Edin Terzic izango da Athleticeko entrenatzailea datozen bi denboraldietan

Alemaniarra da, eta Borussia Dortmundeko teknikari izandakoa. Talde horrek Alemaniako Kopa irabazi zuen 2021ean haren esanetara, 2023an bigarren amaitu zuen Bundesliga, eta 2024an Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen. Ernesto Valderde ordezkatuko du.

Edin Terzic entrenatzailea, artxiboko irudi batean. ISABEL INFANTES / EFE
Edin Terzic entrenatzailea, artxiboko irudi batean. ISABEL INFANTES / EFE
jon eskudero
2026ko maiatzaren 5a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hipotesi guztiak baieztatu ondoren, Edin Terzic izango da Athleticeko entrenatzailea datozen bi denboraldietan. Ernesto Valverdek kluba utziko zuela iragarri eta gero, bizpahiru izen bazituen mahai gainean Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak, eta alemaniarraren alde egingo du apustu. Borussia Dortmunden hazitakoa, bi urte daramatza aulkietatik urrun, baina ez du denborarik galdu. Alemaniako, eta, oro har, Europako futbola aztertzen aritu da buru-belarri, eta Athleticen erronkari helduko dio orain. Bere gertukoek hala aitortuta, futbolaren erromantiko bat da, detaile guztiak zaintzen dituen horietakoa, eta batez ere jokalariei zukua muturreraino ateratzen dakielako nabarmendu izan da. Harrobiko lana du maite, hainbat entrenatzaile ezagunen iturritik edan du, eta jakinduria guztia Lezaman islatzeko aukera izango du orain. Uriarteren zuzendaritzaren partetik apustu arriskatua izan daiteke, baina ukaezina da ilusioa ekarriko duela Bilbora 43 urteko alemaniarrak. Sasoia amaitzen denean egingo dute haren aurkezpen ekitaldia.

Egoerak hala behartuta, bere gurasoek antzinako Jugoslaviatik Alemaniara emigratu behar izan zuten 80ko hamarkadan, eta Menden izeneko herrixkan jaio zen Terzic, Dortmundetik 30 bat kilometrora, 1982. urtean. Aitaren eskutik, bederatzi urte zituela joan zen lehenengo aldiz Borussia Dortmunden zelaira, eta orduan erabaki omen zuen bere etorkizuna futbolari lotuta eraikiko zuela. Jokalari gisa ez zen nabarmendu, lesio larri bat ere izan baitzuen, baina entrenatzaile munduak oso goiz zabaldu zizkion ateak. Besteak beste, Borussia Dortmunden harrobian eman zituen lehen pausoak, Jurgen Klopp zelarik entrenatzaile nagusia. Huraxe izan zuen lehen maisua. Slaven Bilicen laguntzaile ere jardun zuen Besiktas eta West Ham taldeetan, hurrenez hurren. 2018an, berriz, Borussia Dortmunden talde nagusira joateko aukera izan zuen, Lucien Favreren laguntzaile gisa.

Bada, 2020ko abenduan iritsi zitzaion bere ibilbideko lehen aukera handia, behin-behinean entrenatzaile nagusi izendatu baitzuten bere klub maitean. Lan oparoa egin zuen, eta, horri esker, hurrengo bi denboraldietan Borussia Dortmunden gidari nagusia izateko aukera eskaini zioten. Ez zituen edonolako emaitzak lortu. Esaterako, 2021ean Alemaniako Kopa irabazi zuen. 2023an bigarren izan zen Bundesligan, Bayern Munich liderrarekin puntutan berdinduta amaitu eta gero. Hori gutxi ez, eta 2024an Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen. Real Madrilek kendu zion titulua: 2-1. Emaitzen gainetik, joko erakargarri, ausart eta biziagatik goraipatu zuten Terzicen lana.

Logikari helduta, Athleticeko jarraitzaile askoren galdera zera da orain: Borussia Dortmunden hain lan ona egin ondoren, zergatik egin ditu azken bi urteak talderik gabe? Bere ingurukoek aitortu izan dute eskaintzak ez dituela falta izan, baina inoiz ez duela urrats txikirik egin arlo ekonomikoari erreparatuta. Aitzitik, bere ideiak islatu ahalko dituen klub baten zain egon da, gertukoen arabera. Leku berezi baten zain, alegia. Alde horretatik, Athleticen deiak konbentzitu egin du. Badirudi hilabete batzuk daramatzala talde zuri-gorriaren gaurkotasunari erreparatzen, eta gaztelera ere lantzen hasia dela jokalariekin komunikatzeko.

Alemaniako entrenatzaileen eskola modan dago aspaldian, eta bide berari eutsiko dio Athleticek. Urrutira joan gabe, Rino Matarazzo izar bihurtu da Realean lau hilabetean, eta Hansi Flickek ere onbidera itzularazi du Bartzelona azken bi sasoietan.

Konexio berezia

Alemaniako eskolari helduta, bere metodologia, jakinduria, profesionaltasuna eta egoera denetara egokitzeko gaitasunagatik nabarmendu izan da Terzic. Detaile guztiak zaintzen dituen entrenatzailea da, eta arlo sozialari garrantzia ematen diona. Oso gertukoa da jokalariekin, talde bat kudeatzeko esku berezia daukala diote harekin egon direnek, eta jarraitzaileekin ere konexio berezia lortu ohi du. Horrez gain, prentsaurrekoetan argi eta garbi hitz egiten duen horietakoa da. Joko sistemari dagokionez, 4-3-3ko eskema erabiltzen du oro har, baina aurkari eta egoera guztietara egokitzeko ez dauka arazorik. Valverderi horixe leporatu izan zaio azken urteetan, beti sistema beraren aldeko apustua egin duela. Bada, zerbait ezberdina ekarriko du entrenatzaile alemaniarrak, baina bada negoziatzen ez duen gauza bat: presio itogarria egitea goian. Erritmo bizian jokatzea gustatzen zaio, eta, ahal dela, protagonista izatea jokoan.

Besteak beste harrobiari asko begiratzen dion entrenatzailea da. Gaur egun izar diren hainbat jokalari pasatu dira haren eskuetatik: Jude Bellingham (Real Madril) eta Bynoe-Gittens (Chelsea), esate batera. Lezamako gazteak gertutik aztertuko ditu, baina lehen taldean ere aski lan izango du. Batetik, jokalarien animoa errekuperatu beharko du, azken denboraldia gogorra izan delako buruz. Eta, bestetik, Athleticen nortzuk jarraituko duten eta nortzuk ez erabaki beharko du. Askatasun osoa izango du horretarako, eta atzerriko entrenatzaile bat izaki, inorekin adiskidetuko ez den norbait izatea nahi du klubak.

Valverderekiko errespetuagatik, Terzicen aurkezpen ekitaldi ofiziala denboraldi amaieran egingo du Athleticek. Zuri-gorrien aulkian 504 partida zuzenduta itxiko du zikloa Valverdek, Santiago Bernabeu futbol zelaian, eta omenaldi xumea prestatuko dio klubak. Erronka handia izango da Terzicentzat Valverde ordezkatzea, eta Valverde saiatuko da taldea Europarako sailkatzen. Lau partida geratzen zaizkio helburua lortu ahal izateko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA