Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta ere Binakako Txapelketako finalaurrekoetan izango dira. Duela zenbait jardunalditatik sailkatuta daude Unai Laso eta Jon Ander Albisu, baina sasoi betean jarraitzen dute, eta, gaur Zabala eta Martijaren aurka lortu duten garaipenari esker (22-19), matematikoki sailkatu da Elordi-Zabaleta bikotea.
Ikusi gehiago
Partida gogorra izan da, gainera, pilotakada askokoa, Logroñoko Adarraga pilotalekuan (Espainia) jokatu dutena. Lasok eta Albisuk ez zuten garaipenaren beharrik, baina lehiatzera irten dira.
Markagailuan aurretik izan dira Zabala eta Martija (12-16), 17na berdindu duten arte. Aurrelari errioxarra izan da pilotaririk onena, baina azken tantoetan gehiago asmatu du Lasok.
Gaurko porrotaren ondorioz, Zabala-Martija bikoteak kanporaketa jokatu beharko du. Une honetan hirugarren dira sailkapen nagusian, eta, azken jardunaldian Artola eta Imazi irabazten badiete, postu horri eutsiko diote. Atzetik dituzte, seina punturekin, Larrazabal-Mariezkurrena II.a, Altuna III.a-Ezkurdia eta Jaka-Iztueta bikoteak.
Azken jardunaldira aukerarik gabe iritsi dira Artola eta Imaz, baita Peio Etxeberria eta Rezusta ere.