Iker Vicente: «Diferentzia kudeatzen aritu nintzen, baina lana bukatu egin behar da»

Otsagabikoa eroso gailendu zen larunbatean jokatutako aizkora apustuan. Irudipena du Julen Alberdi ohiko mailatik «urrun» aritu zela.

Iker Vicente aizkora desafioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Vicente aizkora desafioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 30a
05:05
Entzun

Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) neurria hartua dio Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazari. Han jokatu ditu bere kirol ibilbideko hiru aizkora apustuak, eta guztiak irabazi ditu. Oraingoan, Julen Alberdi Txikia IV.a menderatu du 22 enborretara jokatutako lehian —14 kana erdiko eta zortzi 60 ontzako—, hamar minuturen aldea aterata. Hilabeteetako lan astunaren ondotik, ordea, ez du atsedenerako tarte handirik: Urrezko Aizkolarien kanporaketa jokatuko du igandean, Getariako (Gipuzkoa) Arrantzaleen Egunean.

Larunbateko saio gogorraren ostean, giharretako minak joan al zaizkizu?

Sekulakoa edukitzen da. Presioa eta urduritasuna handia izaten da, eta urduri nengoen. Hasi ere martxa biziegian hasi nintzen, eta bukaeran pixka bat luzea egin zitzaidan. Astindu handia jaso nuen.

Astindu handia, eta ospakizuna ere tamainakoa?

Hoztu-edo egin nintzen bukaeran, eta tripetatik oso gaizki egon nintzen. Festa gutxi: ingurukoek egin zuten, baina ni berehala erretiratu nintzen.

Lanak 51 minutu eta bost segundoan osatu zenituzten, Txikia IV.ak baino hamar minutu gutxiagoan. Zer moduz aurkitu zinen?

Imajinatu ez nuena izan zen. Ez zen ohiko apustua izan. Maila handiko bi aizkolari izanda, elkarrengandik alde handirik ez dugunak... Nik uste hasieratik ikaragarri aritu nintzela. Gero, diferentzia handia nuen, eta hori kudeatzen aritu nintzen, baina lana bukatu egin behar da.

Zuk enbor mardulenetatik hasi zenuen lana, 60 ontzakotik, eta Alberdik kana erdikoetatik —54 ontzakoak dira—. Halaz ere hark alde txikia atera izanak erakutsi zizun ondo ekin zeniola?

Hori da. Hasieratik ikusi nuen hori. 60 ontzakoak berak kana erdikoen pare botatzen ari nintzen. Uste genuen bere egurrak hobeak izango zirela, baina ez ziren kalitatez on-onak [Alberdik hamabi kana erdiko eraman zituen plazara. Vicentek bi eta 60 ontzako guztiak]. Pentsatzen nuen eutsiagoak izango zirela, ni bere pare ari nintzelako, eta zerbait arraroa bazegoen hor. Gero, telebistan ikusten, ohartu nintzen Julenek ez zuela bere ohiko lanik egin: urduritasunarengatik edo, ez zion betiko indarrez ekin.

Behin bosgarrenetik aurrera, gainera, aurretik moztu zenuen enborra. Proba menderatu zenuen orduan?

Momentuan kontzentratuta egoten zara, eta lan-erdiak igaro artean behintzat erreferentziak ez dira argi izaten. Asko pentsatu gabe segitu nuen, eta lan-erdietan ikusi nuen sekulako abantaila nuela, espero ez nuena.

Saioan zer esan zizuten zure laguntzaileek, aita Danielek eta Eneko Saralegik?

Segituan esan zidaten alde handia lortzen ari nintzela, eta segitzeko halaxe. Lan-erdiak igarota lasaiago hartzeko esan zidaten, baina kasu gutxi egin nien. Azkenean, denbora asko igaro dut prestatzen, eta plazan erakutsi egin nahi izaten da. Lanak azkar bukatzeko gogoa nuen. Haiek geratzeko eta arnasa hartzeko esaten zidaten, baina jaramon gutxi egin nuen.

Azken enborren gainean balantza egin zenuen bizpahiru aldiz. Zer gertatu zen?

Nire erritmoa hautsi egin nuen. Entrenamenduetan bezala, agian, martxa bat jaitsi behar nuen, eta gelditu gabe segi. Gelditzen hasi nintzen, eta prestaketa ona nuenez, segituan osatzen nintzen, eta indarrez hasi. Erritmoa hautsi nuen hala. Bete-errekuperatu, bete-errekuperatu aritu nintzen. Baina bai, jende askok esan dit. Gero, egurrak jartzerakoan baremo batzuk daude; zabalago jarri daitezke, tenteago... Oso tenteak zeuden azken horiek, eta goian leku gutxi zuen. Oreka galtzen nuen, eta horregatik egiten nuen balantza. Ez zen nekearekin erori behar nuelako.

«Lan-erdiak igarota, lasaiago hartzeko esan zidaten, baina kasu gutxi egin nien. Denbora asko igaro dut prestatzen, eta plazan erakutsi egin nahi izaten da».

Txikia IV.a uste zenuen baino apalago ikusi al zenuen?

Baietz esango nuke, Julen askoz gehiago dela uste dut eta. Alde horretatik, aldearekin aritzea askoz errazagoa da, baina uste dut jendeak lehia estuagoa nahi zuela. Pena pixka bat hori bada, baina kirola horrelakoa da. 

Behin aldea kenduta, 50 minututik behera jaitsi nahi zenuen?

Etxean eta buruan ibili dut, baina plazan ez nion kasu handirik egin horri. Txikiak baino azkarrago amaitu nahi nuen, eta kito. Bukatzean aitari galdetu nion, eta listo. Halere, uste nuen lehentxeago amaitu nezakeela, baina garrantzitsuena irabaztea da.

Lan-erdietarako bideratu zenuen lehia: zuk 22.06, Alberdik 26.13.

Asko harritu ninduen horrek. Nahiko bideratua nuen, eta mentalki ez nengoen horretarako prestatua. Txarra izaten da erlaxatzea, lan asko falta delako. Eutsi egin behar zaio.

Ia 2.000 lagun Tolosako zezen plazan. Zaleek aldetik, kexarik ez, ezta?

Bai, oso eskertuta gaude. Aizkorako apustu inportanteak festa bilakatzen dira. Gustatzen zaigu halakoak ikustera joatea, eta ohitura handia dago.

Hiru apustu jokatu eta hirurak irabazi. Xabier Orbegozo Arria V.aren eta Mikel Larrañagaren ondoren, Alberdi orain. Bikain ari zara desafioetan.

Asko gustatzen zaizkit. Lau hilabete buru-belarri aritu gara, eguneko 24 orduetan horri begira. Plazan igarri egiten da hori, maila berezia ematen baita.

Orain, zer geratzen zaio Ikerri? Nolako jokoa egin dezakezu?

Ez da erraza. Askotan, jokoa ez da bilatzen: sortu egiten da. Gerta liteke txapelketaren batean aurkariak aurrea hartzea, eta hortik sortzea. Espero dut gehiago egitea. Noren aurka, norekin... ez dakit. Seguru nago Txikiari arantza sartuko zitzaiola, eta ez dakit atera nahiko duen.

Etorkizun laburrean, zer duzu begi bistan?

Atseden pixka bat hartu nahi dut, baina Urrezko Aizkora dugu berehala. Lasaiago hartuko dut, urte guztian ezin baita bete-betean ibili. Euskal Herriko txapelketa da hurrengo ekitaldi nagusia, udazkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.