Skate

Egoitz Bijueska: taula gainean ez du parekorik

Skaterrak mugarria ezarri du, eta inork egin gabe zuena lortu: bigarrenez jarraian irabazi du Munduko Txapelketa. Kontatu duenez, «zaila» izan da, baina oso gustura dago.

Egoitz Bijueska skaterra, Munduko Txapelketan lehiatzen. JUAN PABLO PINO / EFE
Egoitz Bijueska skaterra, Munduko Txapelketan lehiatzen. JUAN PABLO PINO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oso-oso pozik» dago Egoitz Bijueska skaterra (Bilbo, 2010). Hala esan dio BERRIAri, telefonoz, Kalifornian dela, entrenamendura bidean. Ez da gutxiagorako, mugarria ezarri baitu, eta inork egin gabe zuena lortu: bigarrenez jarraian irabazi du Munduko Txapelketa. «Kostatu zait barneratzea», aitortu du.

Hura zen Paraguain jokatutako txapelketa irabazteko faboritoetako bat: 15 urte baino ez ditu, baina onenekin lehian ari da, eta askotan erakutsi du zer-nolako abilezia duen taula gainean. Gainera, sekulako maila ematen ari da aurten: martxoan Sao Paulon jokatu zuten 2025eko Munduko Txapelketa irabazi zuen —lehiaketa iazko irailean jokatzekoa zen berez, baina atzeratu egin zuten—, ekainean brontzea lortu zuen Ostiako (Italia) Munduko Kopan, eta X-Games txapelketa entzutetsuan hiru domina lortu zituen: urrea, zilarra eta brontzea. Urrezko domina Japonian irabazi zuen, Chiban, uztail hasieran. 

Horiek horrela, sasoia biribildu du. Munduko Txapelketa bukatu ostean, finala gogorra izan zela kontatu zuen bilbotarrak, «euriak eta urduritasunak baldintzatua». Hala azaldu du: «Euria ari badu, lehiaketa geratu behar da, edo atzeratu. Orduan, etengabe kudeatu behar duzu urduritasuna, eta zaila da arreta lehian jartzea. Huts egiteko beldurra ere izaten da. Baina, tira, azkenean hori ere jokoaren parte da».

«Baditut txapelketan egin ez nituen truko batzuk. Normalean, buruan ditugunak baino zertxobait gutxiago egiten ditugu, beti ezin baituzu zure onena eman»

EGOITZ BIJUESKA Skaterra

Txapelketan izandako maila ere goraipatu du Bijueskak: «Aurkariak oso-oso ondo lehiatu ziren, eta trikimailu ederrak egin zituzten». Hala ere, ez zuen parekorik izan. 94.50 puntu bildu zituen finalean; 93.07 eskuratu zituen zilarra lortu zuenak, Tom Schaar estatubatuarrak, eta 92.15 brontzea kolkoratu zuenak, Gui Khury brasildarrak.

Bijueskak itxaropena piztu du, eta zale ugari egoten dira hura ikusteko gogoz. Horren jakitun dago skaterra, eta faboritoetako bat izateak presioa sortzen diola aitortu du: «Nik irabaztea edo lan ona egitea espero du jendeak, eta batzuetan buruari bueltaka hasten naiz: ‘Eta ez badut lortzen...?’. Arnasa hartu eta lasai egoten saiatzen naiz. Amak asko laguntzen dit».

Hobetzen segitu nahi du

Presioak presio eta urduritasunak urduritasun, Bijueskak zur eta lur utzi zituen asko taula gainean egindako trikimailuekin. «Baditut txapelketan egin ez nituen truko batzuk. Normalean, buruan ditugunak baino zertxobait gutxiago egiten ditugu, beti ezin baituzu zure onena eman. Izan ere, trukoa zenbat eta zailagoa izan, huts egiteko arriskua ere areagotzen da. Hala ere, gustura nago txapelketan egindakoarekin, baita atzetik egin dudan lan guztiarekin ere».

Azaldu duenez, lehiaketa hasi baino lehen prestatua izaten du zer egin, baina lehiatzen ari dela erabakiak hartu behar izaten ditu: «Adibidez, berotzen ari nintzela truko bat aldatu nuen. Ez zitzaidan ateratzen ari, eta beste batekin aldatu nuen».

Asmatu zuen, urrezkoa izan baitzen azken emaitza. Gainera, puntu garrantzitsuak lortu zituen 2028an jokatuko diren Los Angelesko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bidean. Pozik dago horrekin ere: «Jokoetarako sailkatzea urrun dagoen helburu bat da, urte eta erdi falta baita. Baina, aldi berean, hasi gara puntuak biltzen, eta, beraz, gertuago sumatzen dut. Nahiago dut horretan asko ez pentsatu, urduri jartzen nau eta», azaldu du.

Bide luzea du oraindik haraino, eta «ikasten eta hobetzen» segitu nahi du Bijueskak. Disfrutatu egiten du taula gainean, eta hala jarraitu asmo du. Bideo bat grabatuko du orain bere trikimailurik onenekin: «Skatean inportantea da», esan du. Ikusleek eta zaleek harekin gozatzen segituko dute, beraz. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA