Atletismoa

Elkarrekin lanean, krosa bultzatzeko

Elgoibarko, Donostia-Lasarteko, Zornotzako eta Amurrioko krosek indarrak batu dituzte, eta Euskadiko Krossak ekimena abiatu, ikusgarritasuna lortzeko asmoz.

Zornotzako kroseko irudi bat. UNAI SASUATEGI STUDIO
Zornotzako kroseko irudi bat. UNAI SASUATEGI STUDIO
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Krosak tradizio handia du Euskal Herrian, eta beste bultzada bat eman nahi diogu», esan du, irmo, Zigor Diezek, Juan Mugerza krosa antolatzen duen Elgoibarko Mintxeta atletismo taldeko kideak. Eta, asmo horrekin, Euskadiko Nazioarteko Krossak ekimena abiatu dute: indarrak batu dituzte Elgoibarko, Donostia-Lasarteko, Zornotzako eta Amurrioko krosek, ikusgarritasuna lortu nahian. Hain zuzen, horiek dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako proba esanguratsuenak.

«Lau kros desberdin dira, baina, elkarri laguntzen badiogu, indar handiagoa izango dugu», azaldu du Kimetz Bilbao Zornotzako kroseko antolatzaileak. Elkarlanean aritu nahi dute, eta elkar elikatu, helburua argi: krosa indartzea. Lau taldeak duela gutxi hasi ziren biltzen, eta apurka joango dira elkarlanari forma ematen: «Esperimentatzen ari gara orain», argitu du Bilbaok.

Haien arabera, azken urteetan atletismoko beste modalitate batzuek hartu dute sona: maratoiek, maratoi erdiek eta hamar kilometrotako lasterketek, esaterako. Eta, aldi berean, «behera» egin du krosak. Moda kontua izan daitekeela uste dute, baina joera iraultzea nahi dute, eta «erakargarriagoak» izatea. «Proba indartsuak ditugu Euskal Herrian, eta horri eutsi nahi diogu. Ez dakit noraino iritsiko garen, baina gogotsu gaude», azaldu du Diezek.

«Lau kros desberdin dira, baina, elkarri laguntzen badiogu, indar handiagoa izango dugu»

KIMETZ BILBAO Zornotzako kroseko antolatzailea

Bihar jokatuko dute Zornotzako krosa, azaroaren 1ean Donostia-Lasartekoa, abenduaren 27an Amurriokoa, eta urtarrilaren 17an Elgoibarkoa. Lau krosek zirkuitua osatuko dute, baina proba bakoitzak bere ezaugarriei eutsiko die. Bilbao: «Kros bakoitzak bere esentzia mantenduko du. Ezberdinak dira, eta horrek aberasgarritasuna ematen dio».

Hau da, talde bakoitzak segituko du bere krosa antolatzen, baina, aurrerantzean, sarea osatuko dute. ETB izan da akordioa sustatu duenetako bat, eta zuzenean emango ditu lasterketa guztiak. «Kostatzen da babesleak topatzea, eta interesgarria litzateke laurontzako bateren bat lortzea. Gastuak bateratzea ere mahai gainean dugu. Ideia eta aukera asko ditugu, eta poliki-poliki hasiko gara», kontatu du Diezek. Eta hauxe gehitu Bilbaok: «Telebistaren kudeaketarako, adibidez, produktu bakar moduan saldu nahi dugu, lau produktu independente txiki izan beharrean. Elkarrekin egin dezakeguna bateratu nahi dugu». 

Elgoibarko kroseko irudi bat. FOTORUNNERS
Elgoibarko kroseko irudi bat. FOTORUNNERS

Baikorrak dira

Jendea krosera gerturatu eta erakarri nahi dute: bai atletak —gazteak zein helduak—, bai ikusleak eta bai babesleak. Horretarako, «modernizatu» egin behar dutela uste du Diezek, eta komunikazioan beste jauzi bat eman.

Azaldu duenez, Elgoibarko krosa «osasuntsu» dago, baina ez daude guztiak hala. «Amurrioko krosa nahiko berria da, eta lantaldea gogotsu ari da. Zornotzako eta Donostiako krosek izandako indarra berreskuratu behar dugu. Proba garrantzitsuak dira, tradizio handikoak. Ondo gaude, baina beste pauso bat eman nahi dugu. Aurrekontu indartsua izateko, babesle gehiago behar ditugu».

Hain zuzen, horretan sumatu dute galera handiena Zornotzakoek: «Krosaren oraingo egoera ezin dugu alderatu 90eko hamarkadakoarekin, baina azken urteetan izen emateari eta giroari eutsi diogu. Beherakada babesleen artean sumatu dugu. Jendeari, enpresei eta markei gutxiago interesatzen zaie krosa orain».f

«Ondo gaude, baina beste pauso bat eman nahi dugu. Aurrekontu indartsua izateko, babesle gehiago behar ditugu»

ZIGOR DIEZ Elgoibarko kroseko antolatzailea

Dena den, baikorrak dira etorkizunera begira. «Akordioak bultzada emango digu. Zaleak badaude, eta horrela segitu behar dugu. Aurrera jarraituko dugu, lana ahalik ondoen egiten», nabarmendu du Diezek, eta Bilbaok bukatu: «Badago etorkizuna».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA