Ez dago min hartzeko garai aproposik, baina badaude batzuk besteak baino txarragoak direnak, krudelagoak. Bada, garairik okerrenean hartu du min Dario Gomezek, buruz buruko txapeldun izan ondorengo uda hasi berritan. Dariok lesio larria izan zuen atzo, Irungo Uranzu frontoian (Gipuzkoa). Laugarren partida zuen buruz buruko txapela irabazi zuenetik. Hura eta Julen Martija Unai Amianoren eta Jon Mariezkurrenaren aurka ari ziren jokatzen, eta, 4-11 galtzen ari zirela, Dario pilota bat jotzen saiatu zen. Hori egiteko, zabalera joan zen, eta, han, harmailaren kontra jo, eta min hartu zuen eskuin belaunean. Aldagelara joan zen berehala, eta handik gutxira bukatutzat eman zuten partida.
Aspeko aurrelariari gaur egin diote lehen azterketa medikoa, Gasteizen. Lesioak ez zuen itxura onik, eta gaur baieztatu da susmo txarra: Dariok lesio larria du eskuin belaunean, hautsia baitu atzeko lotailu gurutzatuaren zati bat. Aspek ez du jakinarazi zenbat denbora beharko duen osatzeko, baina denbora luzez egongo da jokatu ezinik. Hasteko, ez du jokatuko uda osoan. Lehenik, ez da ariko sanferminetako torneoan. Buruz buruko txapelduna izanik, lehen aldiz ariko zen torneo horretako A seriean. Uztailaren 7an jokatu behar zuen atarikoa, Beñat Rezustarekin, Joseba Ezkurdiaren eta Arkaitz Gabirondoren kontra. Neurketa hori irabaziz gero, gutxienez beste bi partida jokatuko zituen, ligaxkako biak. Sailkatuz gero, berriz, finala jokatuko zuen.
Sanferminetako torneoa jokatu ondoren, Mastersean aritzekoa zen Dario, Martxel Iztuetarekin bikote eginez. Txapelketa horretan ere lehen aldiz jokatuko zuen Dariok A seriean, buruz buruko txapelduna izateak lagunduta. Hain zuzen, hark eta Iztuetak Masterseko aurreneko partida jokatuko zuten uztailaren 17an, Vianan (Nafarroa). Jokin Altuna eta Ander Imaz izango zituzten aurkari norgehiagoka horretan. Baina ez du neurketa hori jokatuko, ezta hainbat eta hainbat ere. Aspek ez du jakinarazi zeinek ordezkatuko duen Dario sanferminetan eta Mastersean, baina baliteke Javier Zabala aritzea haren ordez. Zabala B seriean arituko zen sanferminetan eta Mastersean.