Futbola

Eibar eta Reala B, denboraldia hasteko prest

Eibartarren helburua igoera kanporaketak jokatzea da, eta donostiarrena, berriz, mailari eustea.

Reala B eta Eibar aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
Reala B eta Eibar aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
2026ko abuztuaren 13a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar hasiko da Espainiako Bigarren Mailako denboraldia, eta Eibar eta Reala B hartan arituko dira. Ligan, erregularra izatea da garrantzitsuena, txapelketa luzea baita: 42 jardunaldi ditu, igoera kanporaketak kenduta. Bi taldeek oso helburu desberdinak ezarrita ekingo diote denboraldiari. Eibarrek igoera kanporaketak jokatzeko borrokan aritu nahi du gutxienez; Realak, berriz, beste urte batez mailari eustea izango du jomuga. Reala B izango da lehena txapelketari ekiten. Bihar jokatuko du, Castelloren aurka; 20:30ean hasita neurtuko dituzte indarrak, Zubietan. Eibarrek, berriz, igandean hasiko du denboraldia: Tenerife izango du aurkari, Ipuruan, 17:00etan. Beraz, bi euskal taldeek etxean hasiko dute liga.

Eibarrek sasoi gorabeheratsua izan zuen aurrekoa. Hasiera kaskarra izan zuen taldeak, baina, hala ere, igoera kanporaketak jokatzeko lehian egon zen denboraldi amaieran. Behintzat, modua egin zuen denboraldia maila onean amaitzeko. Aldaketa nagusia aulkian egon da: Beñat San Jose entrenatzailea Rayo Vallecanora joan da, eta Jokin Aranbarrik ordezkatu du. Aranbarrik ondo ezagutzen du Eibar; izan ere, zortzi denboraldi egin zituen harrobiko zenbait talde zuzentzen, Athleticeko bigarren taldea entrenatu aurretik.

Denboraldi honi begira, bost fitxaketa egin ditu Eibarko taldeak. Atea zaintzeko ez beste postu guztietarako ekarri du jokalariren bat: atzealderako, Unai Elgezabal eta Imanol Garcia; zelai erdirako, Ivan Gil eta Lucas Nuñez, eta, aurrean aritzeko, Francisco Jesus Crespo Pejiño. Horietaz gain, Markel Arana eta Eric Perez ere lehen taldeko jokalariak izango dira, aurreko denboraldian Barakaldon utzita ibilitakoak.

Horiek horrela, Unai Elgezabal, Imanol Garcia eta Ivan Gil berriro ariko dira Eibarren. Elgezabal 2016an iritsi zen lehenengoz taldera, eta hiru denboraldiz egon zen, baina beste talde batean egin zituen guztiak, utzita. Beraz, oraindik ez du partida ofizialik jokatu Eibarrekin. Imanol Garcia eta Ivan Gil utzita ibili ziren. Garcia Athleticetik joan zen 2022-2023ko denboraldian, eta Gil Las Palmasetik 2024-2025eko denboraldiaren bigarren zatian. Oraingoan, fitxatu egin dituzte, Sparta Pragatik Garcia eta Las Palmasetik Gil, hain zuzen ere. Pejiño ere Kanaria Handiko taldetik iritsi da Eibarrera. Azkenik, Lucas Nuñez Valentziatik etorri da, utzita, zelai erdiko lehia indartzeko. 

Denboraldiaurre bikaina osatu du Eibarrek. Guztira bost partida jokatu ditu, horietatik bi irabazi eta hiru berdindu. Ez du partidarik galdu, alegia, eta horrek indarra eta konfiantza emango dio denboraldia hasteko. Espainiako Bigarren Maila txapelketa luzea izanik, funtsezkoa izango da erregular ibiltzea; horrez gain, beharrezkoa izango da denboraldi amaierara sasoi onean iristea ere, azken partidak erabakigarriak izaten baitira.

Beste urte batez Bigarren Mailan

Joan den denboraldian helburua betetzea lortu zuen Reala B-k, eta aurten ez du gutxiago nahi. Aurtengo sasoian ez da harrobiko talde bakarra izango Bigarren Mailan, Celta B ere tartean egongo baita. Ion Ansotegik jarraituko du taldea zuzentzen, eta Imanol Agirretxe izango du alboan. Lan bikaina egin zuten aurreko denboraldian: mailari eusteaz gain, jokalari gazteak ezin hobeto prestatu zituzten lehen talderako.

Taldeak bi fitxaketa egin ditu: Kazunari Kita erdiko atzelaria eta Javier Soroeta punta aurrelaria. Kita utzita ibili zen joan den denboraldian, eta, ondo aritu zela ikusita, jokalaria erosteko aukera baliatu du Realak. Soroeta, berriz, Real Unionen aritu da azken urtean, Realetik fitxatuta, eta aurten talde txuri-urdinak fitxatu du atzera. Bestalde, zenbait jokalari igoko dituzte hirugarren taldetik. Pellegrino Matarazzok oraindik ez du erabaki zer egin denboraldiaurrean lehen taldearekin ari diren zenbait jokalarirekin, eta baliteke horrek asko baldintzatzea sasoiaren nondik norakoa. Gainera, azken urteetako jokalaririk garrantzitsuenetako bat, Mikel Rodriguez, Alavesera joan da. Beste jokalari batzuk ere taldea uztekotan daudela dirudi.

Donostiarrek bost partida jokatu dituzte denboraldiaurrean, eta bakarra irabazi. Beste lau partidak galdu egin dituzte. Denboraldi gogorra izango dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA