Caja Rural taldeko txirrindularia

Gorka Sorarrain: «Egun bateko lasterketetan nola ibil naitekeen ikusi nahi dut aurten»

Maiatzean 28 urte beteko dituen arren, Sorarrainek uste du «beste jauzi bat» egiteko gai dela oraindik. «Teknikoki eta taktikoki hobera egin behar dut». Euskal Herriko Itzulian parte hartzea «amets handi bat» betetzea litzatekeela esan du.

(ID_13455955) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2023-12-29, Tolosa. Gorka Sorrarain txirrindularia
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Gorka Sorarrain (Tolosa, Gipuzkoa, 1996) Caja Rural taldeko txirrindularia denboraldia noiz hasiko zain dago. Urtarrilaren 20an egingo du debuta Valentziako Klasikoan, eta denboraldi hasierako egutegia lasterketaz beteta dauka. «Helburu zehatzik ez dut. Errepidean nire onena eman nahi dut». 2023ko uztailean, bi urte eta erdirako kontratua sinatu zuen Caja Rural taldearekin. «Espainiako Txapelketan lortutako bosgarren postuak dena aldatu zuen». Saskibaloia utzita, pandemia garaian hasi zen bizikleta gainean, eta aurtengoa hirugarren denboraldia du txirrindulari gisa.

2023an txirrindulari profesionala bihurtu zinen. Urte ahaztezina izango zen, ezta?

Bai, oso berezia eta polita izan da. 2022. urtea amaitu ostean ez zen erraza izan zer egin erabakitzea, ezin nuelako Euskal Herrian lehiatzen jarraitu, baina ametsarengatik borrokan jarraitzea erabaki nuen. Portugalen hasi nuen denboraldia, lanean jarraitzen nuen bitartean, eta urtea erabat txirrindulari profesional gisa amaitzea oso polita izan zen.

Hilabete batzuk atzera jota, zer lortuko zenuen esan izan balizute, agian ez zenuen sinetsi ere egingo.

Ez. 2022aren hasieran ia ez nekien tropelean ibiltzea zer zen ere; dena oso azkar joan da. Bizikletan hasi nintzenean, ez nuen profesional bilakatzeko aurreikuspenik, eta, orain, ikaragarria da gauden lekuan egotea eta beste bi urterako kontratua izatea. 

Bai Sicasal eta Caja Rural taldeekin egin duzu zure lehen denboraldia profesionaletan. Nolakoa izan da lehen urtea?

Denboraldiaren lehen erdia eta bigarrena oso ezberdinak izan ziren. Sicasal taldearekin uztailera arte korritutako lasterketa guztiak Portugalen izan ziren. Talde oso apala da, baliabide gutxikoa, eta gure partetik asko jarri behar genuen. Caja Rural beste zerbait da, talde bat da, eta, egutegiari dagokionez, han eta hemen lasterketak korritu nituen.

Sicasal taldearekin urtea amaitu izan bazenu, agian 2024an ez zenukeen tropelean jarraituko?

Ez dakit, horrelako beste urte bat egitea ez delako erraza. Nire partetik asko jarri nuen, baina baita nire inguruko pertsonek ere, ez neukalako ezertarako denborarik. Gauza asko sakrifikatu beharko nituzke beste urtebetez, eta erabakia asko pentsatu beharko nuke. Zorionez, egun batek dena aldatu zuen.

«Aukera eman zidaten urte eta erdiko edo bi urte eta erdiko kontratua sinatzeko. Lana utzi eta nire kirol ibilbideak noraino eraman nazakeen ikusi nahi nuen. Taldeak nigan jarritako konfiantza bueltatu nahi dut orain»

Espainiako Txapelketako errepideko proban lortutako bosgarren postuak aldatu zuen zure etorkizuna.

Bai, hala izan zen. Portugalen emaitza on batzuk lortu nituen, baina, txirrindularitza oso-oso gertutik jarraitzen ez baduzu, bertako egutegi eta emaitzei ez diezu asko erreparatzen. Espainiako Txapelketan lehen aldiz aritu nintzen World Tour mailako txirrindulari batzuen aurka. Baina hasieratik oso ondo sentitu nintzen, eta asko disfrutatu nuen; parte hartzea soilik ametsa izan zen. World Tour mailako lau txirrindulariren atzetik sartu nintzen, eta dena aldatu zuen egun horrek. Ordura arte ia inork ez ninduen ezagutzen, eta hortik aurrera deiak eta eskaintzak jasotzen hasi nintzen.

Aurreneko sailkatuak ere ez zenituen oso aparte izan. Podiumarekin amets egin zenuen?

Oier Lazkano zihoan aurretik, baina nik ez nuen beraren berri, irratirik gabe korritzen ari nintzelako. Taldearen autoa ere ez genuen eraman, eta Astanarekin hitzartu genuen arazorik izanez gero eurek emango zigutela beharrezko laguntza. Azkeneko kilometroan geldialdia zegoela ikusita erasoa jo nuen, eta 200 metro falta zirela gainditu ninduten Juan Ayusok, Jesus Herradak eta Alex Aranburuk. Podiuma gertu ikusi nuen arren, bosgarren postuarekin oso pozik amaitu nuen.

Beraz, erasoa jotakoan lasterketa burua zinela uste zenuen?

Bai. Harrapatu ninduten arte uste hori nuen. Imajinatu bigarren sartu eta garaipena lortu izan banu bezala ospatuko banu zenbaterainoko erridikulua egingo nukeen [barrez].

Berehala jabetu zinen emaitza hark oihartzuna izan zuela?

Bai. Lasterketa amaituta, familiarekin ospatu nuen lortutakoa, eta helmugatik igaro eta ordu erdira edo hartuko nuen sakelakoa. Mezu eta dei mordoa neuzkan ordurako, eta jada lehen eskaintza jaso nuen.

Caja Ruralenaz gain beste eskaintza batzuk izan zenituela esan izan duzu. Zergatik aukeratu zenuen talde horrek eman zizun aukera?

Lasterketa osteko egunetan bitartekari batzuk nirekin harremanetan jarri ziren. Denera, hiru eskaintza izan nituen. Ikusten nuen Caja Rural talde indartsua zela, barne lehiakortasun handiko taldea, eta horrek hazten lagunduko ninduela iruditzen zitzaidan. Gainera, Caja Ruralek aukera ematen zidan denboraldiaren bigarren erdia eurekin korritzeko, eta horri ere garrantzia eman nion. Beste bi eskaintzak 2024an hasteko ziren.

Bi urte eta erdiko kontratua sinatu zenuen abuztuan Caja Ruralekin. Lasaitasuna eta egonkortasuna ematen dizun kontratua da?

Bai, zalantzarik gabe. Aukera eman zidaten urte eta erdi edo bi urte eta erdi sinatzeko, eta bigarrena hartzea erabaki nuen. Lana utzi eta nire kirol ibilbideak noraino eraman nazakeen ikusi nahi nuen. Taldeak nigan konfiantza handia erakutsi du, eta jasotako hori bueltatu nahiko nuke orain.

«Denboraldi hasieran lasterketa egun asko izango ditut, eta, batzuetan lan egitea tokatuko bazait ere, behin edo behin nire lasterketa egiteko aukera izan dezakedala esan didate. Denetarik egitea egokituko zait»

Ingeniari elektroniko gisa Andoaingo enpresa batean zenuen lana utzi behar izan zenuen txirrindularitzari erabateko dedikazioa eskaintzeko. Alde horretatik ere urtearen bigarren erdia erabat ezberdina izan zen?

Bai, noski. Hasieran bazirudien oporretan nengoela, goizez entrenatu eta arratsaldea libre izatea soilik opor garaian izaten nuen zerbait zelako. Gauza onetara azkar ohitzen gara. Bizitza aldaketa hau asko nabaritu dut, eta espero dut aldaketa honi esker oraindik ere garapen bat izatea txirrindulari gisa. Oraindik beste jauzi bat egiteko gaitasuna daukadala uste dut.

Zure ustez, zertan hobetu dezakezu gehien?

Tropelean nahiko eroso noa, baina oraindik azkeneko kilometroetan hobeto mugitzea falta zait. Horrez gain, fisiologikoki ere urtez urte hobetzen ari naizela ikusten dut, zenbakiak geroz eta hobeak baitira. Teknikoki eta taktikoki hobera egin behar dut. Azken finean, tropeleko txirrindulari askok baino kilometro gutxiago egin ditut errepidean.

Denboraldi berriari begira, zer eskatu dizu taldeak?

Aurreko denboraldiko azken lasterketak taldea ezagutzeko eta maila berrira egokitzeko baliagarriak izan ziren. Mojacarren [Espainia] egin genuen denboraldiaurreko egonaldian esan zidaten eginkizun ezberdinak hartzeko gai ikusten nautela. Iaz, adibidez, taldeko txirrindulari azkarrei laguntzen aritu nintzen azken lasterketetan. Denboraldi hasieran lasterketa egun asko izango ditut, eta, batzuetan lan egitea egokituko bazait ere, behin edo behin nire aukera izan dezakedala aipatu didate. Denetarik egitea tokatuko zait.

Zertan sentitzen zara erosoen?

Desnibela pilatzen joaten den lasterketa gogorretan gustura aritzen naiz, betiere malda handiko mendateak ez badaude. Txirrindulari indartsua naiz, garaia, eta, igotzaileekin alderatuta, kilo batzuk gehiago ditut. Aurten, adibidez, egun bateko lasterketetan nola ibil naitekeen ikusi nahi dut. Desgaste handiko lasterketetan ondo molda naitekeela uste dut.

Zer egutegi izango duzu hurrengo asteetan?

Denboraldia urtarrilaren 20an Valentziako Klasikoan abiatuko dut. Ondoren, Ceramicaren Klasikoa ere korrituko dut, eta, hortik aurrera, ia astero lasterketaren bat izango dut: Marseillako Sari Nagusia, Valentziako Erkidegoko Itzulia, Jaen eta Almeriako klasikoak eta Italian eta Belgikan ere egun bateko lasterketa batzuk korritzeko asmoa daukat.

«Tropelean nahiko eroso noa, baina oraindik azkeneko kilometroetan hobeto mugitzea falta zait. Horrez gain, fisiologikoki ere urtez urte hobetzen ari naizela ikusten dut, zenbakiak geroz eta hobeak baitira»

Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko ametsa betetzeko moduan izango zara?

Oraindik ez dakigu nor joango den. Taldekoek esan digute ahalik eta multzorik indartsuena eramaten ahaleginduko direla, eta, beraz, lehen lasterketetako emaitzen arabera erabakiko dute. Ikaragarria izango litzateke Itzulian parte hartzea; pentsatze hutsarekin irribarrea ateratzen zait. Itzulia agian ez da niretzako ibilbiderik aproposena duen lasterketa, baina amets handia litzateke.

Helburu zehatzik baduzu denboraldi honetarako?

Errepidean nire bertsiorik onena erakutsi nahi dut. Horixe da nire helburu nagusia. Ahalik eta mimorik handienarekin ari naiz denboraldiaren lehen zatia prestatzen. Gauzak ahalik eta ondoena egitea eta hobetzen segitzea da nire asmoa.

Espainiako Vueltarako gonbidapena lortzea ere helburu garrantzitsua da taldearentzat. 

Oso garrantzitsua dela esan beharrik ez dago, baina ez dut uste lehenengo lasterketen ostean hori erabakiko denik. Iaz, taldeak oso denboraldi txukuna egin zuen, baina gonbidapena ematea antolakuntzaren esku dago. Gainera, gonbidapenak taldeen artean txandatzearen asmoa ere izan dezake antolakuntzak.

Txirrindulariei dagokionez, bost txirrindulari berri daude taldean. Nolako multzoa osatu du Caja Ruralek?

Harrobiko taldetik lau txirrindularik egin dute jauzia profesionaletara, eta, adibidez, Jon Barrenetxea bezalako txirrindulari garrantzitsu batek taldea utzi du, Movistarrera joateko. Halere, multzoari eutsi diogu, eta uste dut maila oneko txirrindulari azkarrak ditugula: Orluis Aular, Daniel Babor eta Iuri Leitao. Aular izango da taldeko erreferente nagusia, oso txirrindulari indartsua baita. Aurreko denboraldian emaitza on asko lortu zituen: Kroaziako Itzulia irabazi zuen, eta Espainiako Vueltan garaipena ere gertu izan zuen. Ilusio handia eragiten duen denboraldi baten atarian gaude.

Caja Rural taldea Marcos Maynar medikuarekin eta dopin kontuekin lotzen duen txosten bat ezagutarazi zuten duela hilabete batzuk, eta taldeak lotura hori gezurtatu egin zuen. Nola bizi duzue zuek auzia eta zer esan dizue taldeak?

Nahasiak izan ziren denboraldia amaitu osteko asteak. Taldekoek lasaitasuna helarazi digute, halako kontuei kasurik ez egiteko esan digute, eta lanean segitzeko. Taldeak salaketa jarri zuen txosten hori argitaratu ostean, eta justiziak bere lana egingo du. Askoz ere gehiago ez daukat esateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.