Espainiako Bigarren Mailako bideari nahiko modu apalean ekin bazioten ere, azken hilabetean emaitza onak kateatu dituzte Eibarrek eta Real B-k. Nolanahi ere, helburu oso ezberdina dute batek eta besteak. Beñat San Josek entrenatzen duen taldeak Lehen Mailara igotzeko borrokan sartu nahi du; Jon Ansotegirenak, berriz, mailari eusteaz gain, jokalariak gorenerako heztea ere badu xede. Horixe azpimarratu du Asier Garitano entrenatzaileak (Bergara, Gipuzkoa, 1969). Joan den urrira arte Gijongo Sporting taldean aritu da Garitano, Bigarren Mailan. Orain, baina, talderik gabe dago. Arreta handiz ikusiko du Reala B-k eta Eibarrek gaur Anoetan jokatuko duten derbia (20:00, La Liga).
Garitanoren ustetan, bi euskal taldeek «gorabeheratsu» ekin zioten denboraldiari, batez ere Eibarrek. «Eibarri kosta egin zitzaion martxa hartzea, eta ondoren larri ibili zen, partida asko egin zituelako etxetik kanpo irabazi gabe. Ipuruan bakarrik biltzen zituen puntuak». Hala ere, Bergarako entrenatzaileak uste du Eibar «nahiko ondo» lehiatu dela, baina ez duela «zorte onik» izan. Haren iritziz, «ez da normala» esperientzia handiko jokalariak izanda, lehen itzuli osoan partidarik ez irabaztea Ipuruatik urrun.
Dena dela, nabarmendu du Eibar «hobeto lehiatzen» ari dela azken partidetan: «Orain etxetik kanpo irabazten ari da. Ez dakit berandu izango ote den mailaz igotzeko kanporaketak jokatzeko borrokan sartzeko». Martxoan, Eibarrek lau partida irabazi ditu, eta bat berdindu: Cadizi (3-1), Leganesi (0-1), Andorrari (0-1) eta Las Palmasi (3-1) irabazi die, eta hutsean berdindu zuen Burgosekin Ipuruan. Hau da, jokoan egon diren hamabost puntuetatik hamahiru bildu ditu. Bolada oso onean dago. Gainera, aurrean duen Castello, esate baterako, bolada txarrean da, azken bost partidetan garaipenik lortu gabe. «Bigarren Mailan aste batetik bestera gauzak asko alda daitezke, lehia handia baitago goiko postuetan». Kanporaketetan sartzeko seigarren postua hiru puntura dute eibartarrek, eta, Garitanoren iritziz, Eibarrek «talde osoa» du aurrean egoteko.
Reala B-ren testuingurua oso bestelakoa da, Bergarako entrenatzailearen hitzetan, jokalariak Lehen Mailan jokatzeko prest egotea baita talde txuri-urdinaren helburu nagusia: «Hasieran ez ziren oso ondo aritu, eta ez da normala, ezohikoa baita igo berriak gaizki hastea. Joan den denboraldiko talde bertsua izanda, martxa hartzea kostatu zitzaien. Dena dela, orain ondo lehiatzen ari dira».
«Eibarrek irabazten badu, igoera kanporaketak jokatzeko postuetara hurbilduko da. Realak, berriz, irabazten badu, mailari eutsiko dio ia»
ASIER GARITANO Entrenatzailea
Otsailetik martxora ligan jokatu dituzten zazpi partidetatik bost irabazi ditu Ansotegiren taldeak: Andorrari (1-2), Malagari (2-1), Cadizi (0-2), Castellori (4-2) eta Kordobari (0-2). Galdu egin ditu azken bi partidak, Granadaren (0-2) eta Almeriaren aurka (5-1), baina, hala ere, lasai antzean dago sailkapenari erreparatuta: jaitsiera postuak zazpi puntura ditu. «Hiru partidaren aldea da. Ansotegiren lana ere goraipatu behar da. Indibidualki baino gehiago, taldea nabarmendu behar da. Lehen, batzuk egon ziren lehen taldetik gertu, eta, orain, beste batzuk daude. Garrantzitsuena ahalik eta jokalari gehien Lehen Mailatik jokatzeko gertu egotea da. Bigarren Maila gogorra da, eta denboraldi oso ona egiten ari dira».
Estilo «nahiko antzekoak»
Eibarrek eta Realak Anoetan jokatuko duten derbiari buruz galdetuta, Garitanok adierazi du jokatzeko moduari dagokionez «nahiko estilo antzekoak» dituztela, askok kontrakoa pentsatu arren: «Marrazki desberdinak erabiltzen dituzte, baina jokatzeko modua bertsua da. Beti esaten da Eibarrek zuzenago jokatzen duela, aurkaria erakartzen saiatzen dela, presioa gaindituta, azkar jotzeko aurrera. Realak, berriz, joan den denboraldian bezala jokatzen du, gauza batzuk aldatu dituen arren. Freskotasun handia dute, eta, beharbada aurkaria gutxiago estutzen badute ere, abiadura handiko jokalariak ditu aurrean».
Bergarako entrenatzaileak uste du «xehetasun txikietan» erabakiko dela partida. «Bi taldeek goian estutuz gero, ea nork ateratzen duen atzetik baloia hobeto». Lehen itzulian jokatutako partidan, eibartarrek irabazi zuten Ipuruan: 2-1. Garitanok adierazi du Reala B-k, «ondo jokatzen» ari zen arren, «huts bat» egin zuela, euren atean sartu baitzuten 0-1ekoa. Oso argi du partida «garrantzitsua» dela bi taldeentzat: «Eibarrek irabazten badu, beharbada kanporaketetan sartzeko postuetara hurbilduko da. Realak, berriz, irabaziz gero, ia eskuan izango luke mailari eustea. 43 puntu izanda, ez baitut uste atzekoek harrapatuko dutenik».