Pilota

Dariok aurreneko aldiz jokatuko du Lehen Mailako Mastersa

Aspek tokia egin dio buruz buruko txapeldunari, eta Iztuetarekin batera ariko da. Uztailaren 17an hasiko da txapelketa, eta urriaren 4an jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. Bigarren urtez jarraian, pilotariak bi mailetan ariko dira.

Mastersa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lehen Mailako eta B Serieko Mastersa jokatuko duten pilotariak, eta haien erdian Kepa Badiola Caixabankeko arduraduna eta Jose Ramon Garai Pilota Pro Ligako kontseilari ordezkaria, gaur, Caixabanken egoitzan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 23a
11:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dario Gomezek argi eta garbi hitz egin zuen buruz buruko txapela irabazi eta biharamunean, eta esan zuen espero zuela, txapelduna izanik, enpresan «beste estatus bat» izatea. Zehazki, esan zuen gustatuko litzaiokeela binakako txapelketarik garrantzitsuenak jokatzea. Eskaera hori arrazoitu zuen: «Denbora daramat lana ondo egiten, aukera baten eske». 

Dariok eskatu, eta Aspek eman. Ezkaraiko (Espainia) pilotariak aurreneko aldiz jokatuko du Lehen Mailako Mastersa, udako txapelketarik garrantzitsuena. Iaz, B Seriekoan aritu zen, bikain aritu ere, hark eta Iosu Eskirozek txapela irabazi baitzuten. Aurten, ordea, koska bat gorago ariko da, pilotaririk onenekin lehian. Martxel Iztuetarekin batera ariko da.

Mastersaren iazko ekitaldiaren aldean, aurten bi aldaketa daude pilotarien artean: Dario Javier Zabalaren ordez ariko da, eta Unai Laso, Erik Jakaren ordez. Zabalak eta Jakak B Serieko Mastersa jokatuko dute aurten. Lasok, berriz, iaz ez zuen ia uda osoan jokatu, min hartuta egon baitzen.

Iaz bezala, bi mailetan jokatuko dute: Lehen Mailan eta B Seriean. Iaz, jaialdi berean jokatu zituzten partidak bi mailetan. Aurten, ordea, egun eta toki ezberdinetan jokatuko dituzte neurketak. Lehen Mailakoa uztailaren 17an hasiko da, Vianan (Nafarroa), eta urriaren 4an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. B Seriekoa, berriz, uztailaren 16an hasiko da, Zornotzan (Bizkaia), eta urriaren 3an jokatuko dute finala, Zallan (Bizkaia).

Pilotari garrantzitsuak B Seriean

Ohiturari jarraituz, mistoak izango dira bikote guztiak; hau da, Aspeko pilotari batek eta Baikoko beste batek osatuko dituzte. Hauek dira Lehen Mailako zazpi bikoteak: Dario eta Iztueta; Artola eta Rezusta; Ezkurdia eta Albisu; Laso eta Martija; Altuna III.a eta Imaz; Larrazabal eta Zabaleta; eta Elordi eta Mariezkurrena II.a. Iaz, Zabalak eta Mariezkurrena II.ak irabazi zuten txapela, finalean Altuna III.ari eta Imazi 22-15 nagusituta.

B Seriean, berriz, zazpi bikote hauek ariko dira: Peio Etxeberria eta Landa; Jaka eta Eskuza; Zabala eta Morgaetxebarria; Amiano eta Gabirondo; Murua eta Eskiroz; Zubizarreta IV.a eta Bikuña; eta Peña II.a eta Loza. Peio Etxeberria eta Peña II.a bigarren urtez jarraian ariko dira B Seriean.

Lehiaketa sistema ere ez dute aldatu: zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehenbizi, eta lehen lau sailkatuak igaroko dira finalerdietara; hau da, ez dute kanporaketarik jokatuko. Bikote batek atseden hartuko du astero. Ligaxka lehen postuan bukatzen duen bikotea laugarren sailkatuaren aurka ariko da, eta, bigarren postuan amaitzen duenak hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko du. Lehen Mailako Mastersean, urriaren 2an jokatuko dituzte bi finalerdiak, Nafarroa Arenan. B Seriekoak, berriz, irailaren 12an eta 13an izango dira. Oraindik ez dute zehaztu non jokatuko diren.

Jokoari dagokionez, iaz bezala, pilotariek lau eta erditik egin beharko dute sakea. Lehen kolpearen garrantzia gutxitzeko hartu zuten neurri hori iaz, eta aurten, eutsi egin diote horri. 

Mastersa da udako txapelketa nagusia, baita luzeena ere. Horretaz gain, baina, beste zenbait pilota jaialdi garrantzitsu jokatu ohi dira. Horiek noiz jokatuko diren ere jakinarazi du Pilota Pro Ligak: Iruñeko sanferminetakoa, uztailaren 7tik 14ra jokatuko dute; Gasteizko Andre Maria Zuriarena, abuztuaren 5etik 8ra; Bilboko Aste Nagusikoa, abuztuaren 25etik 28ra; Donostia Hirikoa, abuztuaren 11tik 14ra; eta Logroñoko sanmateoetakoa, irailaren 18tik 27ra.

MASTERSA

  • Lehen Mailako bikoteak. Dario eta Iztueta; Artola eta Rezusta; Ezkurdia eta Albisu; Laso eta Martija; Altuna III.a eta Imaz; Larrazabal eta Zabaleta; eta Elordi eta Mariezkurrena II.a.
  • B Serieko bikoteak. Peio Etxeberria eta Landa; Jaka eta Eskuza; Zabala eta Morgaetxebarria; Amiano eta Gabirondo; Murua eta Eskiroz; Zubizarreta IV.a eta Bikuña; eta Peña II.a eta Loza.
  • Lehiaketa sistema. Lehen Mailakoa: ligaxka (uztailak 17-irailak 13), finalerdiak (urriak 2, Nafarroa Arenan) eta finala (urriak 4, Nafarroa Arenan). B Seriekoa: ligaxka (uztailak 16-irailak 4), finalerdiak (irailak 12 eta 13), eta finala (urriak 3, Zallan).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA