gaur kolpe gogorra hartu du, baina erakutsi du onenen artean finkatuta dagoela.

Urtebete gorriz

Partida amaitutakoan, bere kirol ibilbideko egunik zoriontsuena dela esan du Dariok, eta gogoan izan ditu, bereziki, txiki-txikitatik Ezkaraiko pilota eskolan izan dituen teknikari guztiak. Final «oso ona» jokatu duela esan du, beroketa lanetan jada bikain sumatu duela bere burua, eta presiorik ez duela nabaritu; hori, izatekotan, finalerdietan Logroñon (Espainia) jokatu zuenean nabaritu zuela.

Eskerrak eman dizkio familiari, gurasoei eta bi anaiei, eta adierazi du duela bost hilabete ezingo zukeela sinetsi ere egin txapela jantziko zukeenik. Gogorarazi du behin baino gehiagotan izan duela hanka bat enpresatik kanpo, eta, horregatik, orain urtebete gorriz jantzita ibiltzea albiste bikaina dela. Horretaz gozatzea du hurrengo erronka.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE