Egoitz Bijueska skaterrak Munduko Txapelketa irabazi du

Brasilen jokatu da lehiaketa, Sao Paulon, eta 15 urte dituen bilbotarrak urrezko domina kolkoratu du parkeko modalitatean, lan bikaina eginda.

Egoitz Bijueska Munduko Txapelketan parte hartzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Egoitz Bijueska Munduko Txapelketan parte hartzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko martxoaren 9a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

15 urte baino ez ditu Egoitz Bijueska skaterrak (Bilbo, 2010), baina onenen artean ere nabarmentzen ari da. Bizkaitarrak Munduko Txapelketa irabazi du parkeko modalitatean. Brasilen jokatu da lehiaketa, Sao Paulon, eta, lan bikaina eginda, urrea kolkoratu du Bijueskak. Finaleko azken txandan 95,83 puntu lortu ditu, eta hobetu egin du ordura arte Kalani Konig brasildarrak zuen puntuaziorik onena: 94,80. Hala, urrezko domina irabazi du. 

Munduko sailkapenean lehen postuan dago oraintxe Bijueska, eta beste behin demostratu du ez dela kasualitatea. 2023an jokatu zuen lehenengoz Munduko Txapelketa, eta, ordutik, bilakaera ikusgarria izan du. 2024an bosgarren postuan amaitu zuen, eta onena izan da Sao Paulokoan. Lehiaketa irailean jokatzekoa zen berez, baina atzeratu egin zen; alegia, 2025eko Munduko Txapelketa da Bijueskak irabazi duena.

Hala, urtea borobildu du bilbotarrak. Izan ere, ekainean Ostiako (Italia) Munduko Kopa irabazi zuen skater gazteak: «Oraindik kosta egiten zait sinistea; barneratzen ari naiz. Oso gustura nago, zoriontsu. Niretzat izugarria da irabazi izana», esan zion orduan BERRIAri. Eta aitortu, besteak beste, begiz jota zuela Munduko Txapelketa. 

Esan eta egin. Hala ere, ez da txapelketa erraza izan Bijueskarentzat. Final-laurdenetan laugarren izan da, eta hirugarren finalerdietan. Hori bai, hainbat oztopo gainditu behar izan ditu: final-laurdenetan min hartu zuen belaunean berotze lanetan, baina osatu eta aurrera egiteko kapaz izan zen. Finalerdietan ere, kolpe bat hartu zuen berotzen ari zela, eta lehiatu ondoren proba batzuk egin zizkioten ospitalean, ondoezik zegoelako. Lesiorik ez zuenez, finala jokatu ahal izan du, eta irabazi.

Finalean bigarren txanda bikaina egin du Bijueskak, eta 92,28ko puntuazioa lortu du. Horrek eman dio azken txanda jokatzeko aukera. Bost skater onenek jokatu dute hori, eta bilbotarra gailendu da. Tom Schaar, Taylor Nye, Keefer Wilson eta Kalani Konig baino hobea izan da. 

Euskal skater gehiagok ere hartu dute parte Munduko Txapelketan: Naia Lasok hamabosgarren amaitu du; Peio Gonzalez final-laurdenetan kanporatu dute; eta Alain Kortabitarte eta Gadea Moja sailkatze txandetan geratu dira lehiatik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA