Baikoko pilotaria

Jon Ander Peña: «Elkarren aurka jokatutako partidak ikusita, irabaz diezaioket Altunari»

Lau eta erdikoan maiz hartu du estu Joan Ander Peñak Jokin Altuna, eta lehen aldiz gailendu nahi zaio. Final-laurdenetako ligaxkan Baikoren ordezkari bakarra da, baina ez du horregatik presiorik sentitzen.

Jon Ander Peña pilota jotzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Ander Peña pilota jotzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko urriaren 30a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kale edo bale. Irabazten duena, finalerdietara, eta galtzen duena, etxera. Ikusmin handia piztu du Jokin Altunak eta Jon Ander Peñak (Tolosa, Gipuzkoa, 1997) gaur elkarren aurka jokatuko duten partidak (21:00, ETB1). Bere jaioterrian ariko da Peña II.a, Beotibarko harmailek itxura dotorea hartuko dute, eta mahai gainean kolpe handia jotzeko aukera izango du tolosarrak. Baikok onenen artetik kanpo dauka aspaldian, baina, «kuriositatez», hura da oraindik lau eta erdiko txapelketan ari den pilotari bakarra enpresan. Badaki gauzak zail izango dituela, «faborito nagusiaren» aurka neurtuko baititu indarrak, baina gogotsu eta konfiantzaz gainezka sentitzen da.

Matematikak erraz dituzue: irabazten duenak aurrera egingo du, eta galtzen duenak, berriz, ez. Pilotarioi gustatzen zaizkizue halako partidak, ezta?

Txikitatik ohitu izan gara halako partidak jokatzen, eta niri izugarri gustatzen zaizkit. Final-laurden purua izango da, eta, tentsio berezia sortuko den arren, oso polita izango da: bai jokatzeko, bai ikusteko. Badakit zaleen artean ikusmin berezia sortu dela, eta ea nabaritzen den herrian jokatzen ari naizela. Biok Tolosaldekoak izateak beste puntu bat ematen dio lehiari.

Txapelketa hasieran sinatuko al zenuen orain horrela egotea?

Bai, dudarik gabe. Finalerdietatik partida bakarrera egotea oso positiboa da. Niretzat presio berezia lehen neurketak izan zuen, Iñaki Artolaren kontrakoak. Orduan galtzeak ligaxkatik kanpo geratzea ekarriko zuen, eta asko zegoen jokoan. Nire egoera kontuan hartuta, are gehiago neukan galtzeko. Horregatik, orain Altuna III.aren kontra kale edo bale aritzea sari moduan hartzen dut. Multzo oso gogorra izan da gurea, eta orain honela egotea bikaina da.

Artolari airean irabazi zenion, eta Unai Lasoren aurka ere erakustaldia egin zenuen ligaxkan. Javi Zabalaren aurka joan den asteburuan galdu izana atzerapausoa izan al zen?

Zabalaren aurka galtzeak ezin du ilundu orain arte egin dudan lana. Ezin du nire konfiantzan eragin. Txapelketa bikaina jokatzen ari naiz, eta ikusi da Zabalak aparteko maila daukala. Besteok baino abiadura handiagoan darabil pilota, eta hori onartu egin behar da. Ezin izan nion haren erritmoari eutsi, baina, era berean, lan hobea egitea ere posible nuela iruditzen zait. Orokorrean oso ongi ari naiz pilotan, eta ondo sentitzen naiz Altuna III.ari aurre egiteko.

Zabalak etxean jokatu zuen: Logroñon. Dena den, horrek baino eragin handiagoa izan zuten erabili ziren pilotek. Iritzi berekoa al zara?

Txapelketa honetan guztioi iruditzen zaigu piloten bizitasuna asko apaldu dutela enpresek. Orain dela ez hainbeste urte, oso material bizia erabiltzen zen lau eta erdian, eta egun batetik bestera egoera aldatu egin da. Tantoak bukatzeko lan bikoitza egin beharra dago orain. Horrek zuzenean eragiten digu errematean hobeak garenoi. Bestalde, onuragarriagoa da kolpez hobeak diren pilotarientzat. Nik neuk aitortu behar dut orain errazago sentitzen naizela sakeak eramateko garaian. Beraz, arlo batzuetan kalte egiten didan arren, beste batzuetan onuragarria da piloten bizitasuna apaldu izana.

«[Jokin Altuna] Akaso mailaz apalxeago ibili da azken hilabeteetan, beti ezin baita egon gorenean, baina uste dut aurten ere bera dela txapela irabazteko faborito nagusia»

Nolako partida espero duzu Altuna III.aren aurka? Batzuek diote ez dela lehengo bera.

Hori esaten duena haren aurka jarriko nuke kantxa barruan. Akaso mailaz apalxeago ibili da azken hilabeteetan, beti ezin baita egon gorenean, baina uste dut aurten ere bera dela txapela irabazteko faborito nagusia. Peio Etxeberria eta Zabala ere zaku horretan sartuko nituzke. Altuna III.ak beti jokatzen du ongi presioa agertzen zaionean, eta ohituta dago zailtasunei aurre egiten. Hori bai, nik nirea egitea lortzen badut, irabazteko aukerak izango ditut. Badakit apur bat urduri egongo naizela, baina jada kontrolatzen ikasi dut.

Sekula ez diozu irabazi Altuna III.ari. Aurrez jokatutako partidak buruan izango al dituzu?

Aurrekari horiek esaten didate irabaztea oso gertu izan dudala behin baino gehiagotan, eta horri helduko diot. Behin, 22-21 galdu nuen, sanferminetako lau eta erdiko finalean. Beste batean, berriz, min hartu nuen aurretik nindoala. Horrek guztiak erakusten dit irabazi ahal dudala. Oso partida gogorra izango dela uste dut, eta mentalizatuta nago.

Baikoren ordezkarien artean oraindik txapelketan ari den bakarra zara. Zer diozu?

Kuriosoa dela, eta beste norbaiti ere kuriosoa egingo zaiola. Aspaldian ez didate batere aukerarik eman onenen artean jokatzeko. Iazko binakakoa B Seriean jokatu nuen, eta udan ere halatsu aritu naiz. Donostiako ferian onenekin jarri ninduten, baina zorte txarra izan nuen, Jon Mariezkurrena nire bikotekideak ezin izan baitzuen jokatu lesio baten erruz.

«Nire helburua da ahalik eta denbora gehienean lehiakorra izatea. Nire prestakuntza osoa horretara bideratzen dut»

Bitarte honetan nola eutsi diozu motibazioari?

Gorabeherak izan ditut, baina nik garbi dut nire esku dagoena egin behar dudala: kantxan ongi erantzun. B Seriean ere maila ona dago, partida oso gogorrak jokatu ditut, eta irabazteak balio dit neure burua berresteko. Bere txarrean, jokatzen aritu naiz behintzat, eta bada zerbait.

Inoiz ez duzu irabazi txapel ofizial bat Lehen Mailan. Itsutzen al zaitu horrek?

Batere ez. 2021ean binakako finala jokatu nuen Jon Ander Albisurekin, baina ezin izan genuen irabazi. Pena izan zen, baina ez naiz itsutzen. Irabazi beti soilik batek egiten du, eta oso zaila da podiumaren gorenera igotzea. Nire helburua da ahalik eta denbora gehienean lehiakorra izatea. Nire prestakuntza osoa horretara bideratzen dut.

Lau eta erdikoa amaitu bezain laster ekingo zaio binakakoari. Espero duzu enpresak onenen artean sartuko zaituela?

Ez dut presiorik sentitzen, eta orain ez nago horri begira. Kontratua ere urte amaieran bukatzen zait, baina ez darabilkit buruan kontu hori. Orain Altuna III.ari irabazi nahi diot, ez besterik.

Gaur hasiko da Ados Pilotaren lau eta erdikoa

Gaur ekingo diote Ados Pilotak bigarrenez antolatutako Lau eta Erdiko Txapelketari. Hamabi pilotari ariko dira txapel preziatuaren lehian: Maddi Barrokal, Leire Oskoz, Iera Iturriaga, Ane Mendiburu, Marta Gomez, Amaia Arrastia, Oihana Orbegozo, Alejandra Perez, Olatz Ruiz de Larramendi, Natale Aranburu, Naroa Agirre eta Maite Mujika. 

Azken aldiko lehen lau sailkatuek —Barrokalek, Oskozek, Iturriagak eta Mendiburuk— ziurtatua dute tokia ligaxkan, eta gainerakoek kanporaketa bana jokatu beharko dute. Behin hori erabakita, ligaxka lau pilotariko bi multzotan banatuko da, eta pilotari bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. Multzo bakoitzeko lehen biak finalerdietarako sailkatuko dira, eta partida horietako irabazleak finalerako. Finala abenduaren 19an izango da, Elgetan (Gipuzkoa). Iaz Maddi Barrokalek jantzi zuen txapela; ea aurten. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA