Buruz buruko txapelketak aurrera egin ahala, gero eta arreta handiagoz erreparatzen dio esku pilotari Patxi Ruizek (Lizarra, Nafarroa, 1980). Hamahiru urte badira galtza zuriak erantzi zituela, bizkarreko lesio batek eraginda. Hori bai, orain ere pilotalekuetara joaten da ahal duenetan, eta, bestela, telebistari so egoten da asteburuetan, batez ere banakako txapelketa abian dagoenean. «Buruz burukoa da gehien maite dudan modalitatea, pilotari bat orduan agertzen baita bere osotasunean». Besteak beste, 2003an buruz buruko txapela jantzi zuen Ruizek, finalean Aimar Olaizolari 22-7 irabazita. «Ni izan nintzen azkeneko atzelaria banakakoa irabazten, eta uste dut kostako dela marka hori berdintzen, atzelarientzat ia ezinezkoa bihurtu baita buruz buru lehiatzea».
Aurten ez du inork hautsiko marka hori, lehian geratzen diren zortzi pilotariak aurrelariak baitira. Bada, asteburu honetan argituko da nortzuk izango diren finalerdietan ariko diren lehen bi pilotariak. Ondo bidean, Dario lau onenen artean izango da, eta horrek berekin ekarriko du Unai Laso edo Jokin Altuna, bietako bat, kanpoan geratzea. Lasok bere esku du finalerdietan sartzea, Dariori irabazten badio helburua lortuko baitu. Altuna III.ak beste emaitzen zain egon beharra dauka. «Izenei erreparatuta, sorpresa moduan har daiteke Laso edo Altuna III.a kanpoan geratzea, baina jokoari begiratuta uste dut Dario izan dela orain arteko pilotaririk onena. Dena den, oso irekia ikusten dut txapelketa».
Duela hamabost urte inguru, txapela irabazteko bi hautagai sendo izaten zirela dio Ruizek: Olaizola II.a eta Juan Martinez de Irujo. «Faboritoak haiek izaten ziren, baina tartean azaltzen ginen beste batzuk ezustea emateko: ni neu, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea, Xala…». Orain txapela lortzeko bidea zabalagoa dela uste du nafarrak. «Altuna III.a eta Laso izango dira faborito nagusiak, baina nik ez dut hain garbi ikusten. Txapela jantz dezaketen zenbait pilotari ari dira lehian: Dario bera, Javier Zabala…». Hori bai, bakar baten aldeko apustua egin beharko balu, Dario hautatuko luke Ruizek. «Aspalditik nuen itxaropena pilotari horrekin, eta ematen du aurten izan dezakeela bere urtea».
Buruz buru lehiatzeko ezaugarri guztiak ditu Dariok. «Fisikoki ahaltsua da, hankez azkarra eta pilotari saiatua. Beti izan ditu arazoak eskuetan, baina badirudi zortea alde duela oraingoz». Zerbait falta bazaio, ezkerrez tantoa amaitzeko gaitasuna falta zaio errioxarrari. Dena den, horren beharrik ez dauka, Ruizen esanetan. «Kolpez aurkariak baino askoz gehiago izan da orain arte, eta horrek bidea erraztu dio. Horma-bikoari esker amaitzen ditu tanto asko, eta boleaz ere fin ikusi dut defentsan». Dena dela, zailtasunak topa ditzake txapela eskuratzeko bidean zailtasunak. «Txapela irabaztea ez da inoiz izan erraza. Oraindik lan asko egin beharko du Dariok horretarako. Presioa azaltzen zaion garaian ikusi beharko da nola kudeatzen duen egoera».
«Dario fisikoki ahaltsua da, hankez azkarra eta pilotari saiatua. Beti izan ditu arazoak eskuetan, baina badirudi zortea alde duela oraingoz. Kolpez aurkariak baino askoz gehiago izan da orain arte»
 PATXI RUIZ Pilotari ohia
Laso eta Altuna III.a, berriz, ez dira beren maila ari, Ruizek aitortu duenez. «Binakako Txapelketan lan bikaina egin du Lasok, baina orain ordaintzen ari da. Lesio gogor baten ondoren, prestakuntza guztia binakakoari begira egingo zuen, eta orain buruz buru lehiatzea zail egiten ari zaio. Kolpe freskorik gabe dabil, baina finalerdietan sartzen bada, denbora alde izango du». Altuna III.a, berriz, hari batetik zintzilik dago, baina lehian jarraitzea lortzen badu, damua izan dezakete gainerako pilotariek. «Triste antzean ikusi dut, baina inork baino eskarmentu handiagoa du, eta ez da lehen aldia kinka larrian dagoena. Finalerdietan sartzen bada, erne».
Larrazabal gustukoen
Beste multzoari dagokionez, datorren asteburuan erabakiko da guztia, baina badirudi beste errioxar bat finalerdietan izango dela: Zabala. «Txapeldun izateko gaitasuna badu, baina bolada hobean egon izan da. Ez dakit eskuetatik erabat ondo ote dagoen. Hori bai, pozgarria da berriro errioxarrak izatea onenen artean. Logroñoko Adarragan beti egoten da pilota giro bikaina, eta hori berreskuratzea ezinbestekoa da». Zabalaren gainetik, Larrazabal iruditzen zaio multzoko indartsuena Ruizi. «Izugarri gustuko dut Larrazabal. Oraindik esperientzia falta zaio, eta gauza asko dauzka hobetu beharrak, baina buruz buru jarduteko halako gaitasunak inor gutxiri ikusi dizkiot».
Buruz buruko azken txanpari arretatsu begiratuko badio ere, datozen urteetan atzelari gehiagoren presentzia eskertuko luke Ruizek. «Izugarri atzelari onak daude gaur egun: Martxel Iztueta, Jon Mariezkurrena… Eta ezinezkoa dute buruz buru lehiatzea. Pena handia ematen dit». Horrek zera ekar dezake: «Gazte mailan, atzelari jardun nahi ez izatea inork. Eta hori arazo handia izan daiteke».