Urrezko trikimailuak taula gainean

Ostiako Munduko Kopa irabazi du Egoitz Bijueska skaterrak, txapelketa ikusgarria eginda. 14 urte baino ez ditu, eta aitortu du haren hasierako helburua ez zela nagusitzea. Anbizio handia du.

Egoitz Bijueska skaterra, kiroldegi batean. BERRIA
Egoitz Bijueska skaterra, kiroldegi batean. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etorkizun oparoa du Egoitz Bijueska skaterrak (Bilbo, 2010): 14 urte dituenez gero, ibilbide luzea du oraindik egiteko taula gainean. Baina skatearen etorkizuna bakarrik ez, oraina ere bada, eta argi erakutsi du. Balentria egin eta Ostiako (Italia) Munduko Kopa irabazi du skater gazteak, denboraldi honetan parkeko modalitatean jokatutako aurrenekoa. «Oraindik kosta egiten zait sinistea; barneratzen ari naiz. Oso gustura nago, zoriontsu». Egunotan, txapelketako bideoak ikusi eta ikusi aritu da.

Izan ere, garaipenak beti dira gozoak eta zirraragarriak, baina, espero ez direnean, are gehiago. Hala gertatu zaio Bijueskari: «Finalerdietara iristea zen hasierako helburua; baina, finalerako 95,83ko puntuazioa lortuta sailkatu nintzenean, konturatu nintzen irabaz nezakeela». Ez baita edonolako marka: World Skateren historian inoiz lortutako puntuaziorik onena da, Keegan Palmer bi aldiz txapeldun olinpiko izandakoak lortutakoarekin berdinduta —Tokioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina kolkoratu zuen puntuazio horrekin—.

Horrelaxe, bada: sinistu eta egin. Bijueska distiratsu aritu zen finalean ere, eta lana errematatu zuen. Lehen txandan 92,54ko puntuazioa lortu zuen, eta beste inor ez zen gai izan hori hobetzeko: Pedro Carvalho, Luiz Mariano, Luigi Cini eta Gui Khury brasildarrak, Yuro Nagahara eta Soya Inomata japoniarrak, eta Alessandro Mazzara italiarra izan zituen aurkari. Beraz, irabazle zela bazekiela atera zen pistara laugarren eta azken txandan, disfrutatzeko eta lan txukuna egiteko asmoz. Baita egin ere: 94,50eko puntuazioa lortu zuen, finaleko handiena. «Niretzat izugarria da irabazi izana», aitortu du.

Lehen txandan saio ona egin izanak lasaitu zuen, tentsioa ez baitu lagun: «Urduri jartzen naiz, eta gaizki pasatzen dut. Gurasoek asko laguntzen didate, eta hobeto kontrolatzen dut orain».

Badu halako egoerak kudeatzen ikasteko denbora ere. Bijueskak 2023an egin zuen debuta Munduko Txapelketan, 12 urte zituela. Final-laurdenetarako sailkatzea lortu zuen orduan, eta erakutsi zuen berezko talentua eta abilezia zituela. Ordutik, hobetu eta hobetu segitu du. Iaz, bosgarren postuan amaitu zuen, eta, aurten, jauzi erabakigarria egin du, eta onenen artean kokatu.

Maiatzean eman zuen abisua: 900 deituriko trikimailua egin zuen —sei metrotik gorako altueran bi bira eta erdi ematea—. Eta adi: munduan hamabi skaterrek soilik lortu dute truko hori gauzatzea. Bi egun eta hogei saiakera behar izan zituen. Tony Hawk skater ospetsuak, berriz, hamar urte behar izan zituen. Hain justu, Bijueskak uste du trukoetan hobetu duela gehienbat, eta, era berean, iritzi dio hortxe duela hobetzeko tarterik handiena. Lanean jarraitzeko gogoz dago, beraz.

«Oraindik kosta egiten zait sinistea; barneratzen ari naiz. Oso gustura nago, zoriontsu»

EGOITZ BIJUESKASkaterra

Etxetik gertu entrenatu ohi da bilbotarra: Berangoko eta Leioako (Bizkaia) skate parkeetan. Baina entrenatzailea australiarra du: Trevor Ward. «Erroman ezagutu genuen, 2023an, nire lehen Munduko Txapelketan. Entrenatzaile oso ona zela iruditu, eta erabaki genuen hura kontratatzea». Urtean pare bat aldiz elkartzen dira, AEBetan, eta txapelketetan ere ikusten dute elkar. Hain zuzen, Kalifornian elkarrekin zirela lortu zuen Bijueskak 900 delako trukoa egitea.

Bestelakoan, bideoak bidaltzen dizkio teknikariari, eta hark zuzenketak egiten dizkio, eta zer landu behar duen esan. «Txapelketa gertu badut, lehian egin behar ditudan trukoak egiten ditut; eta ez bada txapelketarik tartean, saiatzen naiz betiko trukoak egiteaz gain beste batzuk ikasten».

Erronka handiak

Bijueska «kasualitatez» hasi zen skatean: «Familiarekin udako oporretan nintzela, skate parke batera joan ginen, eta mutiko bat ikusi nuen skatearekin truko bat egiten. Zera esan nuen: ‘Hori ikasi nahi dut’. Gurasoei esan nien erakusteko, baina, ez zekitenez, skate eskola batera apuntatu ninduten. Pentsatu zuten bi hilabeteko kontua izango zela, gero hirukoa, urtebetekoa... Azkenean, baina, segitu egin nuen».

Orduan inor gutxik pentsatuko zuen urte batzuen buruan Munduko Kopa bat irabaziko zukeenik. Hau, ordea, hasiera baino ez da; erronka handiak ditu aurrean. Irailean Washingtonen jokatuko den Munduko Txapelketa du orain begiz joa, baita 2028an Los Angelesen izango diren Olinpiar Jokoak ere. «Gustatuko litzaidake hartarako sailkatu eta lan ona egitea; eta, ahal bada, irabaztea». Anbizioa ere urrezkoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.