Kontxako Bandera

Eguneko denborarik azkarrena egin du Urdaibaik, ikuskizuna emanda

Lan erdietan ohorezko txandatik kanpo zegoen Bou Bizkaia, eta bigarren luzean lehen postua lortu du. Segundo bakarraren tartea du Hondarribiarekin, eta Donostiarra eta Orio izango dituzte aurkari ohorezko txandan.

Urdaibai, gaur, arraunean. GORKA RUBIO / FOKU
pettan uralde
2023ko irailaren 3a
12:57
Entzun

Emakumeek eman duten ikuskizuna hobetzea gehiegi eskatzea izan liteke, agian, baina ez dira atzean geratu gizonak. Lehen txandan, Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena aritu dira, hurrenez hurren. Hautagai nagusia —Urdaibai— beste txandan zen, eta lana ahalik eta hobekiena egiteko beharra zuten lau ontziek. Lehendabiziko palakadetatik Donostiarrak branka sartu du, denboraldian zehar ohituta gaituen moduan.

Lehen minutuetan, protagonismoa Oriok eta Hondarribiak hartu dute. Hondarribia lehen kaletik bigarrenera igaro da, eta Orioren parean jarri da. Gertuegi agian, baina tarte txar hori pasatuta, bere kalera itzuli da. Bitartean, hirugarren kaleko Zierbena atzean geratuz joan da, Donostiarraren antzera. Estropada hasieran, abisatu dute adituek bi kale horietan itsaslasterrek zuten eraginez, eta emakumeen txandetan baina gehiago nabaritu da honetan.

Hondarribia nagusituz joan da pixkanaka, eta hiru segundo aurretik jarri dira luze erdian. Ziabogara iristear zeuden, eta Oriok tarte horri ongi eutsi dio. Era berean, uste baino tarte handiagoak ikusi dira lau ontzien artean. Lan erdiak pasatuta, Hondarribiak buruan, Orio lau segundora, Donostiarra zazpira, eta Zierbena hamaikara.

Hondarribiak ezin izan du tartea handitu, eta Orioko entrenatzaile Jon Salsamendik agindu argiak eman dizkio bitartean patroiari: «Gaur edo inoiz ez». Tarteak mantendu egin dira, eta poparean oso parekatuta ibili dira lau ontziak. Sailkapenean azkarrena izan zen Zierbenaren arrastorik ez zen, eta estropada burutik bederatzi segundora izan da ia luze osoan. Hondarribia Orioren kalean sartu da, berriro ere, eta epaileak bandera zuria atera dio, alden zedin.

Azken metro erabakigarrian sartu dira lau ontziak. Donostiarrak olaturen bat hartu, eta momentu ona baliatu du bost segundora jartzeko, Orioren pare. Azkenean, Hondarribia garaile. 19.21ko denbora ezarri dute, Donostiarra 3.12ra sartu da, eta Orio, 3.88ra. Zierbena, berriz, 6ra.

Urdaibai, erlojupean

Bigarren txandan, Hondarribiaren denbora hobetzera Getaria, Cabo, Urdaibai eta Ondarroa irten dira. Lau ontziek ligan erakutsitako mailaren arabera, Urdaibairen nagusitasuna aurreikus zitekeen. Bi minutu eskasean, lau segundoren errenta atera dio Getariari, bostena Cabori, eta seirena Ondarroari. Erlojupekoa hasi du Bou Bizkaia-k, eta aurkari bakarra Hondarribiak ezarritako denbora izan du.

Lehen luze erdian, Urdaibai bakar-bakarrik, eta gainontzeko hiru ontziak zortzi segundora. Beraz, Urdaibairen maniobrari itxarotea besterik ez zen geratzen, hanka sartzeko aukera bakarra. Hondarribiaren denbora maniobran, 9.19koa zen, eta Urdaibaik 9.31ra egin du. Denbora horrekin ohorezko txandatik kanpo zegoen Urdaibai. Emozioa bukaerara arte.

Bizkaitarrek estutzeko garaia behar zuen, eta ez dute huts egin. Txandako aurkariei tartea handituz joan da Bou Bizkaia, eta hegan egiten hasi da. Ohorezko txandan sartzeko nahikoa izango zuen jakiteko goiz oraindik, baina beste itxura bat zuen Bermeokoen luzeak. Bestalde, Cabo eta Getaria denbora berean oraindik ere, eta Ondarroa atzean geratuz, aurrekoetatik sei segundora.

Azken mila metroak bakarrik egin ditu Urdaibaik, dena emanez, eta lehertzeko zorian. Gorka Aranberriren mezuek beste kutsu bat zuten, larritasun kutsua agian. Erreferentziarik ez, eta ezinezkoa jakitea Hondarribiari tartea txikitu ote zion edo ez, baina bazirudien baietz. Orduko 20 kilometroko abiaduran sartu da Bou Bizkaia helmugara, eta 19.20ko denboran. Ohorezko txandatik kanpo geratzeko zorian, eta azkenean denbora onena eginez. Izugarria Iker Zabalaren arraunlariek egindakoa. Ondoren, Cabo sartu da 27 segundora, eta Getaria ehunen eskasera. Azkenik, Ondarroa 40 segundora.

Hurrengo igandean izango da azken proba, eta ohorezko txandan Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio izango dira. Lau segundoren tartea besterik ez dago horien artean, eta oraindik dena dago erabakitzeko.

Sailkapena

1. Urdaibai, 19.20

2. Hondarribia, 1.25era

3. Donostiarra, 4.19ra

4. Orio, 4.97ra

5. Zierbena, 7.75ra

6. Cabo, 27.68ra

7. Getaria, 28.20ra

8. Ondarroa, 40.12ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.