Lucia Rodriguez Realeko jokalaria (Madril, 1999) ohikoa duen irribarrearekin heldu da elkarrizketara. Bigarren denboraldia du talde txuri-urdinean, eta, aurreko sasoi gogorraren ostean, gozatzen ari da orain. Kapitainetako bat da, eta, harrobikoa izan ez arren, zaleek etxekotzat dute. Bera ere hala sentitzen da.
Beti esan ohi da ligako azken hamar partidetan erabakitzen dela denboraldia. Bederatzi baino ez zaizkizue falta jokatzeko. Nola dago taldea?
Oso ondo. Ez bakarrik partida asko irabazten ari garelako, baita garaipenak lortzeko moduarengatik ere. Horrek konfiantza handia ematen digu. Jokatzeko moduari erreparatuta, taldea asko hazi da. Gero eta heldutasun handiagoz jokatzen du, eta bikain gauzatzen ari da Arturo [Ruiz, entrenatzailea] partida bakoitzerako prestatzen ari den plana.
Hirugarren zaudete, puntu batera duzue bigarren postua, eta 11ra laugarrena. Zein da taldearen helburua: hirugarren postuari eustea, edo bigarrena lortzeko borrokatzea?
Argi dago hirugarren postua lortuz gero denboraldia ikusgarria izango litzatekeela. Bigarren geratzea zaila da, Bartzelona eta Real Madril koska bat gorago daudelako. Baina partidaz partida joan behar dugu, eta emaitzek esango digute non gauden. Umil eta bete-betean lehiatuko gara, eta, hemendik jardunaldi batzuetara bigarren posturako lehian bagaude, are hobeto.
Zure ustez, sailkapenari erreparatzeko garaia da edo sekula baino gutxiago begiratu behar diozue?
Nik ez diot asko begiratzen normalean. Baina orain saihetsezina da erreparatzea, eta aurkariek zer egiten duten ikustea. Baina uste dut hori ere naturaltasunez eta ondo kudeatzen ari garela.
Hain zuzen ere, Real Madrilen aurka jokatuko duzue bihar, bigarren sailkatuaren aurka. Gol bat baino gehiagoren aldeaz irabaziz gero, bigarren jarriko zarete sailkapenean. Zein itxura hartzen diozu norgehiagokari?
Lehen itzulian Madrilen galdu egin genuen haien aurka, baina uste dut partida hura aintzat hartu behar dugula. Oso ondo lehiatu ginen. Guri baloia edukitzea gustatzen zaigu, baina halako aurkarien kontra zaila da. Dena den, baloia daukagunean ausart eta zuzen jokatu, eta min egiten saiatu behar dugu. Horrekin batera, oso adi egon beharko dugu joan-etorriko jokaldietan, haiek oso jokalari trebeak eta bizkorrak baitituzte aurrean. Gainera, uste dut denboraldi honetan aurrerapauso bat eman dutela, eta oso ondo lehiatzen ari direla. Horren ondorioz, are arrisku handiagoa dute.
«Umil eta bete-betean lehiatuko gara, eta, hemendik jardunaldi batzuetara bigarren posturako lehian bagaude, are hobeto»
Espero zenuten baino denboraldi hobea egiten ari zarete?
Bai. Bagenekien aurreko sasoian zer gertatu zen. Ikasgai handia izan da, denboraldi honetan behera ez egiteko. Asko sufritu genuen. Izan ere, orduan ere oso ondo hasi ginen, baina otsailetik aurrera behera egin genuen nabarmen, eta ez genuen asmatu joera hori aldatzen. Oraingoan lan onari segida ematea lortu dugu, eta are balio handiagoa ematen diogu egiten ari garenari. Lehentasuna eman diogu baloirik gabe ere indartsu izateari, eta defentsan sendo egoteari. Gainera, aurrean gol aukera asko sortzen ari gara. Horri guztiari esker lortu dugu hain denboraldi ona egitea.
Zein izango da gakoa denboraldia amaitu bitarte Europako postuei eusteko?
Argi dago larunbatekoa oso partida garrantzitsua izango dela. Baina, ondoren, sailkapeneko azken hiru postuetan dauden taldeen aurka jokatuko dugu: Levanteren, Logroñoren eta Alhamaren aurka. Neurketa horiek oso zailak izango dira, halako egoeran dauden taldeek puntuak lortzeko behar handia baitute. Neurketa horietan ezin gara gehiegizko konfiantzaz aritu. Partida erabakigarriak izango dira, eta intentsitate aldetik haien pare aritu behar dugu.
Zein izan da, zure ustez, taldeak denboraldi honetan jokatu duen partidarik onena?
Partidarako prestatutako planari erreparatuz gero, Bartzelonaren aurkakoa. Plana, hasi eta buka, ondo atera zitzaigun. Gainontzean, Sevillaren aurka etxean jokatu genuena aipatuko nuke. Zelai berrian jokatu genuen lehen partida izan zen, eta asko disfrutatu genuen. Askotan hori ez da erraza izaten.
Zer du hobetzeko taldeak?
Uste dut partidetan aldaketaren bat dagoenean batzuetan kosta egiten zaigula jokatu ohi dugun moduan jokatzen jarraitzea. Horretan aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu.
Zer egin du Arturo Ruizek taldea hain ondo egoteko?
Egunerokoan egonkortasun handia eman digu. Gainera, taldea behar baino gehiago erlaxatzen bada, edo ez bada ari aurreikusitakoa betetzen, berehala antzematen du. Oso ona eta bizkorra da horretan. Berehala hartzen ditu neurriak. Horri esker, jokoan eta emaitzetan segida bat izatea lortu dugu. Bestalde, txandakatze asko egiten ari da, eta jokalari guztioi ari zaizkigu aukerak ematen. Hala, jokalari guztiak bete-betean ari gara. Izan ere, astero ikusten dugu hasieratik jokatzeko aukera izan dezakegula.
Jose Luis Sanchez Verarekin alderatuz, asko aldatu zaizue egunerokoa?
Biak oso entrenatzailea onak dira. Nik iaz Joserekin asko disfrutatu nuen. Entrenamenduetan asko ikasi nuen, batez ere teknikoki eta taktikoki. Arlo horietan detaile txiki asko erakutsi zizkigun. Bakarkako lanari asko erreparatzen zion. Arturo desberdina da. Talde lanean jartzen du gehiago arreta, eta hori kontuan hartuta prestatzen ditu partidetarako planak. Horiek lantzen dituenean, gainera, asko begiratzen dio aurkariari. Josek, berriz, ez zion hainbeste erreparatzen kontrarioari.
Aipatu duzu entrenatzaileak txandakatzeak egiten dituela. Baina zu denbora gehien jokatzen ari diren jokalarietako bat zara. Gainera, atzelaria izan arren, golen bat ere sartu duzu. Nola ari zara ikusten zeure burua?
Oso pozik nago, eta antzematen da. Neure burua oso ondo ikusten ari naiz, jokatzen nabil, eta sekulako taldekideak ditut. Bai hegalean eta bai erdiko atzelari postuan, Arturok askatasun handia ematen dit, eta asko eskertzen dut. Erdiko atzelari postuan aritu arren, askotan jotzen dut hegalera. Izan ere, oraindik hegalekotzat dut neure burua. Nahiz eta Arturok jokatzeko duen modua kontuan hartuta, Emma [Ramirez] eta Arola [Aparicio], adibidez, jokalari aproposagoak diren hor jokatzeko, gehiagotan egiten baitute gora.
Pozik zaudela diozu. Udan kontratua amaituko zaizula kontuan hartuta, berritu egin nahiko zenuke?
Nik beti esan dut hemen eman dudala nire bertsiorik onena, futbolari zein pertsona moduan. Realak eman zidan lehen aukera, etxetik atera eta gorenean aritzeko. Seguru sentitzen naiz hemen. Taldekideek izugarri laguntzen naute, eta hau nire etxea da. Klubak eta nire ordezkariak hitz egin behar dute horretaz, baina, esan bezala, zoriontsu naiz hemen.
«Realean eman dut nire bertsiorik onena, futbolari zein pertsona moduan. Seguru sentitzen naiz hemen, eta zoriontsu naiz»
Zer izango litzateke zuretzat Realarekin Txapeldunen Liga jokatzea?
Ederra izango litzateke, eta gauza handi bat. Gainera, Realean egiten ari diren lan onaren seinale litzateke, bost urtean bigarrenez jokatuko bailuke txapelketa hori.