Astebete igaro da Imanol Alguacilek Reala utziko duela iragarri zuenetik. Hurrengo egunean iragarri zuen klub txuri-urdinak haren ordezkoa Sergio Francisco izango zela. Igor Zubeldia kapitainak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997) bi berriak aztertu ditu, baita igandeko derbia ere.
Nola jakinarazi zizuen erabakia Alguacilek? Espero al zenuen?
Zubietan bildu gintuen, eta esan egin zigun. Ez genekien zer esango zigun, baina edozer erabakita ere, eskubide osoa zuen. Ogibide horrek asko exijitzen du, eta agian neke apur bat antzeman du. Gogorra eta arraroa da. Egin duen lana eta izan duen ibilbidea izugarriak izan dira, eta geratzen diren bost partida hauetan gure onena eman dugu, beragatik, zaleengatik, eta guregatik, seigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko. Historia egitea litzateke berriro ere. Hori da hark ere nahi duena.
Ez da urte erraza izan harentzat. Azkenaldian kritikak jaso ditu, batez ere sare sozialetan.
Urte errazik ez dago. Lehen taldearen ardura hartu zuen urtea ere ez zen erraza izan. Kritikak ohikoak dira futbolean, gure lanaren parte dira. Zorionez, badakigu kritika horiek nola hartu. Baina kasu honetan zentzugabeak dira. Egin duen lana eta izan dituen lorpenak hortxe daude. Izugarria da, eta etorkizunean konturatuko gara. Gutxik pentsatuko zuten halako ibilbidea izango zuenik eta Realean partida gehien zuzendu dituen teknikaria izango zenik. Eskertzea besterik ez dut, bai niregatik bai taldearengatik egin duenagatik. Ea etorkizunean Realera itzultzen den. Denak irrikan egongo gara.
Zein ondare utzi du?
Taldeari izugarrizko izaera lehiakorra eman dio. Gure onena atera du, eta erlaxatuz gero beti egon da gu estutzen. Eguneroko lan hori partidetan eta emaitzetan islatu da gero.
Haren ordezkoa ere iragarri dute: Sergio Francisco. Harrobian lan egiten aritu den entrenatzaile bat lehen taldera igotzeak zer esan nahi du harrobiko jokalari batentzat?
Nik uste dut gauza oso ona dela. Ikusi da harrobian lan ona eginda entrenatzaileek ere lehen taldera irits daitezkeela. Balio handia du horrek. Sergiok lan oso ona egin du klubean daramatzan urteetan, oso ondo ezagutzen du etxe hau, baita azpitik datozen jokalariak ere. Ziur nago lan bikaina egingo duela. Gu harekin egongo gara, eta behar duen guztian lagunduko diogu.
Partida batzuk daramatzazu jokatu gabe. Igandean zelaian egoteko moduan izango zara?
Hobeto nago, baina neuk ere ez dakit iganderako prest egongo naizen. Bihar [gaur] froga bat egingo dut, eta ditudan sentipenen arabera jakingo dut taldearekin aritzeko moduan nagoen.
Azken hiru partidetan puntu bakarra lortu duzue, eta zaildu egin zaizue Europarako sailkatzea. Nola dago taldea, azken kolpeen ostean?
Kolpeen ondoren altxatu egin behar da. Lehen ere egin dugu. Partida polit eta berezi bat dugu aurretik, Athleticen aurkako derbia. Gauza asko ditugu jokoan, eta gogotsu gaude.
Zer espero duzu igandeko derbiaz?
Gure helburua lortzeko geratzen zaizkigun bost finaletatik lehen finala da. Europarako sailkatzeko irabazten hasi behar dugu, ez dago besterik. Intentsitate handiko lehia izango da, eta, derbietan ohikoa den moduan, ziurrenik jokoa ez da bikaina izango. Baina, gauzak ondo egiten baditugu, erritmo bizia jarriz gero, bi areatan eraginkorrak bagara, eta baloiarekin ondo moldatzen bagara, irabazteko aukerak izan ditzakegu. Etxean jokatuta, are gehiago.
«Une batzuetan ez zaio behar besteko balioa eman urte hauetan guztietan lortu dugun horri»
Haiek gaur jokatuko dute Europa Ligako finalerdiko joanekoa, Manchester Uniteden aurka. Nekea antzeman dezakete?
Antzeman dezakete, baina guk badakigu zer den hori, eta ziur nago bete-betean arituko direla, eta gogotsu egongo direla derbia jokatzeko. Aitzakiarik ez da egongo alde horretatik.
Ostegunean izango dute itzulerakoa, eta litekeena da Ernesto Valverdek txandakatzeak egitea. Erdiko atzelari izanda, asko aldatuko zaizu partida, aurrean Maroan Sannadik edo Gorka Guruzetak jokatzen badute?
Argi dago jokalari desberdinak direla, espazioetara zein arean mugitzeko, eta buruz errematatzeko gaitasun desberdina dute. Baina, batak jokatu zein besteak jokatu, nik egiten dudan horretan jarri behar dut arreta.
Egutegia ikusita, bost partida oso zail dituzue. Europarako sailkatuko zaretela uste duzu?
Garbi esango dizut: bai. Gure esku dago helburu hori, eta, puntuei erreparatuta, gertu dugu.
Gustura zaude egin duzun denboraldiarekin?
Bai. Egia da denboraldia min hartuta hasi nuela, eta orain ere lau partida daramatzadala jokatu ezinik. Baina jokatzeko aukera izan dudanean, gustura aritu naiz, sentipen onak izan ditut.
«Europarako sailkatuko garen? Garbi esango dizut: bai. Gure esku dago, puntuen aldea ez da hain handia, eta bete-betean saiatuko gara»
Emaitzei erreparatuta, taldeak ez du segidarik izatea lortu. Gainera, partida ugari jokatu behar izan dituzue. Mentalki denboraldia gogorra izan da?
Beste denboraldietan bezala, beti dago tentsio hori, are gehiago hainbeste partida jokatuta. Egia da emaitza aldetik ez dela aurrekoak bezain ona izaten ari. Hor jokalariok daukagu ardura. Baina uste dut taldea ahalegindu dela bere onena ematen, eta partida eta txapelketa guztietan hor egon dela.
Langa oso altu zegoen. Zaleak erraz ohitzen dira goran egotera?
Argi dago jendea erraz ohitzen dela gauza onetara, eta ziurrenik une batzuetan ez zaio behar besteko balioa eman urte hauetan guztietan lortu dugunari eta egiten ari garenari. Nire ustez, etorkizunean, eta emaitzak hain onak ez direnean, jendea konturatuko da horretaz.