Entrenamendua amaituta, Zubietako zelai berriaren prentsa aretora bertaratu da Arturo Ruiz, Realeko entrenatzailea (Madril, 1997). Energiaz eta gogotsu nabari zaio hitz egiteko orduan, eta hala dagoela aitortu du. Klubak etorkizun oparoa duela uste du. «Azpiegitura, baliabideak, harrobiaren egitura... bikainak dira».
Lehen denboraldia duzu Realean. Nola sortu zitzaizun hona etortzeko aukera?
Aurreko denboraldi amaieran kluba nire ordezkariarekin jarri zen harremanetan. Lehen hartu-emanak bideo deiez izan ziren. Maiderrekin [Castillo] eta Garbiñerekin [Etxeberria] aritu nintzen hizketan. Gauzak nahiko bizkor lotu genituen. Klubaren egiturak eta epe ertainerako duen egitasmoak konbentzitu ninduen. Argi zuten zer nahi zuten emakumeen taldeen egiturarako eta lehen talderako.
Esperotakoa aurkitu duzu Zubietan?
Bai. Oso jokalari multzo sanoa topatu dut, denboraldi on bat egiteko gogoz. Bestalde, inguruan ditudan laguntzaile eta klubeko langileak ere oso gogotsu eta koordinatuta daude, dena ondo joan dadin. Profesional ikaragarriak dira. Sekula izan dudan entrenatzaile multzorik onena daukat. Azpiegiturak ere bikainak dira, baita bestelako egiturak ere. Maiderrek, Garbiñek eta zuzendaritzak asko laguntzen didate. Egunerokoan jarduteko eredu bikaina eratu dugu.
Zein izan zen jokalariei eman zenien lehen mezua?
Jokalari multzo bat izateari utzi, eta talde bat izan behar genuela. Ondorengoa ere esan nien: harreman sare on eta sano bat eraiki behar genuela. Taldeak izango zuen nortasunaren ezaugarriak ere zehaztu genituen. Ezaugarri horiek oso presente ditugu entrenamenduetan, partidetan, jokabideetan...
Zeintzuk dira ezaugarri horiek?
Lau arlotan banatu genituen: egunerokoa, lehiatzeko modua, eta taldeak baloia duenean zein ez duenean dituen ezaugarriak. Ideia jasa bat egin genuen, eta lehentasun batzuk ezarri genituen. Ezaugarri horiek zeintzuk diren guretzat gordeko dut.
Zein izan da denboraldia hain ondo hasteko gakoa? Espero al zenuen?
Ona izatea espero nuen, denboraldiaurrean egin genuen lana oso ona izan zelako. Hasieratik ikusi nuen taldeak zuen ahala. Gainera, entrenatzaile multzoa eta jokalariak oso batuta egon gara hasieratik. Eguneroko sano eta on bat lortu dugu, eta hori da gakoa.
«Taldea baloirik gabe ondo aritzea, horrek eman dit lanik handiena. Izan ere, Realak beti izan du ahalmen handiagoa baloiarekin»
Denboraldi osoan aipatu duzu taldea egiten ari zinetela. Prozesu hori ligaren aurreko etenean amaituko zela esan zenuen. Zerk eman dizu lanik handiena? Eta lan gutxien?
Taldea baloirik gabe ondo aritzea, horrek eman dit lanik handiena. Izan ere, Realak beti izan du ahalmen handiagoa baloiarekin. Jokalariek izan duten jarrera onari esker, baloirik gabeko egoeretan asko hobetu dugu. Orain oreka handiagoa daukagu. Lan egin dut ere hau goi errendimendua dela ulertarazten jarraitzeko. Lan gutxien, berriz, ondorengoak eman dit: taldea egitea eta baloia dugunean ondo aritzea.
Zein izan da taldeak jokatu duen partidarik biribilena? Eta kaskarrena?
Asko gustatu zitzaizkidan Sevillaren, Granadaren eta Bartzelonaren aurkakoak. Sevillaren aurkako partida lehena izan zen etxean, eta oso ondo jokatu genuen. Granadaren aurka berdindu egin genuen, baina errendimendua oso ona izan zen. Bartzelonaren aurka, berriz, ohikoa ez dugun modu batean jokatu behar izan genuen. Gutxien gustatu zaizkidanak azken hiru partidak izan dira. Une batzuetan jokoa ez dugu ondo hasi. Horren ondorioz, aurkariaren zelaian ez ditugu hainbeste abantaila sortu. Gainera, Bartzelonaren aurkako partida jokatu eta gero, atzerapauso txiki bat eman dugu baloirik gabe izan behar dugun errendimenduan.
Nola jarraitu dezake hazten taldeak?
Eguneroko lan horri eutsi behar diogu, eta geure buruari asko eskatzen jarraitu. Horrekin batera, baloiarekin zein baloirik gabe dugun errendimendua hobetzen jarraitu behar dugu. Hori lortuz gero, are gehiago sendotuko dugu eraiki duguna.
Lauko eta bosteko defentsarekin jokatu duzu. Zein marrazkirekin ikusi duzu taldea erosoen?
Aurkariaren arabera bat edo bestea erabiltzen dugu. Partida jokatzen ari garela ere aldatu egiten dugu, taldeak baloia duen edo ez kontuan hartuta. Biekin egin ditugu partida onak.
Hainbat partidatan 20 aldiz baino gehiago jaurti duzue aurkariaren atera. Zer iritzi duzu datu horretaz?
Gol aukera asko sortzen ditugula. Baina badugu zer hobetua: jokaldiak amaitzeko modua. Lehen jardunaldietan baino hobeto ari gara horretan, baina argiago izan behar dugu erdiraketak nola eta nora egin, area nola okupatu...
Aurreko denboraldian taldeak otsailean egin zuen behera. Zer egin behar duzue oraingo honetan hori ez gertatzeko?
Denboraldi diferenteak dira, eta erakutsi dugu partida edo bolada txar baten ostean taldeak badakiela erantzuten. Ziur nago horri eutsiko diogula. Konbentzituta nago ez dugula behera egingo, aipatutako eguneroko lan on horri eutsiko diogulako. Hori da nire lehentasuna.
Lehen jardunaldian izan ezik, beste guztietan lehen hiruren artean egon zarete sailkapenean. Europarako sailkatzea da zuen helburua?
Nahiago dut etenaldiz etenaldi joan, eta horien artean dauden partidetarako helburuak ezarri. Txapelketa amaitzeko pare bat hilabete falta direnean ikusiko dugu non gauden, eta zer helburu lortzeko borroka gaitezkeen. Alde horretatik oso lasai gaude.
Europarako sailkatzeak edo ez, zertan baldintzatuko dizue datorren denboraldiko plangintza?
Dagoeneko ari gara horretan, eta ez da ia ezer aldatuko. Ideia eta aurrekontu argi bat daukagu, eta horren gainean arituko gara lanean.
«Europarako sailkatu edo ez, datorren denboraldirako plangintza ez da ia aldatuko. Ideia eta aurrekontu argi bat daukagu, eta horren gainean arituko gara lanean»
Hartu behar izan zenuen lehen erabakietako bat atezaina aukeratzea izan zen: Julia Arrula edo Alazne Estensoro. Zergatik egin zenuen Arrularen alde? Nola ikusten dituzu?
Juliari eman genion lehen aukera. Teknikoki eta taktikoki bikain aritu da, eta taldeari ziurtasun handia eman dio psikologikoki. Denboraldi hasiera bikaina egin du. Alaznek [Estensoro] lesio luze bat izan zuen aurreko sasoian, eta partida batzuetan ere min hartuta egon da. Aurrekoan egin zuen debuta, eta oso ondo aritu zen. Oso pozik eta lasai nago, aste barruan oso serio eta ondo ari direlako lanean. Oso harreman sanoa dute. Ondoen dagoenak jokatuko du astero.
Zeresana eman duten jokalarietako bat Aiara Agirrezabala izan da. 16 urte ditu, eta denboraldi bikaina egiten ari da. Nola ari zarete kudeatzen haren jarduna?
Oreka bilatuz. Argi ikusi da partida ikusgarriak egin dituela, baina baita, normala denez, ez horren onak ere. Talentu handia duen jokalaria da, eta etorkizun handia dauka. Baina aldi berean eguneroko oso exijentea du: futbola, ikasketak... Gauza berri asko bizitzen ari da. Goi errendimenduko talde batean dagoela argi izanda, fokua formakuntzan daukagu. Astean behin bilera egiten dut harekin. Familian duen ingurua oso aproposa da, eta taldekideek ere asko laguntzen diote.
Nola ari zara ikusten Nerea Eizagirre?
Denboraldi bikain hasi zuen, eta gero lesioa izan zuen orkatilan. Errendimenduan segida izan behar duen jokalaria da. Oso harreman ona dugu, eta harekin ere bakarkako lana egiten ari gara.
Beste izarretako bat Edna Imade da, taldeko golegile nagusia. Nola dago? Aurrekoan aipatu zenuen lesio kroniko bat duela belauneko tendoi batean.
Hala da. Argi dugu zein tratamendu jarraitu behar duen, eta haren kargak nola kudeatu. Aste batzuetan jokatzeko moduan iristen da, eta beste batzuetan ez. Orain horretara ohitu behar dugu.
Nolakoa izaten ari da zuretzat denboraldia?
Halako klub batera iristeak energia handia eskatzen du, eta ni hala nago: gogotsu eta bete-betean lanean. Asko gozatzen ari naiz.
Zer ari zara ikasten?
Batetik, denboraldi hasieratik klub handi baten ardura izateak zer dakarren; bestetik, bakarka zein talde moduan aurreikuspen handiak dituzten jokalariak kudeatzen. Baita izaera eta lan egiteko modu diferentea duen entrenatzaile multzo batekin lan egiten ere.
Zubietan hamalau ordu igarotzen dituzula aipatu izan duzu. Noiz hartzen duzu atseden?
Lan handia egiten dugu, baina astialdiaz ere gozatzen dut, batez ere oporretan eta ligaren etenaldietan. Kirola egitea oso gustuko dut, baita musika, bidaiatzea, gastronomia, irakurtzea eta ornitologia ere. Familiarekin, bikotekidearekin eta lagunekin asko gozatzen dut.