Ekimena eta teknika parez pare

Etzitik abenduaren 16ra jokatuko da Xakeko Munduko Txapelketa, Dubain. Magnus Carlsen eta Ian Nepomniaxtxi izango dira aurrez aurre. Lehia parekatua espero da.

BERRIA.
Josu Tornay.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Torneo honetan jokatu ditudan partidak dira nire mezua», erantzun zuen Ian Nepomniaxtxi Nepo xake jokalariak prentsaurrekoan, Hautagaien Torneoa irabazi ondoren. Mezua Magnus Carlseni zuzenduta zegoen. Biak nor baino nor gehiago arituko dira etzitik munduko txapeldunaren tituluaren bila, Dubain. Lehia estua espero da.

Munduko xake txapeldunaren titulu ofiziala 1886tik existitzen da. Emmanuel Lasker alemaniarrak izan du txapela denbora gehien, 27 urtez, hain zuzen: 1894tik 1921era. Garri Kasparov, berriz, hamabost urtez izan zen txapeldun: 1985etik 2000ra. Baina Nazioarteko Xake Federazioak (FIDE) ez zizkion aitortu 1993tik 2000. urtera lortutako txapelak, haustura bat egon zelako, eta Kasparovek Xake Ellkarte Profesionalak (PCA) antolatutako txapelketan parte hartu zuelako. Magnus Carlsenek, berriz, zortzi urte daramatza gorenean.

Baina Carlsenek baditu kezkatzeko arrazoiak, eta ez bakarrik sailkapen torneoan errusiarrak egindako jokoarengatik. 2013an koroa jantzi zuenetik,Carlsenek psikologikoki abantaila izan du aurkarien aurrean norgehiagoka guztietan. Baina, oraingoan, Nepok baditu arrazoiak bere burua Carlsenen pare jartzeko. Ildo horretan mintzatu da Gros xake taldeko Alejandro Franco nazioarteko maisua: «Nepok 11 aldiz jokatu du Carlsenen aurka. Lau partida irabazi ditu, eta soilik bat galdu du. Beste denetan berdinduta amaitu dute. Carlsenek aurretik izandako beste aurkariekin konparatuta, Nepok ez du beldurrik izango. Halako norgehiagoketan, abantaila psikologiko horierabakigarria izan daiteke une konkretu batzuetan». Mikel Huerga maisu handiak Carlsenen azken emaitzek izan dezaketen eragina gehitu du: «Nepok bere alde ditu norvegiarraren aurkako emaitzak. Gainera, Carlsen ez da batere ondo ibili azken torneoetan».

Aditu gehienen arabera, Carlsen munduko jokalaririk onena da. Baina ñabardura batzuekin. Huergak hala nabarmendu du: «Faboritoa, zalantza barik, Carlsen da. Urte asko daramatza gorenean, eta objektiboki jokalari hobeagoa da». Francok ez du haingarbi. «Txapelketa hau oso zaila izango da Carlsenentzat. Nepomniaxtxik jarraitutasuna lortu du emaitzetan. Lehen, jarraitutasuna falta zitzaion jokalari bat izatearen ospea zuen. Gainera, partida bizkorretan Carlsen ez da Nepo baino hobeagoa. Beraz, norvegiarrak ezin izango du berdinketa hausteko partida bizkorrekin espekulatu. Nik Carlseni %55eko aukera ematen diot nagusitzeko, eta Nepori, %45ekoa».

Nepok txapelketa irabaztea garrantzitsua litzateke Errusiarentzat. Izan ere, Errusiak indar handia du xake munduan. XIX. mendean dagoeneko jokalari on batzuk zituen, batez ere Mihail Txigorin. Baina, batez ere 1917tik, Sobietar Batasuneko gobernuak masiboki sostengatu zuen xakea. Langileen kirol moduan agertu zen, eta kanpaina horrek arrakasta handia izan zuen. Hala, II. Mundu Gerraren ostean, dagoeneko sobietarrek jokalari eta entrenatzaile onenak zeuzkaten: Mihail Botvinik, Vassili Smislov, Mihail Tal, Tigran Petrosian, Boris Spasski... Munduko Txapelketak eta Hautagaien Torneoak aise menderatu zituzten

Bobby Fischer amerikarrak baino ez zuen lortu haien nagusitasuna amaitzea. Baina Karpovekin, Kasparovekin eta Kramnikekin berriro ere nagusi izan ziren errusiarrak.2007tik, ordea, ez dute Munduko Txapelketa irabazi, eta Errusiako xake makineria lanean dabil aspalditik, berriz gorenean egoteko. Sergei Karjakinekin gertu egon ziren, baina azkenean ez zuten lortu.

Faktore hori oso garrantzitsua dela uste du Huergak: «Nepok Errusiako xake munduaren indar eta babes guztia izango du: entrenatzaileak eta analistak. Gainera, Neporentzat lortu dituzten analista eta entrenatzaile batzuk iraganean Carlsenentzat lan egin zuten. Horrenbestez, ondo ezagutzen dute hark duen jokatzeko era».

Estiloen arteko talka

Francoren esanetan, hauek dira Carlsenen indarguneak: partida amaierak eta posizio sinpleetanduen teknika zaindua. «Posizio teknikoetan Nepo presiopean ipintzen saiatuko da, abantaila oso txikiak erabiltzen, eta Neporen joko ekimena neutralizatzen. Hala izanda, Nepok lortuko al du ohikoa duen joko dinamikoa gauzatzea? Hor egongo da gakoa».

Ekimeneko eta zailtasuneko posizioetan onenen pare moldatzen da Nepomniaxtxi. Estiloen talka izango da, eta emozioz betetako partidak espero dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.