Erabakigarria izango da buruz buruko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldia: batetik, ligaxka jokatzen ari diren zortzi pilotarietatik bakar batek ere ez du ziurtatu finalerdietarako sailkapena, eta, bestetik, zortzi pilotarietatik zazpik dute aukeraren bat aurrera egiteko; guztiek Erik Jakak izan ezik.
Baina alde handia dago batzuen eta beste batzuen aukerei dagokienez. A multzoan, Dario Gomez ia sailkatuta dago finalerdietarako, nahikoa baitu larunbatean, Donostian, Unai Lasori tanto bat egitea helburua lortzeko. Dariok baino ez ditu irabazi jokatu dituen bi partidak multzo horretan. Lasok eta Jokin Altunak, berriz, partida bat irabazi dute, eta beste bat galdu: Lasok Altuna III.aren kontra, eta, hark Darioren aurka. Erik Jakak, berriz, bi neurketak galdu ditu, eta jada ez du sailkatzeko aukerarik.
Sekulako ezustekoa gertatu ezean, Laso edo Altuna III.a, bi horietako bat sailkatuko da Dariorekin batera. Nafarrak bere esku du: Dariori irabazten badio, sailkatu egingo da. Hori gertatzen bada, eta Dariok gutxienez tanto bat egiten badu, Altuna III.a kalean geratuko da, igandean Legazpin (Gipuzkoa) Jakaren kontra egiten duena egiten duela. Dariok mesede bat egin nahiko dio enpresakideari, Lasori irabazita: batetik, multzoko lehena litzateke, eta, bestetik, Altuna III.ari sailkatzeko aukera emango lioke, betiere hark Jakari irabazten badio.
B multzoan, berriz, Javier Zabalak du aukera gehien sailkatzeko. Jon Ander Peñari eta Iker Larrazabali irabazi die ligaxkan, eta nahikoa du azken jardunaldian Iñaki Artolari hamazazpi tanto egitea finalerdietan aritzeko. Larrazabalek, berriz, bere esku du: aurrera egingo du Peña II.ari irabazten badio. Artolak, berriz, derrigorrez irabazi behar dio Zabalari, eta Larrazabalek galtzea behar du. Larrazabalek irabaziko balu, Artolak gutxienez sei tantoren aldeagatik irabazi beharko lioke Zabalari. Peña II.ak ere badu aukera txikiren bat, baina, alde oso handiagatik irabazi beharko lioke Larrazabali, eta Zabalak beste horrenbeste egitea Artolaren aurka.
Espinal eta Ducassou txapeldun
Bestalde, trinketean, Iker Espinalek eta Battitta Ducassouk txapela irabazi zuten atzo, Baionan, finalean Ekhi Ziarrustari eta Inhar Ugarteri 40-29 nagusituta. Espinalek eta Ducassouk, biek dute bigarren txapela binaka: aurrelari nafarra txapeldun izan zen iaz Luis Sanchezekin, eta, atzelari lapurtarra, 2023an, Eñaut Etxeberriarekin.