Evenepoelek marka ezarri du Donostiako klasikoan, laugarrenez irabazita

Flandriarra estu ibili da Erlaitzen gora, zulatu bat tarteko minutu bat galdu duelako, eta ez duelako taldekiderik ondoan izan. Baina 15 kilometroko estualdiaren ostean, faboritoekin bat egin, Murgilen erasoa jo, eta esprintean gailendu zaio Carapazi.

Remco Evenepoel Donostiako Klasikoa laugarrenez irabazi duela ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Remco Evenepoel Donostiako Klasikoa laugarrenez irabazi duela ospatzen, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 1a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Remco Evenepoelek (Red Bull) laugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa. Faborito zen, eta ez du hutsik egin. Horrenbestez, hura da Donostiako Bulebarrean besoak aldi gehienetan jaso dituen txirrindularia, eta, beraz, Marino Lejarretarekin zuen berdinketa hautsi du —biek hiruna garaipen zituzten—. 2023an, Klasikoa irabazi zuen azken aldian, Pello Bilbaorekin buruz buruko ikusgarria izanda irabazi zuen, esprintean. Gaur Richard Carapazekin (Education First) izan du lehia, eta esprintean gailendu da gaurkoan ere. Baina orduan ez bezala, epika apur batekin lortu du, une batzuetan dena aurka izan baitu. Izan ere, lasterketa azken 50 kilometroetara iristen ari zela, Erlaitzera igotzen hasteko gutxi falta zitzaiela, flandriarrari gurpil bat zulatu zaio, eta bizikleta aldatu behar izan du. Gutxi gorabehera, minutu bateko atzerapena pilatu du lasterketa buruarekiko, eta minutu erdikoa faboritoen multzoarekiko. Kilometro askotan autoen artean egin du bidea, taldekiderik ez baitu izan laguntzeko. Onenekin zihoan Maxim Van Gils, eta, azkenean, Giulio Pellizarik lagundu dio, Erlaitzeko aldapetan jada. Hamabost kilometro geroago, Erlaitzen behera, gauzak bere tokian jarri eta Murgilen gora indartsu jo duenean, Carapazek baino ez dio segitu. Bien arteko lehian, flandriarra bizkorragoa izan da.

Amaieran pozik zegoen: «Egoera zaila pasatu dut Erlaitzen, zulatuaren ondorioz, baina burua hotz izan dut, pazientzia izan dut, eta azkenerako egun osoan taldekideek egin duten lan ona biribildu dut. Dena den, zera onartu behar dut: hemen lortu ditudan lau garaipenen artean gogorrena eta zailena gaurkoa izan dela». Orain atseden hartu, eta argi du zein izango duen hurrengo helburua: «Berriz ere munduko txapeldun izan nahi dut, erlojuaren aurka».

Eguneko ihesaldia lasterketa hasi eta 25 kilometrora osatu da, eta tartean bi euskal txirrindulari egon dira: Iñigo Elosegi (Kern Pharma) eta Nico Alustiza (Euskaltel-Euskadi). Beste txirrindulariak hauek izan dira: Joan Bou (Caja Rural), Laurenz Rex (Soudal), Adne Holter (Uno X), Valentin Ferron, (Cofidis), Lorenzo Quartucci (Burgos BH) eta Nickolas Zukowsky (Q36.5). Berehala, minutu bat eta hogei segundoko aldea lortu dute.

Red Bullek, dena den, kontrolpean izan du lasterketa. Alkizatik Quartucci igaro da lehen tokian, eta bi minuturen aldea izatera ailegatu dira. Baina Jaizkibelen gora zortzikote hori hausten hasi da. Behin Jaizkibeldik jaitsita, eta helmugarako 50 kilometro baino zertxobait gehiago falta zirenean, Evenepoelek bizikleta aldatu behar izan du, gurpila zulatu zaiolako. Hondarribian zen lasterketa. Baina taldekiderik ez zaio geratu laguntzen. 56 segundoren atzerapena pilatu du, eta autoen artean egin behar izan du bidea. Haserre keinuak egin ditu, ez zihoan gustura. Erlaitz igotzeari 30 segundoren desabantailarekin ekin dio. Hori ikusita, Lidl-Trek eta UAE taldeak estutzen hasi dira tropel nagusiaren aurrealdean, baita Visma ere, Matteo Jorgensonen aukera baliatzeko.

Evenepoelek berotu ikaragarria hartu behar izan du. Azkenerako, Pellizzari izan da Flandriako txirrindulariari itxaron diona. Tropelaren aurrealdean Carapaz, Felix Gall (Decathlon) eta Gulio Ciccone iazko irabazlea (Lidl) azaldu dira. Pixkanaka, luzatu egin da tropela, eta aurretik oso alde txikiarekin Louis Barre (Visma) eta Paul Double (Jayco) joan dira. Red Bullek aurrean zuen txirrindularia Van Gils zen —iaz hirugarren izan zen Donostian—.

Ciccone igaro da Erlaitzetik lehen postuan. 36 segundora pasatu da Evenepoel. Beraz, mendatearen hasieran zuen desabantaila baino sei segundo gehiagoko atzerapena zeraman. Gainaren osteko sasiordekan, Evenepoelek jazarpenean dituen dohainak erakutsi ditu: berehala hamabost segundo kendu dizkio faboritoen taldetxoari. Aurrekoak mokoka hasi dira. Carapaz izan da saiatzen aurrena, eta, azkenerako, aurrera egin dute hark, Enric Masek (Movistar) eta Jorgensenek, besteak beste. 

Jaitsieraren azken tartean, aurrekoak jaten eta edaten hasi dira, eta Evenepoelek are gehiago gutxitu du aldea. Gogor jo du aurrera bere multzoan, eta, hamabost kilometroren ondoren, onenekin zen berriro. Van Gils ondoan zuen gainera, laguntzeko. Hurrengo kilometroetan aurrekoen erritmo hori apur bat baretu, egindako ahaleginari buelta eman, eta azken kilometroetarako indarrak bildu behar zituen. Hogei bat txirrindulari zihoazen aurrean. Donostia arteko bidea egin, eta Murgil tontorrera igo behar zuten. 

Murgilen eraso erabakigarria

Van Gilsek hartu du taldearen burua hurrengo kilometroetan. Evenepoelen mesedetan lan ikaragarria egin du; inor ez da mugitu hark ezarri duen erritmoa tarteko. Tourrean bi etapa irabazi eta gero, indartsu ikusi da Carapaz. Multzoa berriz ere asko luzatu da. Murgilera igo aurretik, UAE azaldu da aurrealdean, Igor Arrieta buru, Jhonatan Narvaez indartsu zegoelakoan. Baina Murgilen gora oker jo dio kukuak. 

Hor argi ikusi da zein ziren lasterketako bi txirrindularirik indartsuenak. Helmugarako 8,5 kilometro falta zirenean, Murgilen zatirik gogorrenetakoan, aurrera egin du Evenepoelek, eta Carapaz izan da hari eutsi ahal izan dioen bakarra. Hortik aurrera, biek bakarrik egin dute Bulebarrera arteko bidea. Azken zuzengunean indar erakustaldia emanda, garaipena lortu du belgikarrak. Carapaz bigarren izan da, eta, atzetik une batzuetan Ciccone eta Barre aurretik joan diren arren, esprintean erabaki da, halaber, podiumeko hirugarren koskara nor igoko zen: Ben Tullet (Visma) izan da hirugarren. Lehen euskal txirrindularia Pello Bilbao (Bahrain) izan da. Bosgarren sailkatu da bere azken Klasikoan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA