Bihar goizaldean hasiko da NBA, munduko saskibaloi ligarik onena. Adam Silver komisionatuak beti zaindu izan ditu egutegiko egun seinalatuak. Hala, lehen partidak ez dira hala moduzkoak izango: Oklahoma City Thunder-Houston Rockets eta Los Angeles Lakers-Golden State Warriors. Hau da, lehen egunean ligako izarrik distiratsuenetako batzuek jokatuko dute: Shai Gilgeous-Alexanderrek, Kevin Durantek, Luka Doncicek eta Stephen Curryk. LeBron James faltako da bakarrik, min hartuta baitago. Abenduaren 16an jokatuko dute Kopako finala; otsailaren 13tik 15era, izarren asteburua izango da; liga apirilaren 12an amaituko da; finala, berriz, ekainaren 5ean hasiko da.
Txapeldunak estatistikak bakarrik ditu aurka
Denek helburu bera izango dute: Oklahoma gainditzea. Estatistikak alde dituzte. Azken zazpi denboraldietan zazpi txapeldun desberdin izan dira. 2018tik, inor ez da txapeldun izan bi aldiz segidan. Hori izango da egungo txapeldunek apurtu nahiko duten estatistika. Gaur jasoko dute aurreko denboraldian irabazi zuten eraztuna, eta, egia esateko, osagaiak dituzte berriro ere txapeldun izateko. Izan ere, luzera begira diseinatutako talde bat da Sam Presti kirol zuzendariak osatutakoa; denboraldi honetan ez ezik, hurrengo urteetan asko eta ondo lehiatu daitekeena. Iragan sasoian 68 partida irabazi zituzten ligan. Historiako markarik onenetan seigarrena da hori. Zenbat irabaziko dituzte oraingoan? Txapeldun askori zera gertatzen zaie: irabazi ostean taldea desegin egiten dela. Oklahomaren kasua, ordea, ez da hori: jokalari guztiak mantendu dituzte. Gehienak gazteak dira; beraz, NBA irabazteko hautagai nagusiak dira. Chet Holmgrenek, Jalen Williamsek, Alex Carusok, Luguentz Dortek... guztiek jarraitzen dute.
Indartuta
Hori da Oklahomaren indargune nagusia: bizkarrezurra mantentzen duela. Gainontzekoek indartu behar izan dute, eta aldaketek ez dute beti espero bazalako fruiturik ematen. Denver Nuggetsek, adibidez, jokalari gehiago eta hobeak jarri nahi izan dizkio inguruan Nikola Jokik-i. Bost jokalarirekin jokatzea atzean geratu da; aurreko denboraldiko finalek agerian utzi zuten hori. Michael Porter Jr saldu dute, eta, hark utzitako diruarekin, Cameron Johnson, Tim Hardaway Jr., Bruce Brown eta Jonas Valanciunas fitxatu dituzte. Ezustea izan da Brown itzultzea, hiru taldetan jokatu baitu, eta ez baitu lortu joan zeneko sasoia edo maila.
Deandre Aytonekin eta Marcus Smartekin berdin gertatzen da: bere garaian, bikain aritu ziren, eta haien jardunak oihartzun handia izan zuen, baina ikusteko dago Los Angeles Lakersen nola arituko diren. Adinak ez du barkatzen. LeBron Jamesek 40 urte ditu, eta aukera gutxi geratzen zaizkio eraztuna irabazteko. Aurreko sasoian, Luka Doncicek ez zuen egokitzeko astirik izan, baina orain hasieratik aritu da taldearekin. Gakoa: defentsako lana.
Lesioak
Houston Rocketsek arazoak izan ditu lesioak direla eta. Horretara egokitu beharko du Kevin Durantek. Ime Udokak zuzentzen du taldea, eta ez dute denboraldiaurre onik izan, Fred Van Vleetek lesio larria izan baitu belaunean. Hain zuzen ere, talde askorentzat lesioak dira buruhauste nagusia. Hala da Boston Celticsentzat eta Indiana Pacersentzat. Trantsizio urtea izango dute biek. Jayson Tatum eta Tyrese Haliburton barik, indarberrituta itzultzeko apustua egin dute, batez ere Bostonek. Jrue Holidayk eta Kristaps Porzingisek, adibidez, taldea utzi dute. Dallasi antzera gertatzen zaio. Draftean lehen postuan geratu zen jokalaria fitxatu dute: Cooper Flag. Baina, aldi berean, Kyrie Irving galdu dute. NBAn ezinezkoa da luzaro goian irautea, eta ohikoa da horrelako gorabeherak izatea.
Mugimenduak
Badira goian segitu bai baina emaitzarik lortzen ez duten talde batzuk ere: Cleveland Cavaliers, Minnesota Timberwolves, New York Knicks eta Los Angeles Clipers, adibidez. Kanporaketetan sartzea ez da nahikoa izaten batzuetan, inbertitu duten dirua justifikatzeko. Are gutxiago, ekialdeko taldeen maila baxua ikusita. Aspaldiko alderik handiena egongo da beste behin bi konferentzien artean. 2026ko udarako, gainera, mugimendu asko espero dira. Jokici, Antetokoumpori eta Jamesi, adibidez, kontratua amaituko zaie. Urte askoren ostean, aldaketak daude gurean NBA ikusteko: 30 urtean lehen aldiz, partidak ez ditu Movistarrek emango, baizik eta DAZNek eta Amazone Prime Videok.