Uda bikain errematatu dute Aitor Elordik eta Jon Mariezkurrenak. Faborito ziren Binakako Mastersa irabazteko, eta aurreikuspenak bete dituzte, finalean Ezkurdiari eta Albisuri gailenduta (22-16). Elordik asteon esan zuen BERRIAn konfiantzaz zegoela, eta halaxe erakutsi du: final bikaina jokatu du, eta hari eman diote pilotari onenaren saria.
Lehiatua eta ederra izan da Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu den partida; erritmo bizikoa, gogorra. Lehen tantoetan bikain aritu da Albisu, eta Mariezkurrenari ez dio agintzen utzi. Berriozarkoak uda ikusgarria egin du, baina gaur aurkari gogorra zuen parean. Ezkurdiak ere ondo hasi du partida, baina urdinek eutsi diote gorrien joari. Parekatua izan da partidaren lehen erdia (13-13), eta tanto luze eta gogor askokoa.

Euren unea iritsitakoan, ordea, ez dute barkatu Elordik eta Mariezkurrenak. Asmatzen hasi da Mallabiko aurrelaria, eta tanto ikusgarriak egin ditu. Geroxeago, baita Mariezkurrenak ere. Lortu dute norgehiagoka gehien komeni zitzaien tokira eramatea, baita errenta zabaltzea ere, eta ezin izan dute ezer egin Ezkurdiak eta Albisuk (16-22)
Elordik Binakako Mastersean irabazi duen lehen txapela da gaurkoa. Mariezkurrenak, berriz, lau ditu: bi Ezkurdiarekin irabazita, bat, iaz, Zabalarekin, eta aurten Elordirekin.