Udako jardunari errematea emateko gogotsu dago Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996). 2023an buruz buru eta binaka txapeldun izan ondotik, erregulartasuna topatu ezinda ibili da luzaroan, baina joko bolada bikainean dago orain. Bada, sasoi ona baliatzen saiatuko da gaur, Binakako Masterseko finalerdietan, Nafarroa Arenan. Jon Mariezkurrenak eta biek Iñaki Artolaren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute. Bigarren finalerdian, Joseba Ezkurdiak eta Jon Ander Albisuk Javi Zabalaren eta Martxel Iztuetaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi bikote irabazleek igandean jokatuko dute finala. Gaurko bi partidak zuzenean emango ditu ETB1ek, 21:15etik aurrera.
Uda osoko lana borobiltzeko garaia heldu zaizue. Zer moduz iritsi zara Masterseko finalerdietara?
Oso ondo, gogotsu eta ilusioz. Asteburu polita izan daiteke finalera iritsiz gero, eta horixe izango da gure helburua. Hiru egunen buruan goi mailako bi partida jokatzea ederra da, baina horretarako badakigu zer egin behar den: lehenengoa irabazi. Gero gerokoak. Badakigu gu izan gaitezkeela faboritoak jendearentzat, baina kirol profesionalean aritzen garenok ezin hobeto dakigu zenbat kostatzen den partida bakar bat irabaztea. Horregatik, umil eta serio ariko gara Artolaren eta Rezustaren aurka. Lan zailak izango ditugu, baina orain arteko bideari eusten badiogu, finaletik gertu egongo gara.
Faborito zeuen bikotea jotzea bidezkoa da, liderrak izan baitzarete lehen fase luzean. Presiorik senti dezakezue horren eraginez?
Ez, batere ez. Jendeak faborito gu jotzea seinale ona da, baina horrek ez digu tanto bakar bat ere emango. Kale edo bale egiteko partida jokatuko dugu, eta ez dago besterik. Mariezkurrenarekin aurrez partida bakan bat jokatua neukan, baina hauxe dugu lehen txapelketa elkarrekin. Bikain hartu dugu elkar, eta bikote ona osatu. Dena den, horrek ez digu ezer bermatzen finalerdietan.
Elkarrekin jokatu dituzuen partida denak irabazi dituzue, eta oso emaitza onak lortuta, gainera.
Partida bat Unax Landarekin jokatu nuen, Mariezkurrena min hartuta zegoelako. Ongi aritu arren, galdu egin genuen, baina egia da Jonek eta biok jokatu dugunetan irabazi egin dugula beti. Lehen jardunaldian 22-18 irabazi genuen, eta besteetan, errazago: 22-6, 22-8, 22-10 eta 22-10. Emaitzak onak izan dira, eta sentipenak, are hobeak. Mariezkurrena beti aritu ohi da fin uda garaian, eta, edozein aurrelarirekin jokatzen duela ere, aldea egiten du.
Dena den, ez da beti erraza izaten atzelari agintari batekin jokatzea. Zer moduz sentitu zara?
Kanpotik begiratuta, ematen du erraza dela Mariezkurrenarekin jokatzea, baina bere tranpa badauka. Zulo handiak irekitzen ditu kantxan, eta askotan aurrelariok presioa senti dezakegu, tantoa bukatzera behartuta gaudela senti dezakegu. Hori geure buruaren kontra joan daiteke askotan, eta ez da egoera erosoa izaten. Nik asmatu dut zepo horretan ez erortzen, eta uste dut zorrotz ari naizela nire lanean. Inspiratuta sentitu naiz tantoa amaitzeko garaian.
«Umil eta serio ariko gara Artolaren eta Rezustaren aurka. Lan zailak izango ditugu, baina, orain arteko bideari eusten badiogu, finaletik gertu egongo gara
Goi mailako partidak jokatu dituzu udan. Zein aukeratuko zenuke denen artean?
Markatuta geratzen diren neurketa horietako bi jokatu ditut: bata Elizondon, eta bestea Hondarribian. Azken horretan, gainera, Artolaren eta Rezustaren aurka neurtu genituen indarrak. Egun distiratsu horietakoa tokatu zitzaidan. Orain, egoera erabat aldatuko da, pilotak ez ezik pilotalekua ere ezberdina izango baita. Finalerdi gogorra espero dut esperientzia handiko bikote baten kontra.
Pilotari batzuk kexatu dira partida gutxi izan dituztelako udan. Zuk ze balorazio egiten duzu?
Ezin naiteke kexatu. Uste dut udako txapelketa garrantzitsuena Mastersa dela, eta, bertan parte hartzen ari naizenez, gustura nago. Sanferminetako ferian ere atarikoan jarri ninduten, eta Bilbon finala galdu nuen.
Horiez gain, sanmateoetan ere finalean lehiatu naiz, B Seriean. Egia esan, gure enpresan lehiakortasun handia dago, eta, Jokin Altuna eta Ezkurdia salbuetsita, gainerakooi batzuetan kanpoan geratzea egokitzen zaigu. Hori onartuta daukagu. Partida kopuru aldetik nahiko uda polita izan da, eta pozik nago.
2023an txapeldun izan zinenetik izan duzun garairik onenean al zaude?
Hori esatea gehitxo litzateke agian, baina onenetako batean bai, ziur. Iaz ere ongi aritu nintzen uda partean, eta, aurten oporretatik bueltan kantxari neurria hartzea asko kosta bazitzaidan ere, gozatzen ari naiz orain. Bolada onari eustea da nire helburu nagusia.
«Soilik behin sartu naiz lau eta erdiko finalerdietan, eta nahi nuke lan hobea egin. Erronka handia daukat»
Izan ere, lau eta erdiko txapelketan sartuko zara datorren asteburuan. Zein izango da zure helburua?
Betiko filosofiarekin kantxaratuko naiz. Ea lehen partida irabazten dudan, gero ligaxkan hiru lehia bermatuta edukitzeko. Soilik behin sartu naiz lau eta erdiko finalerdietan, eta nahi nuke lan hobea egin. Erronka handia daukat. Agian, gehiegi derrigortu izan dut neure burua, uste baitut distantzia motzean aritzeko ezaugarriak baditudala. Neure burua zigortzeak asko mugatu nau; ea aurten aldatzen dudan joera.
Txapel horixe falta zaizu izar handien pare egoteko.
Askotan pentsatu izan dut hori. Buruz buru eta binaka txapeldun izanda, galanta litzateke lau eta erdian ere irabaztea, baina oso urrutik nago horretatik. Pilota albotik jotzen hobeto ikasi behar dut, eta badaukat zer hobetua. Dena den, aurten konfiantzaz gainezka iritsiko naiz txapelketara.