Arrauna. Euskotren Liga

Tolosaldeak denboraldiko bigarren bandera astindu du Getarian

Ligako azken estropadan gailendu, eta sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du 'Zerkausia' ontziak. Hondarribia ETE ligan arituko da datorren sasoian.

Tolosaldea banderarekin, gaur, Getarian. GORKA RUBIO / FOKU
Tolosaldea banderarekin, gaur, Getarian. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 24a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzoko arantza kendu du Tolosaldeak. Ondarroan (Bizkaia) 44 ehunenengatik geratu zen banderarik gabe, eta gaur, azken aukeran, eskuratu du denboraldiko bigarren garaipena. Getarian (Gipuzkoa) jokatu dute Euskotren Ligako azken jardunaldia, eta, besteak beste, baieztatu da Hondarribia ETE ligara jaitsiko dela. Arraun Lagunak-ek atzo irabazi zuen liga, matematikoki, laugarren aldiz.

(ID_15247844) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-08-24, Getaria. Arrauna, Eusko Label eta Euskotren ligak
Zerkausia ontziko eskifaia, garaipena ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU

Atzokoagatik amorratuta irten da gaur Tolosaldea. Ziabogara arte ia parean ibili dira denboraldiko hiru ontzirik indartsuenak, Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Orio, baina urdinak, itzulerakoan aurrea hartu, eta hurrengoari bi segundoren aldea aterata helmugaratu dira. Sekulako amorruarekin ospatu dute; denbora zeramaten sasoiko bigarren bandera lortu nahian, eta, kostata, baina irabazi dute. Ez hori bakarrik: gaurko emaitzari esker, ligako bigarren postua ziurtatu dute, eta baieztatu dute sasoi bikainean iritsiko direla Kontxako Banderara.

Arraun Lagunak-ek aise kontrolatu du denboraldia: hamabi bandera astindu ditu, eta hamabost punturen aldearekin irabazi du liga. Donostiako estropadari begira, ordea, irekita dago lehia, eta horixe geratu da agerian gaur.

Hondarribia, behera

Txanponaren beste aldea Hondarribiarena da. Gaur, azken jardunaldian, oraindik aukerak zituen mailari eusteko, baina Donostiarraren atzetik sailkatu da, eta, beraz, baieztatu da datorren urtean ETE ligan arituko dela. Nabarmentzekoa da, dena den, Miren Garmendia Hondarribikoen patroiak irabazi duela denboraldiko patroirik onenaren saria. Donostiarrak kanporaketa jokatu beharko du.

(ID_15247837) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-08-24, Getaria. Arrauna, Eusko Label eta Euskotren ligak
Miren Garmendia, gaur, patroirik onenaren elastikoarekin. GORKA RUBIO / FOKU

Horrela geratu da aurtengo denboraldiko sailkapena Euskotren Ligan: Arraun Lagunak izan da txapeldun, 120 puntu bilduta; Tolosaldea bigarren, 105 eskuratuta; Orio hirugarren, Tolosaldeak bezainbeste puntu irabazita; Zumaia laugarren, 68 punturekin; Astillero bosgarren, 50ekin; Hibaika seigarren, 49rekin; Donostiarra kanporaketarako postuetan, 42rekin, eta Hondarribia azkena, 37rekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.