Arrauna

Deustu eta Zarautz: itsasoko ur aparretan

ETE eta KAE 1 ligak denboraldiaren erdira iritsi dira. Emakumezkoen ligan, Hondarribia da lider, eta gizonezkoenean berriz, Deustu. Libe Goñi Zarauzko arraunlariak eta Iker Gimeno patroiak «ilusioz» helduko diote fase honi.

Zarauzko trainerua, joan den asteburuan Erandion jokatutako estropadan. IKER LARRAÑAGA
Zarauzko trainerua, joan den asteburuan Erandion jokatutako estropadan. IKER LARRAÑAGA
2026ko uztailaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bi estropada ezberdin izanda hoberen moldatzen denak irabaziko du». Horrela mintzatu da Libe Goñi (Donostia, 2004) Zarauzko arraunlaria. Dagoeneko, denboraldiaren erdira iritsi dira ETE eta KAE 1 ligetan. Asteburu honetan, bi estropada izango dira bi ligetan, eta garrantzitsuak izango dira biak ala biak. ETE ligari dagokionez, Hondarribia da lider 54 punturekin, eta atzetik du Zarautz, hiru puntu gutxiagorekin. KAE 1 ligan, berriz, Deustu da lehen lekuan, 80 punturekin, eta bigarren postuan da Zarautz, 77rekin.

Iker Gimeno (Castro Urdiales, Espainia, 1981) Deustuko patroia da. Lau bandera irabazi eta erregular izateari esker, lider da Bizkaiko trainerua. Patroi beteranoa da Gimeno, urte asko daramatza arraun luzearekin lanean, eta bertan aritzeko esan ziotenean taldearen helburua zein zen kontatu du: «Deitu zidatenean, helburua ohorezko txandan egotea zela esan zidaten». Baina gauzak bestelakoak dira, kanporaketak jokatzeko lehian baitaude. 

Deustuko patroiak gaineratu du ez zuela bitan pentsatu taldeak egindako eskaintza onartzeko garaian. 2019ko denboraldian ere Deustun izan zen, eta ezagutzen zuen kluba eta bertako jendea. Haren hitzetan, Bizkaiko kluba gauzak ongi egiten ari da, eta «talde handi bat» izatera irits daiteke. Dituen baliabideak funtsezkoak direla azaldu du: «Instalazio bikainak, harrobia, traineru onak... denetik dauka taldeak, eta hori garrantzitsua da arrakasta lortzeko». Gustura dago.

Taldean gazte ugari daude. Gimenok «ongi» ikusten ditu arraunean. Harrituta dago, hala ere, arraunlariek transmititzen duten «lasaitasuna» ikusita, eta egunerokoan gazteak «pozik eta irribarretsu» ikusteak berarentzat esanahi berezia duela gaineratu du. Asteburu honetan Erandion (Bizkaia) jokatutako estropadan, Gimeno ez zen ontziaren lemazain gisa aritu; izan ere, Aitor Alzibar entrenatzaileak Unai Garciaren aldeko apustua egin zuen. Estropada kanpotik ikusi bazuen ere, une oro estropadari adi-adi egon zen: «Unai, Aitor eta hirurok telefonoz egon ginen harremanetan. Aurretik dena antolatua bagenuen ere, Unairi aholkuak ematen genizkion, eta, zorionez, guztia nahi bezala atera zen». 

Deustuko arraunlariak larunbatean Erandion irabazitako bandera ospatzen. PAULA AYARZA
Deustuko arraunlariak, larunbatean Erandion bandera irabazi izana ospatzen. PAULA AYARZA

Patroiaren hitzetan, larunbateko estropada «berezia» izan zen. Garcia harrobiko patroia da, eta Gimenok astean zehar egindako proben inguruan hitz egin du: «Entrenamenduetan Unairekin egin ditugun probetan, trainerua abiadura onean zihoala ikusi genuen, eta horregatik egin zen haren aldeko apustua».

Talde erregularra izaten ari da Deustu. Orain arte jokatutako estropada guztietan, gutxienez hamar puntu eskuratu ditu, eta ez du hanka sartzerik izan. Bolada horren garrantziaz hitz egin du Gimenok: «Zazpi estropadatatik lau irabaztea ez da makala, eta gainera, ongi ari gara arraunean». Talde bat lehen lekuan egoteko, baina, ez da nahikoa soilik arraun ongi egitea. Gimenok multzoan giro «ona» dutela azpimarratu du, eta gaineratu hori «funtsezkoa» izaten ari dela emaitza onak lortu ahal izateko. Deustun aritua da aurretik ere Gimeno. 

Zarautz ongi kokatuta dago sailkapenean. Bigarren postuan dago, eta bi bandera ere irabazi ditu. Hala ere, garrantzitsuena orain arte lortu duten erregulartasuna da. Lehen postuan amaitutako jardunaldiez gain, gainontzeko estropada guztietan bigarren lekuan geratu dira. Goñik azpimarratu du oso garrantzitsua dela erregularra izatea: «Estropada batean lehen postua lortu baina hurrengoan bosgarren sailkatzen bazara, zaila da erregulartasunari eustea».

Taldeak kolpea hartu zuen joan den denboraldian. Sasoi osoan nagusi izan ziren, baina kanporaketetan ez zuten mailaz igotzea lortu. Horretaz mintzatu da Goñi: «Joan den urtean ez genuen igotzerik izan. Hala ere, Hondarribiarekin daukagun buruz burukoa ongi etorriko zaigu orain ere lehiakor izateko».

Deustuk bezala, Zarautzek ere multzo gaztea du. Goñiren iritziz, horrek «batu» egin du taldea. Esfortzu handia eskatzen du arraunak, eta azpimarratu du ezinbestekoa dela taldean giro ona sortzea motibaziorako. Bestalde, Zarauzko arraunlariak gaineratu du estropada bakoitzean «dena» ematen ari direla, eta une oro «oinak lurrean» dituztela.

«Zazpi estropadatatik lau irabaztea ez da makala, eta, erregularrak izateaz gain, ongi ari gara arraunean»

IKER GIMENO Deustuko patroia
Asteburu betea

Bi ligetan asteburu batzuetan estropada bat izaten da, eta beste batzuetan, berriz, bi.  Oraingo honetan larunbat eta igandean aritu beharko dute arraunlariek Sestaoko (Bizkaia) eta Zumaiako (Gipuzkoa) uretan. Sailkapenari erreparatuta, asteburu garrantzitsua izango da, eta Goñik gisa horretako asteburuak nolakoak izaten diren kontatu du: «Bi estropadako asteburuak gogorragoak izaten dira fisikoki zein mentalki. Hala ere, ongi zaintzeari garrantzia ematen diogu, eta hori garrantzitsua izango da». 

Bi estropada izanda, erreakzionatzeko aukera gutxiago dago. Dena den, Goñik esan du taldea psikologikoki prest dagoela horretarako: «Indartsu gaude. Denboraldi osoan garrantzia ematen ari gara bi estropadako asteburuei, eta prest gaude horri aurre egiteko».

«Indartsu gaude. Denboraldi osoan garrantzia ematen ari gara bi estropadako asteburuei, eta prest gaude horri aurre egiteko»

LIBE GOÑI  Zarauzko arraunlaria

Sestaoko eta Zumaiako estropada eremuak ez dira berdinak. Sestaoko estropada errekan izango da, eta horren inguruan mintzatu da Goñi: «Estropadaren ezaugarriak direla eta, haizeak eta korronteek eragina izango dute. Ondorioz, litekeena da kale zozketa erabakigarria izatea». Zumaiakoa, berriz, itsasoan izango da, eta hor marearen eta olatuen arabera erabakiko da estropada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA