«Jota nago», aitortu du Ekaitz Mendizabal Goixerrik (Stratford, AEB, 1999). Egonaldi labur eta intentsoa egin berri du Euskal Herrian: joan den larunbatean iritsi zen AEBetatik: Danian bizi da 2018tik, eta, Miamiko Magic City frontoian dabil 2021etik. Asteazkenean bertan itzuli zen hara, «etxean, Mutrikun» egon eta gero. «Bisitak merezi izan du; bete-betean aprobetxatu dut: etxekoekin eta bikotekidearekin egon naiz, eta lehen aldiz jokatu dut Winter Series txapelketan. Partidaren emaitza ez beste, egonaldi biribila izan da», azaldu du. Hark eta Mikel Manzisidorrek galdu egin zuten Eñaut Urreistiren eta Imanol Lopezen kontra.
Txapelketa jokatzen duten hamasei puntisten artean hura baino ez da berria. Udan jokatu zuen lehen aldiz Jai Alai ligan: Bilboko Iron Cupen eta Markina-Xemeingo Grand Slamean (Bizkaia). «Baina Winter Seriesek ez dute parekorik: sarrera guztiak saltzen dituzte, harmailak beteta daude, eta telebistak zabalkunde handia ematen dio. Gaur egungo txapelketarik garrantzitsuena da».
Magic Cityko egoerarekin alderatu du. «Hemen ez duzu ezagunik animatzen, eta zaila da arreta bereganatzea. Winter Seriesen, ordea, bai, eta eskertu egiten da». Gaztetxoak zesta-puntara erakartzeko «amu polita» ere badela dio. «Guk AEBetan askotan ikusten genituen Winter Seriesen partidak, eta han aritzeko gogoa pizten zitzaigun. Gauza bera gertatzen zaie orain gaztetxoei: Gernikan jokatu nahi dute. Zorionez, ni banabil, eta aprobetxatu egin beharra dut».
Hark 2019ko urtarrilean egin zuen debuta, Danian bertan. Hori eginda, txikitako ametsa bete zuen, baita aitari lekukoa hartu ere: haren aitak, Jon Mendizabal Goixerrik, urte askoan jokatu zuen AEBetan. Hain zuzen, aita han ari zela jaio zen Ekaitz, baita haren anaia Aratz ere. Azken hori 2020 amaieran batu zitzaion anaia helduenari AEBetan, eta, egun, harekin batera dabil Magic Cityn.
2021. urtearen amaieran itxi zuten Daniako frontoia, Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien pilotalekua. Euskal puntista mordoa zebilen han, eta horietatik asko Euskal Herrira itzuli ziren. Mendizabal anaiek, ordea, Magic Cityn bilatu zuten babeslekua. «Zesta-puntaren egoera Euskal Herrian ez zen oraingoaren parekoa, eta Magic Cityn urte osoan joka genezakeen, hau da, zestatik bizi gintezkeen. Aukera ona zen. Gainera, AEBetako herritartasuna dugunez, ez dugu arazorik joan-etorrian ibiltzeko. Har nezakeen erabakirik onena hartu nuen; oso pozik nago».
Zestaren egoera AEBetan
Ondo ezagutzen du zein den zestaren egoera AEBetan. «Bi frontoi daude irekita: bata, Magic City; horretan aritzen gara gu urte osoan. Datorren urtean, baina, Miamiko Jai Alaira mugituko gara; Daniakoa da bestea, eta hura hiru hilabetez dago irekia».
Magic Cityri buruz esan du orain zortzi urte sortu zutela egitasmo hori, eta ordutik «goraka» ari dela. «Gero eta pilotari gehiago ari gara, eta horrek esan nahi du gaur egun Magic Cityk proiektu sendoa duela. Horrek ez du esan nahi bi urte barru ezin denik egoera aldatu eta frontoia itxi. Baina arduradunak gogor ari dira, eta, horri esker, babesle asko erakarri dituzte. Ea urte askoan halaxe jarraitzen duen, eta hemen ari garenok urte askoan joka dezakegun». Azaldu duenez, 35 pilotari inguru ari dira Magic Cityn, eta horietatik erdiak baino gehiago dira Euskal Herrikoak. «Asko jokatzen dugu: astean gutxienez hiruzpalau aldiz».
«Magic Cityk mesede egin dio zestari, eta ospe hobea du. Horri esker, gero eta euskal pilotari gehiagok etorri nahi dute hona»
EKAITZ MENDIZABAL,'GOIXERRI' Puntista
Magic Citykoa ez da zestan aritzeko ohiko frontoia: laburragoa da —36 metro ditu, eta Gernikakoak 57 pasatxo—, eta kristalezkoa du frontisa eta errebotea. Garbizaleenen ustez, Magic Cityn jokatzen dena ez da zesta-punta. Ez dago ados iritzi horrekin. «Hasieran esan zituzten halakoak, baina iritzia aldatu dute, Magic Cityk mesede egin baitio zestari. Ospe hobea du orain Magic Cityk, eta gero eta euskal pilotari gehiagok etorri nahi dute hona. Seinale ona da hori».
36 metroko frontoian jokatzen du gehien; beraz, Euskal Herrira etortzen den aldiro egokitu egin beharra du. Aitortu du «kosta» egiten dela aldatzea, «dena» baita ezberdina: «frontoiaren neurriak, pilotak, jokamoldea...». Zailtasun horri, gainera, Euskal Herrian dagoen «maila handia» gehitu behar zaiola azaldu du. Hala ere, ez du aitzakiarik jarri nahi. «Badakigu zer dagoen». Bata edo bestea aukeratzeko esan, eta «bietan» jokatzea gustatzen zaiola adierazi du.
Gernikako frontoiaz, berriz, «naturala» dela nabarmendu du. «Pilota jo, eta badakizu zer egingo duen. Ez baduzu asmatzen, zurea da akatsa». Nahi baino akats gehiago egin zituzten hark eta Manzik Urreistiren eta Lopezen aurka. «Oso partida zaila zen, haiek faboritoak baitira txapela irabazteko. Haiek erasoan aritu ziren une oro, eta gu, aldiz, defentsan. Horrela oso zaila da irabaztea. Nik huts batzuk egin nituen, baina ez nintzen gaizki ibili. Hori bai, askoz hobeto egin dezaket. Partida hori ahaztu eta hurrengoa prestatu behar dugu bete-betean. Ea hurrengo bisita hasi eta buka biribila den».