«Oso gustura gaude, konfiantza hartu dugu berriro, eta gogoz gaude datozen estropadei aurre egiteko», halaxe esan du Julen Manterola Getariako arraunlariak. Aho zapore gozoarekin itzuli dira Galiziatik: seigarren postuan amaitu zuten larunbatean Pobra do Caramiñalen, eta hirugarren atzo Boiron, bigarren txanda irabazita. «Azken estropadetan asmatu ezinda genbiltzan, eta helburutzat genuen arraunketa sakon eta on bat izatea. Uste dut lortu dugula; sentipen onekin bueltatu gara».
Ez da gutxi; izan ere, «egutegian gorriz markatuta» dauzkaten estropadak jokatuko dituzte hurrengo asteburuetan. Hiru aipatu ditu: Zarauzko biak; Getarian etxean jokatuko dutena; eta Kontxako Bandera. Emaitzaz harago, Esperantza traineruaren joan jarri zuten arreta. Arrazoia eta asmoa, hauxe: dudak uxatzea eta eskifaiari sinetsaraztea lana ondo eginda txalupa erritmo onean doala.
Esan eta egin. Atzo lehia estua izan zuten Urdaibairekin, eta azkenean gipuzkoarrak gailendu ziren buruz burukoan: «Dena alde jarri zitzaigun. Oso estropada ona egin genuen, kale zozketak ere lagundu zigun, eta laguntzen du horrelako talde bat zure kontra parez pare izateak ere». Azkenerako, denboraldi honetako emaitzarik onena lortu zuten: hirugarren postua. Ohorezko txandako Donostiarrak eta Oriok amaitu zuten haien aurretik.
«Animoz ondo gaude, ilusioz. Uste dut inportantea horixe dela: azken txanpari aurre egiteko ilusioz eta gogoz egotea»
JULEN MANTEROLA Getariako arraunlaria
Sentipen onak berreskuratuta eta konfiantza hartuta, Getaria datorrenari aurre egiteko prest dagoela adierazi du Manterolak: «Animoz ondo gaude, ilusioz. Uste dut inportantea horixe dela: azken txanpari aurre egiteko ilusioz eta gogoz egotea. Gure mailarik onena eman nahi dugu, eta gu, behintzat, gure arraunketarekin gustura geratzea; hau da, sentipenak onak izatea, postuari asko begiratu gabe».
Iaztik hona aldaketa dezente izan dituzte ontzian; gainera, zenbait arraunlari inportantek utzi dute trainerua. Hala ere, ondo egokitu dira. «Negu gogorra izan dugu, baina giro ona dugu taldean, eta ondo daramagu. Maila txukuna ari gara ematen. Esanahi handiko hutsuneak izan ditugu, eta, hortik abiatuta, uste dut ondo ari garela».
Oraintxe, sailkapenaren erdi-erdian daude, seigarren, 84 punturekin. Tarte batera dute gainekoa, Hondarribia, 101 punturekin; baita azpikoa ere, San Juan, 62rekin. Motibazioa ez zaie falta, halere: «Estropadetatik estropadetara ditugu pizgarriak. Gure onena eman nahi dugu beti, eta estropada biribil bat egin. Asteburuak gustura bukatzea da gure nahia».
Liga, bideratuta
Bestelakoan, ez dago emozio askorik Eusko Label ligan. Nahiko finkatuta daude sailkapenaren burua eta zuloa. Orio lider, eta Cabo azkena. «Oso bideratuta dago. Orio ikaragarrizko nagusitasuna erakusten ari da, eta, geratzen denerako, uste dut gauza gutxi aldatuko direla; bai goian eta bai behean».
Horrelakoetan, talde batek ezustekoren bat ematea izan daiteke txispa. Iaz, esaterako, Getariak astindu zuen bandera bat, Ondarroakoa. Bigarren txandan arituta irabazi zuen; erabakigarria izan zen ohorezko txandan izandako eguraldi aldaketa. Aurten ere, halako zerbait gertatu beharko litzateke: «Gauza asko-asko-asko jarri behar lirateke gure alde. Irabaztekotan, lehen edo bigarren txandatik irabazi beharko genuke, eta, gero, haizeak, olatuak, bultzata... Dena lerrokatzen den egun horietako bat izan beharko luke». Amets egitea, dena den, libre da. Eta esperantza ez du galduko, behintzat, Esperantza ontziak.