«TKEk bere ontzia uretaratu ez bazuen, zergatik uretaratu behar ziren traineruak?». Hori da Xubane Uribarrena (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999) Arraun Lagunak-eko arraunlariak egin duen galdera. Itsaso zakarra eta haize ufadak zeuden larunbatean, eta batzorde teknikoak bertan behera utzi zuen azken unean Donostian jokatzekoa zen Euskotren ligako estropada. Horrek, baina, soka luzea eta polemika ekarri ditu. Atzo, berriz, normal-normal jokatu zen estropada Getxon (Bizkaia), eta Arraun Lagunak-ek irabazi zuen. Orain arte jokatutako bandera guztiak irabazi dituzte donostiarrek.
Itsas eremuko baldintza txarrak zirela eta, larunbatean zazpi taldek uko egin zioten uretan sartzeari. San Juan, ordea, irteeran izan zen, eta uretatik ateratzean hainbat zaleren txistuak entzun behar izan zituzten. Klubak agiria argitaratu du gaur, eta «kirol legez» jokatu zutela azpimarratu. Gaineratu duenez, «harritu» ere egin ziren jakin zutenean emakumezkoena zela zalantzan zegoen estropada bakarra. Aurretik, zenbait alternatiba ezarri zituzten mahai gainean: «Estropada atzeratzea proposatu genuen, eta, eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta, txandak berriro planifikatzea, baina betiere estropada osorik hartuta, ez soilik emakumezkoena».
«Estropada
atzeratzea proposatu genuen, eta, eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta, txandak berriro planifikatzea, baina betiere estropada osorik hartuta, ez soilik emakumezkoena»
SAN JUAN ARRAUN ELKARTEA
Bestalde, behin betiko erabakia hartu aurretik talde batzuk alde egin izana «errespetagarria» dela adierazi dute, baina errespetu «bera» eskatzen dute eurentzat ere «araudia bete» zutelako. Azaldu dutenez, taldeak uretara ateratzeko erabakia ez dagokie entrenatzaileei, eta zuzendaritzak arau hori betetzea erabaki zuen; era berean, esan dute euren asmoa ez zela izan gainerako taldeekin «arazoak» sortzea.
Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlaria esan du San Juanen jokabidea «itsusia» iruditu zitzaiola, eta horrelako erabaki bat guztien artean hartzen denean bete egin behar dela iritzi dio. Uribarrenaren hitzetan, konponbide «zaila» du honek: «Hau berriro gertatuko balitz, ez litzake ezer aldatuko. Hemen bakoitzak bere interesen alde egiten du, eta batak besteari oztopoak jartzen dizkiogu».
Erabakia azken unean
Larunbat goizean ez zegoen erabakita estropada jokatuko ote zen ala ez, eta taldeetako kideak zer gertatuko zen ez zekitela esnatu ziren. Badaezpada ere, Euskotren eta Eusko Label ligak osatzen dituzten hogei taldeak Donostiako kaira joan ziren ohi bezala. Uribarrenak tentsio une horiek nolakoak izan ziren kontatu du: «Hasieran lasai geunden. Gure gainetik batzorde teknikoa dago, eta uste genuen gure ongizatearen alde egingo zutela».
Hala ere, zalantza ugari zeuden estropada hasi aurreko orduetan. Itsasoa harro zegoela ikusten zen, eta arratsalderako haizeak gora egingo zuela iragarrita zegoen. Arraun Lagunak-eko arraunlariak kontatu du erabakia hartu bitartean «urduri» egon zirela, eta «haserre» ere bai.
Euskotren ligako zortzi taldeetako entrenatzaileek aho batez erabaki zuten euren arraunlariak ez zirela itsasora irtengo. Batzorde teknikoak, baina, estropadari eutsi nahi izan zion; izan ere, kale zozketa egina zuten. Horrenbestez, hasierako asmoa kaletan banatutako estropada jokatzea zen, eta ez zen erlojupeko formatuan jokatzeko planteamendurik egin.
Uribarrenak egoki ikusi zuen entrenatzaileek hartutako erabakia: «Zortzi entrenatzaileek kirolarien segurtasuna bermatzeko hartu zuten erabakia». Hala ere, erabakia beste modu batera hartu beharra zegoela uste du: «Batzorde teknikoak ezin du inprobisatu. Zoritxarreko zerbait gertatuz gero, inork ez zukeen ardura bere gain hartu nahiko. Horregatik, zentzudunena arraun ez egitea zen».
«Zortzi entrenatzaileek kirolarien segurtasuna bermatzeko hartu zuten erabakia»
XUBANE URIBARRENA Arraun Lagunak-eko arraunlaria
Uribarrenak eta Arraun Lagunak-eko kideek ongi ezagutzen dute Kontxako estropada eremua, bertan entrenatzen baitute. Arriskua non zegoen azaldu du arraunlariak: «Olatuak baino arriskutsuago zen haizea». Uribarrenak gaineratu du estropada lerroka jokatzeak ez zuela «zentzurik», eta, era berean, arraunlarien segurtasunarekin «jokatu» zutela salatu du.
Larunbatekoaren ondoren, Getxon jokatutako estropadan euren lanean jarri zuten arreta Arraun Lagunak-ekoek: «Guk gurea egin genuen, baina bagenuen amorru puntu bat. Badirudi gure gutizia bat izan zela ez jokatzea, baina zentzuz jokatu dugu. Hala ere, arreta soilik gure lanean jarri genuen».